13:07

Mundua

Eskandalua

'Panamako paperetako' izen-abizenak

EITB.EUS

Mundu osoko politikariak, kirolariak, artistak, enpresaburuak eta banketxeak ageri dira Mossack Fonseca abokatu-bulegoari ebatzitako dokumentuetan.

1:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Politikariak, gobernuburu eta estatuburuak, futbolariak, artistak eta enpresaburuak. Denetarik ageri da 'Panamako paperetan'. Zerrenda luzea azalarazi dute Panamako Mossack Fonseca abokatu-bulegoari ebatzitako filtrazio masiboan. Ehunka izen-abizen agertzen dira zerrendan. Denei zerga gutxiago ordaintzen lagundu ei zien bulegoak, 'offshore' konpainien bitartez. Nazioarteko Ikerketa Kazetarien Partzuergoak (ICIJ, ingelesez) eman du auzi horren berri, mundu mailako dozenaka egunkariren laguntzarekin.

Apirilaren hasieran eman ziren ezagutzera lehen izenak. Ordutik, eta hainbat astetan, zerrendan agertzen diren zenbait lagunen identitateak eman dira ezagutzera. Maiatzean egin dute publiko Panamako paperen datu basea.

Alemaniako Süddeutsche Zeitung egunkariak jasotako filtrazio baten bidez izan zuen Partzuergoak ustezko iruzurraren berri, eta ikerketa abiatu zuen. 200 herrialdetako lagunek erabilitako 214.000 'offshore' konpainia geratu dira agerian, eta 140 izen-abizen, susmopean.

Hauek dira paperetan agertutako izen-abizenetako batzuk:

Estatuburu, gobernuburuak eta politikariak

Mauricio Macri Argentinako presidentea. La Nacion egunkariaren arabera, presidentea eta aita eta anaiak Fleg Trading enpresako zuzendaritzan izan ziren. 1998an sortu zuten konpainia, Bahametan, eta 2009ra arte izan zen jardunean. Argentinako Presidentetzak oharra zabaldu du Macri konpainiako zuzendaritzan izan zela onartu baina akziodun izan ez zela zehazteko.

Petro Poroxenko Ukrainako presidentea.

Salman bin Abdulaziz Saudi Arabiako erregea.

Baxar al-Asad Siriako presidentea.

Muamar Gadafi Libiako presidente ohia.

Sigmundur Davio Gunnlaugsson Islandiako lehen ministroa.

Ayad Allawi Irakeko lehen ministro ohia.

John Key Zeelanda Berriko lehen ministroa

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiak bi pelikulen eskubideak erosi zizkien Erresuma Batuko Birjina uharteetan kokatutako sozietate bati, l'Espresso astekariaren arabera.

Jose Manuel Soria Espainiako jarduneko Industria ministroa eta PPren Kanarietako presidentea Bahametan erregistratutako UK Lines Limited offshore sozietatearen administratzailea izan zen 1992an. Mossak Fonseca abokatu-bulegoak 1992ko irailaren 3an erregistratu zuen UK Lines Limited sozietatea, Bahametan, Tomas Poggio, Mendez Fernandez de Lugo eta Jose Manuel Soriaren izenean. Bi hilabete geroago, 1992ko azaroan, baina, kendu egin zuten ministroaren izena administratzaileen zerrendatik, akats bat egon zela argudiatuta.

Rodrigo Rato Gobernuko presidenteorde ohia paperekin lotuta agertu da. Antza denez, Ekonomia ministro ohiak 3,6 milioi euro ezkutatzen zituzten bi sozietate itxi zituen. NDFko presidente ohia Finsbury Trust & Corporate Services Limited Gibraltarko abokatu-bulegoarekin lotuta agertzen da.

Mar Garcia Vaquero Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiaren egungo emaztea ere Mossack Fonseca bulegoaren bezero izan zen. Enpresaburuak kontu bat kudeatu zuen Suitzan, Niue zerga paradisuan zeukan beste sozietate baten bidez, betiere El Confidencial egunkariaren arabera. Hartan biak ez ziren bikote.

Donald Trump enpresaburu eta AEBetako hauteskundeetan hautagai errepublikano izateko aukera gehien duenaren abizenak lotura du zerga paradisuetan dauden eta Panamako Paperetan agertzen diren 32 enpresarekin

Agintarien gertukoak

Errusia: Sergei Roldugin Vladimir Putin Errusiako presidentearen lagun min eta orkestra zuzendaria. Arkady eta Boris Rotenberg anaiak, Putinen txikitako lagunak.

Txina: Deng Jiagui Xi Jinping Txinako presidentearen koinatuetako bat. Bo Xilai Merkataritza ministro ohia ere ageri da dokumentuetan.

Erresuma Batua: David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren aita: Ian Cameron. BBC telebista katearen eta The Guardian egunkariaren arabera, Cameronen aitak Panamako bulegoaren laguntza izan zuen Blairmore Holdings Inc. enpresaren jardunagatik zergak saihesteko. Michael Mates Ipar Irlandarako ministro ohia (1992-93), Michael Ashcroft eta Pamelas Sharples politikari kontserbadoreak ere zerrendan daude.

Venezuela: Adrian Jose Velasquez Figueroa Miraflores Presidentetza jauregian Segurtasuneko burua izandakoa. Seychelleetan kontua zabaldu omen zuen Velasquez Figueroak Maduro agintera heldu eta lau egunera.

Siria: Siriako presidentearen bi lehengusu: Rami eta Hafez Makhlouf.

Pakistan: Nawaz Sharif Pakistango lehen ministroaren hiru seme-alaba: Hussain, Maryam eta Hassan. Erresuma Batuko Birjina uharteetan kontuak zabaldu zituzten Londresen zituzten ondasunak kudeatzeko.

Espainiako errege familia: Pilar Borboikoa infanta, Juan Carlos I.a erregearen arreba eta Felipe VI.aren izekoa. La Sexta telebista katearen eta El Confidencial egunkariaren arabera, Borboikoak Delantera Financiera SA konpainia zuzendu zuen 40 urtez. 2014ko ekainean desegin zen enpresa, Felipe VI.a errege izendatu eta bost egunera.

Corinna zu Sayn-Wittgentstein Juan Carlos I.aren lagun eta Alemaniako printzesa ere Mossack Fonseca bulegoaren bezero izan zen. La Sexta telebista kateak zabaldu duenez, Birjina uharteetako sozietate bat saltzen saiatu zen Gibraltarko beste bat erabilita. Azkenean, baina, ez zen operaziorik izan.

Francoren oinordekoak: Espainiako diktadorearen birbilobetatik bik, Francisco eta Juan Jose Franco Suelves anaiek, bi 'offshore' izan zituzten Birjina uharteetan. 2012tik daude abian bi enpresok, eta Francis Franco aitaren arabera, "zerga egoera erregularizatuta dago jada".

Pujol sendia (Katalunia): Oleguer Pujol Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren seme-alabetako batek 'offshore' komisioak jaso zituen (13 milioi euro) Santander banketxearen hainbat bulego erosteagatik, El Confidencial-en arabera. Auzi horrengatik ikertzen ari dira Pujol, dirua zuritzea eta iruzurra egitea egotzita.

Frantzia: Fronte Nazionala eskuin muturreko alderdia ere susmopean jarri dute 'Panamako paperek'. Marine eta Jean-Marie Le Pen alderdiko presidente ohi eta egungo buruzagia ezkutuko kontuekin nahasita omen daude, Le Monde egunkariaren arabera. Nicolas Crochet, kontulari eta alderdiaren programa ekonomikoaren egilea, eta Frederic Chatillon enpresaburu eta Marine Le Penen lagun-mina ageri dira paperetan.

Palestina: Tarek Abas, Mahmud Abas Palestinako presidentearen semeetako bat, Arab Palestinian Investment Company konpainiaren inbertitzaileetako gisa agertzen da. Sozietate hori 1994an eratu zen Birjina uharteetan.

Kirol munduko pertsona ezagunak

Michel Platini UEFAko presidente izandakoa. Paperen arabera, Balney Enterprises Corp. konpainiaren kudeatzailea izan da Platini 2007tik.

Lionel Messi Bartzelona futbol taldeko jokalaria. Argentinarrak, Jorge Horacio Messi aitarekin batera, Panamako sozietate bat sortu ei zuen 2013an, futbolariaren irudi eskubideen irabaziak fakturatzeko, Ogasunari bizkar emanez.

Diego Forlan uruguaitarra zerrendan azaltzen diren beste izen berezietako bat da. Ivan Zamorano, Gabriel Heinze, Leonardo Ulloa eta Daniel Fonseca futbolariekin bat egiten du, hortaz.

Alex Criville pilotua Mossack Fonsecaren bezeroetako bat izan zen, El Confidencial eta La Sextaren arabera. Aitortu gabeko irudi eskubideengatik jasotako dirutza Pro Best Invest SA konpainiaren bidez kobratu ei zituen.

Reala ere nahastuta egon liteke, filtrazioaren arabera. Zazpi jokalari atzerritarri 'offshore' konpainien bidez ordaindu zietela zabaldu da. Filtrazioaren arabera, 2000 eta 2008 artean jokatu zuen horrela Realak, Panaman, Birjina uharteetan, Herbehereetan, Suitzan eta Jerseyn dauden enpresen eta bankuen bitartez. Talde zuri-urdinak filtrazioa ezagutu eta lau egunera ohar batean jakinarazi duenez, 2008an Gipuzkoako Ogasun Sailak egindako zerga azterketa batean "erregularizatu" zuen egoera. Ordudanik bere zerga betebeharrak betetzen dituela nabarmendu du Realak.

El Confidencial egunkarian jasotzen denez, Bartzelona taldeko presidente izan zen Jose Luis Nuñez eta haren familia ere nahasita omen daude, Erresuma Batuko Birjina uharteetan kokatutako bi sozietateren onuradunak baitziren.

Eufemiano Fuentes kirol arloko medikua eta dopin sare bat desegin zuen Puerto operazioko buruak ahalordeak izan zituen Birjina uharteetako elkarte batean.

Kultura, enpresa eta finantza mundua

Santander, BBVA eta Sabadell banketxeak. Espainiako banku nagusiek ezkutuko kontuak zabaltzen lagundu zieten euren bezero dirudunei, betiere Mossack Fonseca abokatu-bulegoak lagunduta. Santanderrek 118 sozietate sortu dituen; BBVAk, 19, eta Sabadellek, 10. Miguel Blesa Caja Madrid kutxako presidente ohiak ere loturaren bat omen du bulegoarekin.

Societe Generale (Frantzia), HSBC (Erresuma Batua) eta Credit Suisse eta UBS (Suitza). Frantziako banku nagusietakoak ia 1.000 enpresa (979, zehazki) sortu zituen paradisu fiskaletan, Le Monde egunkariaren arabera. HSBC britainiarrak 2.300 sozietate sortu zituen. Suitzako bi bankuk, Credit Suissek (1.105) eta UBSk (1.100), milaka bezero eman zioten Mossack Fonseca bulegoari.

Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren presidente ohia. Le Monde egunkariak jakinarazi duenez, inbertsio funts bat zuzendu zuen Strauss-Kahnek, eta horrekin, 31 enpresa sortu zituen hainbat paradisu fiskaletan (Seychelleak, Panama, Hong Kong eta Birjina uharteak).

Imanol Arias euskal aktoreak 1998an sortu zuen, Mossack Fonseca bulegoaren bitartez, Niue uhartean (Ozeano Barean dagoen paradisu fiskala) bi urtez izango zuen 'offshore' sozietatea. Ariasen izena 'Panamako paperak' ikusi dituen El Confidencial egunkariak jakinarazi du. Aktorearen bozeramaileak ohar batean jakinarazi duenez, "bere zerga betebehar guztiak bete ditu".

Pedro eta Agustin Almodovar Espainiako zinema zuzendari eta ekoizleak. Birjinia uharteetan erregistratutako Glen Valley Corporation enpresako kide izan ziren biak 1991 eta 1994 bitartean. Filtrazioaren berri eman eta gero, "Ogasunarekin kontuak garbi" dituztela jakinarazi dute biek.

Bertin Osborne aurkezleak 'offshore' sozietate bat jarri zuen martxan berriro 2015eko urrian, "En tu casa o en la mía" elkarrizketa saioa TVEn estreinatu eta hilabete bat geroago. Panamako Artistic Trading SA enpresa Espainiako Ogasunari azken ordainketak egiteko erabili zuela azaldu du abeslariak: 1,6 milioi euro.

Juan Luis Guerra Dominikar Errepublikako abeslari eta musikaria.

Emma Watson Erresuma Batuko aktorea, Harry Potterren filmetan Hermioneren papera egiten duena, Mossack Fonseca bulegoaren bezero izan zen, hedabide britainiarren arabera. Informazio horren arabera, Irla Birjinetan 'offhore' enpresa bat sortu zuen 26 urteko aktoreak 2013an; gerora Londresen etxea erosteko erabili zuen dirutza. Aktorearen bozeramaile batek azaldu duenez, asmoa ez zen iruzur egitea, bere anonimotasuna bermatzea baizik.

Mario Vargas Llosa idazle perutar eta Literatura Nobel sariduna ere ageri da paperetan, El Confidencial egunkariaren arabera. Idazleak 'offshore' sozietate bat erosi zion Mossack Fonseca abokatu bulegoari, bere emazte ohiarekin batera. Hilabete geroago desegin zuen enpresa, Nobela jaso baino lehen.

Domecq familia. El Confidencial egunkariaren eta La Sexta telebista katearen arabera, Micaela Domecq Miguel Arias Cañete (PP) Europarako komisarioaren emaztea, haren neba-arrebak, koinatua eta beste senitarteko batzuk ere ageri dira paperetan. Filtrazioaren arabera, Rinconada Investments Group enpresak Suitzan izan zituen lau kontu kudeatu zituzten Domecq familiakoek 2005 eta 2010 bitartean.

Valentino moda diseinatzaile italiarra. Diseinatzaile ezagunaren izena 'Panamako paperetan' ageri da, l'Espresso astekariaren arabera. Valentino Garavanik eta haren bazkide Giancarlo Giammettik bi sozietate izan dituzte Birjina uharteetan: Jarra Overseas eta Paramour Finance (azken hau 2013an desegin zuten).

Emma Watson aktore britainiarrak, 'Harry Potter'en pelikuletan ezagun egin denak, Irla Birjinetan 'offshore' konpainia bat ireki zuen, Erresuma Batuko hedabideen arabera. 26 urteko aktoreak Falling Leaves Limited konpainia erregistratu zuen 2013an. Daily Mail-en arabera, Londresen 2,8 milioi liberako (3,5 milioi euro) etxe bat erosteko erabili zuen konpainia hori.

Arte munduarekin loturak

Thyssen-Bornemisza familia ere (Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoaren funtsa horren bilduma pertsonalak osatzen du), Mossack Fonseca abokatu-bulegoko bezeroen artean agertzen dira, baita Marina Ruiz Picasso, Pablo Picasso pintorearen loba, ere, El Confidencialen arabera.

Horiekin batera, artaren esparruan nazioarteko beste bi familia entzutetsu ageri dira: siriar jatorria duen Nahmad familia, eta greziar jatorria duen Goulandris familia.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena