Mundua
Nazioarteko Diru Funtsa
Agentziak | Erredakzioa
Ekonomia ministroa zenean Frantziak Bernard Tapie enpresaburuari ia 404 milioi euroko kalte-ordaina eman zion. NDFko zuzendariak funts publikoak ustez “zabarkeriaz” kudeatu zituen.
Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) zuzendaria. Argazkia: EFE
Christine Lagarde Ekonomia ministroa zenean Frantziako Estatuak Bernard Tapie enpresaburuari ia 404 milioi euroko kalte-ordaina eman zion, 2007an. NDFko zuzendariak funts publikoak ustez “zabarkeriaz” kudeatu zituen eta erruztatuen aulkian eseriko da.
Lagarde 2014ko abuztuan inputatu zuten. Kalte-ordainaren esleipenean ustelkeria izan ote zen ebazteko ikerketa abian jarri zuten Frantzian. Adidas enpresa 90eko hamarkadan saldu zutenean jaso zuen kalte-ordaina Tapiek.
Frantziako Fiskaltzak auzia atzera botatzeko eskatu zion Errepublikako Gorte Gorenari iragan irailean, baina Auzitegi horrek epaiketaren alde egin du, i-Tele telebistak jakitera eman duenez.
Ministro ohiaren ahotan, erabakia “ulertzen zaila” da. Helegitea aurkeztuko duela iragarri du Lagardek agiri batean. Beti Estatuaren mesederako lan egin eta legea errespetatu duela defendatu du buruzagiak. “Inputatzeko kargurik ez dago”, esan du.
Adidasen salmenta
Credit Lyonnaisek (orduan banku publikoa) Adidas Frantziako Estatuaren izenean saldu zuen 1993an. Konpainiaren jabetza Tapieri kendu zion Estatuak.
Enpresaren balioa handiagoa zela eta Estatuak balio horren azpitik erosi ziola iritzita enpresaburuak auzitegietara jo zuen urte batzuk geroago. Auziak bi hamarkada eman zituen epaitegietan, eta azkenean auzitegi pribatu batek ebatzi zuen Nicolas Sarkozy kontserbadorea presidente zenean. Bitartekaritza pribatura jotzea Lagardek erabaki zuen, Ekonomia ministroa zenean.
Epaitegi pribatu horren izendapena Tapieri mesede egiteko izan zela uste dute Errepublikako Justizia Gorteko magistratuek.
Ia 404 milioi euroak bueltatzeko eskatu zion Frantziako Justiziak Tapieri abenduaren 3an, iragan otsailean Gorenak auzitegi pribatuaren ebazpena bertan behera utzi ondoren.
Urtebeteko espetxe-zigorra eta 15.000 euroko isuna
Iaz inputazioaren berri eman zutenean, dimisioa emango ez zuela iragarri zuen Lagardek, eta NDFk babesa eman zion.
Erruduna dela baieztatzen baldin bada, Lagarderi urtebeteko kartzela-zigorra eta 15.000 euroko isuna ezar diezaiokete.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa