08:34

Mundua

PRIMARIOAK IOWAN

Cruzek aurrea hartu dio Trumpi, eta Clinton eta Sanders berdinduta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Cruz errepublikanoa izan da garaile nagusia, Donald Trumpi irabazita. Berehala atera da jarraitzaileen aurrera, garaipena ospatzera, eta 'kontserbadore ausarten' botoak jaso dituela esan du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ted Cruz (% 28) senataria izan da Iowako 'caucus'etako garailea, Etxe Zuriko Presidentetzarako lasterketaren hasieran. Hautagai errepublikanoak aurrea hartu dio Donald Trumpi (% 24), inkestek aurreikusitakoaren kontra. Demokraten bandoan, berriz, botoen % 95 zenbatuta, berdinketa teknikoa izan da Hillary Clinton eta Bernie Sanders hautagaien artean.

Iowakoak dira AEBetako presidente izateko lehia honetan egin diren lehen 'caucus' edo eztabaida politikoak: Barack Obama presidenteak 2017ko urtarrilean utziko du kargua, aurten azaroaren 8an egingo diren hauteskundeetako irabazleari lekukoa utzita.

Oraingoz, garaipena ospatu duen bakarra Cruz izan da. Berehala atera da, Des Moines hirian, jarraitzaileen aurrera, eskerrak ematera. "Kontserbadore ausarten botoak jaso ditugu. Obamaren agintaldiari amaiera emateko ordua da", esan du.

Lehendabiziko 'caucus'ean izandako parte-hartzea nabarmendu du Cruzek.

Dena dela, irabazlea Cruz izan den arren, ezusteko handiena Marco Rubio hautagai errepublikanoak eman du, botoen % 23 eskuratuta. Mike Huckabee hautagaiak, berriz, erretiratu egingo dela iragarri du, boto-emaileen % 2ren babesa bakarrik jaso ondoren.

Demokratak, berdinduta

Demokraten 'caucus'etan, berriz, Clintonek eta Sundarsek berdinketa teknikoa lortu dute, botoen % 95 zenbatuta.

Emaitzak jakin orduko, Washingtonen "gauzak ondo egingo" dituela esan du Clintonek: "Etxe Zurira heltzen garenean, herritar guztien eskubideak defendatuko ditugu; langileenak, etorkinenak, emakumeenak eta homosexualenak".

"Sandersekin berriro eztabaidatzeko irrikan nago", gaineratu du. Oraingoz, New Hampshiren dute hurrengo hitzordua, eta, inkesten arabera, Sanders izango da garaile 'caucus' horietan.

Ordu batzuk geroago, Iowako 'caucus'en irabazletzat jo du bere burua Clintonek. Botoen % 49,9 lortu du, Sandersek baino lau hamarren gehiago. Alderdi Demokratak aitortu duenez, "Iowako 'causus'etan inoiz izandako emaitza estuenak izan dira hauek".

Lortutako emaitzarekin pozik eta itxaropentsu atera da Sanders jarraitzaileen aurrera: "AEBetako talde politiko indartsuena dugu parez pare, eta berdinduta gaude". Berdinketa garaipentzat jo du hautagai demokratak.

Bi milioi herritar zeuden botoa ematera deituta Iowan, eta, orotara, 1.700 eskola, kiroldegi eta eliza egokitu dituzte hauteslekuak jartzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena