Mundua
BIDAIA HISTORIKOA
Iritsi da Kubara AEBtik abiatu den bidaiari-ontzia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ontzia bart abiatu zen Miamiko portutik, eta, besteak beste, Habanan, Cienfuegosen eta Santiagon egongo da. Duela 50 urte egin zen azken aldiz horren antzeko azken bidaia.
Ameriketako Estatu Batuetako eta Kuba arteko bidaia historiko hau egiten ari den bidaiari-ontzia, 'Adonia', bart abiatu zen Miamiko portutik Habanarantz. 50 urte baino gehiago igaro dira horrelako itsasontzi batek itsasbide hori azkenengoz egin zuenetik. Eguerdian iritsi da Habanako portura.
Bidaiari-ontziaren jabearen (Fathom, Carnival Corporation & plc konpainiaren filiala) eta El Nuevo Herald egunkariaren arabera, 600 bidaiari doaz ontzi horretan; horietako 25, jatorri kubatarreko estatubatuarrak.
Bidaiari-ontzia polemika artean atera zen bart Miamitik, izan ere, Kubak debekatuta zeukan jatorri kubatarra zutenek herrialdera itsasoz sartzea. Kubak apirilean kendu zuen debeku hori, eta jatorri kubatarreko 25 bidaiariak Habanara bidean daude. Debeku horrengatik, bidaia atzeratzeko arriskuan egon zen, baina, azkenean, jatorriagatik inor ez baztertzea erabaki zuten Kubako agintariek.
Aurreikusita bezala, gaur iritsi da 'Adonia' Habanara. Bidaiaren lehenengo etapa izango da honakoa, bidaiari-ontzia uhartean zehar ibiliko baita; Cienfuegosen eta Santiagon, besteak beste.
"Bidaiari-ontzia, Kubara! Egin ezazu historia!". Horrela iragarri du konpainiak bidaia historiko hau. Webean "bidaia ahaztezina" izango dela esanez saldu dute behin eta berriro, bidaia historikoa izango dela nabarmenduz.
Bidaiak 2.662 eta 8.767 euro arteko prezioa du, eta guztira astebete iraungo du. Egun horietan guztietan, lurreko ibilaldiak egiteko aukera ere izango dute.
Inaugurazio bidaia hau egin eta gero, hamabostean behin egingo dute Miami eta Kuba arteko bidaia hau, konpainiak berak iragarri duenez. Turismoa ikaragarri handitu da herrialde biek 2014ko abenduan harreman diplomatikoak berriz abiatzea adostu zutenetik.