Mundua
Belgika
E.-G.-I.G. | eitb.eus
Aireportuko atentatuan ustez parte hartu duen gizonezko baten aurkako atxilotzeko agindua eman du Poliziak. 30etik gora dira hildakoak eta 200 inguru zaurituak.
Albisteak (6)
Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)
Izua izan da nagusi astearte honetan Bruselan. Atentatu-oldea izan da Zatenvem aireportuan eta Maelbeek metro geltokian, eta gutxienez 31 lagun hil eta 200dik gora zauritu dira, Fiskaltzak emandako balantzearen arabera.
Belgika alertan zegoen Parisko atentatuak jazo zirenetik, eta segurtasun neurriak zorroztu zituzten duela hiru egun Salah Abdeslam jihadista atxilotu zutenean. Tentsio isil hori 08:00ak aldera urratu da, Zaventem nazioarteko aireportuko irteeren hallean leherketa bat jazo denean. Handik gutxira gertatu da bigarrena. Fiskaltzaren arabera, 11 lagun hil dira eta 94 zauritu eta "atentatu suizida" izan da, erantsi du.
Handik ordubetera, 09:00ak aldera, beste leherketa bat izan da Brusela erdigunean dagoen Maelbeek metro geltokian. 20 dira han hildakoak eta 106 zauritutakoak (17 larri daude), Fiskaltzaren arabera.
Gainera, Belgikako Fiskaltzak eguerdi aldera baieztatu duenez, hiru leherketak atentatu terroristak izan dira. Aurrez, alerta maila gorenera (4. mailara) igo dute herrialde osoan.
Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu Bruselako atentatuak, SITE jihadismoaren gaineko informazioa jasotzen duen web guneak plazaratu duenez.
Amaq Estatu Islamikoari lotutako albiste agentziak ohar bat zabaldu du eta, horren arabera, EI izan da Bruselako atentatuen egilea.
Susmagarri bat bilatu eta atxilotzeko agindua
Zaventem aireportuko atentatuetan parte hartu duten bi pertsona kamikazeak izan dira "seguruenik", eta hirugarrenak ihes egin omen du eta "bilatzen ari dira", esan du Frederic Van Leeuw fiskal federalaren arabera.
Fiskalak agerraldia egin du, Charles Michel lehen ministroarekin eta beste hainbat agintarirekin batera, Segurtasun Kontseilu nazionaleko bileran izan eta gero.
Polizia belgiarrak bilatu eta atxilotzeko agindua eman du, Zaventem aireportuko atentatuen ustezko terrorista baten kontra.
#TERRORISME Wie herkent deze man? https://t.co/OUNDuQ1OBj pic.twitter.com/2xbSZ9NTu0
? Opsporingsberichten (@politie_zoekt) 22 de marzo de 2016
Egon gaitezen lasai, eta mesedez, ez mugitu
Charles Michel Belgikako lehen ministroaren hitzetan, herrialdea "une latzean" dago. "Lagun ugari hil dira, zauritutakoak ere asko dira, eta horietako batzuk larri daude". Gertatutakoak gertatuta ere, "lasai egoteko" eskatu die herritarrei.
"Atentatu itsu, bortitz eta koldarrak dira. Biktimen familiekin gaude, ezer baino lehen", esan du Belgikako Gobernuko ministro andanarekin eta fiskalarekin batera eskainitako prentsaurrekoan.
Michelen hitzetan, lehentasuna biktimak artatzea da, baina era berean, segurtasun neurri "gehiago" hartuko dituztela iragarri du, batez ere garraio sisteman. Izan ere, Bruselako garraio publiko sarea guztia etenda egon da, eta erasoen ondotik sortutako krisialdi mahaiak dauden tokitik ez mugitzeko gomendioa eman die herritarrei. Edonola ere, 16:30ak aldera metroaren hainbat linea martxan jarri dituzte berriz. Michelek, bide batez, prentsaurrekoa hasi baino lehen eta atentatuen harira propio sortutako telefono zenbakia jakinarazi du: 1771.
Horren harira, Espainiako Atzerri Ministerioak bi telefono zenbaki jarri ditu Bruselako atentatuen gaineko informazioa jaso nahi dutenen eskura: Kontsularen Madrilgo Larrialdi Unitatearen telefonoa (913948900) eta Espainiak Bruselan duen Kontsulatuaren Larrialdi telefonoa (+32 2 509 87 46).
Bestalde, Espainiak Belgikan duen enbaxadak beste bi telefono zenbaki aipatu ditu: Centre de Crise (02-5064511) eta Endroits concernés (02-5064711)
Poliziak hainbat miaketa egin ditu, abiarazi dituen bi operazioen baitan. Argazkia: EFE
Bi eztanda Zaventemen
"Bi leherketa izan dira aireportuan. Eraikina hustu egin dugu. Ez etorri aireportu ingurura", zabaldu du 08:40an Zaventemeko aireportuak Twitter bidez.
There have been 2 explosions at the airport. Building is being evacuated. Don't come to the airport area.
? Brussels Airport (@BrusselsAirport) 22 de marzo de 2016
Une horretatik aurrera, zorigaitza eta zoramena nagusitu dira. Aireportua hustu egin dute, tentsio betean. "Erregistroa egiteko zain nengoela, eztanda bat entzun dut. Kea ikusi dut, eta jendea korrika. Handik gutxira, beste leherketa bat izan da, hurbilago", kontatu du lekuko batek. "Beldurra nagusitu da aireportuan. Jendeak maletak utzi ditu", erantsi du.
Lekukoen arabera, hainbat tiro eta arabieraz egindako oihuak entzun dira leherketak gertatu baino lehen.
Gaurko iragarrita zeuden hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte. Aireportuak telefono bana jarri du eztandak izan diren unean bertan zeuden lagunengatik galdetu nahi dutenentzat: (0032) (0)2/753 73 00.
BIDEOA Leherketaren osteko lehen uneak Bruselako aireportuan: https://t.co/rbyOewkdk2 pic.twitter.com/MuE3nA0eR7
? EiTB Albisteak (@eitbAlbisteak) 22 de marzo de 2016
Atentatua Europako auzoaren bihotzean
Lehen bi leherketen ondorio lazgarriak baieztatzeke zirela, beste eztanda baten berri eman du Belgikako garraio publikoaren konpainiak 09:11 zirenean. Jakinarazi duenez, Maelbeek metro geltokian, Arts Loi noranzkoan, "geldituta" zegoen tren batean eztanda izan da.
Brusela erdialdean, Europako erakundeen egoitzetatik gertu dago Maelbeek. Han daude Europar Batzordeko eta Kontseiluko egoitzak eta Europako Parlamentua. Geltokia hustu dute, eta metroaren zerbitzua bertan behera geratu da hiri osoan. Gerora, segurtasun eremua zabaldu dute, bigarren bonba bat egon zitekeelakoan.
Kalean bertan artatu dituzte biktimak:
BIDEOA Bruselako metroko leherketan zauritutako asko, kalean artatu dituzte: https://t.co/jtZjJAsScm pic.twitter.com/tVC8OEoeHA
? EiTB Albisteak (@eitbAlbisteak) 22 de marzo de 2016
Odola emateko eskatu diete hiritarrei
Bestalde, Ospitaleek alerta plana abiarazi dute eta langile guztiak mugiarazi dituzte joatekoak diren eriak artatu ahal izateko.
Gainera, krisi taldea eratu da, egoera orduro aztertzeko asmoz.
Era berean, ospitaleek odola emateko eskatu diete hiritarrei, espero den beharrei erantzuteko moduan egoteko.
Lehergailu bat aurkitu dute etxebizitza batean
Ondoren, arratsaldean, Poliziak lehergailu bat eta gai kimikoak topatu ditu Schaerbeek auzoan egindako miaketa batean, Bruselako atentatuen ostean abiatutako operatibo bereziaren baitan, esan du Fiskaltza federalak.
Miaketetan, segurtasun indarrek Estatu Islamikoaren bandera bat ere topatu dute.
Gainera, Fiskaltzak zehaztu egin du hainbat osagai aurkitu dituztela lehergailuari erantsita, esaterako, iltzeak.
Era berean, hainbat miaketa egiten ari dira "herrialdeko zenbait lekutan" eta Polizia galdeketak egiten ari da, Fiskaltzaren arabera, baina ez dute zehaztasun gehiagorik eman nahi izan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa