10:45

Mundua

Klima-aldaketa

Obamak aitortu egin du AEBren erantzukizuna klima aldaketaren aurrean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko akordioa lortzen ahaleginduko dira 200 herrialde inguru. Helburua itun bat adostea da, mende bukaeran planetaren tenperatura ez dadin bi gradu baino gehiago igo.

1:22
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko akordioa lortzen ahaleginduko dira mundu osoko 200 herrialde inguru gaurtik abenduaren 11ra bitartean, Parisen. Helburua itun bat adostea da, mendearen bukaeran planetaren tenperatura ez dadin bi gradu baino gehiago igo.

Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundeko aditu-taldearen esanetan, tenperatura bi gradu baino gehiago igotzen bada, gizakiak eragindako aldaketaren ondorioak katastrofikoak eta atzeraezinak izango dira Lurrarentzat. Hauek dira Parisko klima-aldaketari buruzko goi-bilera ulertzeko gakoak.

COP21 goi-bilerako parte-hartzaileek minutu bateko isilunea egin dute goi-bilera abiatzeko ekitaldiaren hasieran, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak eskatuta, terrorismoaren biktimak gogoan.

“Munduak ez dio inoiz horren erronka handiari aurre egin”, esan du Francois Hollande Frantziako presidenteak; izan ere, “bizitzaren eta Lurraren etorkizuna dago jokoan”. “Datozen belaunaldien etorkizuna eskuetan” dutela esan die Ban Ki-moonek ordezkariei. Hala, Pariskoa “mugarria” izateko “ausardia eta malgutasuna” eskatu du.

Barack Obama AEBko presidenteak adierazi duenez, mundua "norabide aldaketa" garaian dago, "hauxe" baita "gure planeta salbatzea erabaki genuen unea".

Estatubatuar agintariak aitortu egin du AEBk klima aldaketaren aurrean izan duen "erantzukizuna", munduko ekonomia handiena baita, eta berotegi efektua eragiten duten gasen bigarren ekoizlea. Horregatik, "zerbait egiteko erantzukizuna" ere onartu du.

"Klima aldaketaren ondorioak ikusi dituen lehen belaunaldia gara, eta zerbait egin dezakeen azkena", ohartarazi du.

rajoy paris klima aldaketa goi bilera efe

Mariano Rajoy, Parisko goi-bileran. Argazkia: Efe

Rajoyk klima aldaketaren legea hitzeman du

Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak esan du datorren legegintzaldian presidente izaten jarraitzen badu, klima aldaketaren legea onartuko duela, alor horretako erabakiei koherentzia emateko, eta emisioak murrizteko laguntzak handituko dituela.

Rajoyk prentsaurreko batean eman du horren berri, Parisko goi-bileraren barruan.

2020tik aurrera ere klima aldaketari aurre egiten jarraitzeko borondatea duela jakinarazi du, emisioak 2030erako 1990ean baino % 40 txikiagoak izateko konpromisoa hartu baitu EBko estatu kideekin batera.

Era berean, lege berriak klima aldaketaren kontrako konpromisoak jasoko omen ditu, tartean ekonomiari "ikatza kentzea" eta, bereziki, isurien murrizketa, energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarriak.

Zerga alorrean, ez du zerga berririk ezarriko, baina guztiak armonizatzen saiatuko da, bai erkidegoetakoak, bai Estatuaren administrazioarenak.

Azken batean, Rajoyk azaldu duenez, programa eta ekintza guztiak koordinatu nahi ditu energiaren eraginkortasunari begira, bereziki garraioan, eraikuntzan eta argiztapen publikoan.

Akordio "loteslea"

Pablo Saavedra Espainiako Ingurumeneko estatu-idazkariak azaldu duenez, Europar Batasunak akordioa “loteslea” izatea nahi du. Saavedraren hitzetan, 2020an indarrean sartu baino lehen, gas kutsatzaileen murrizketak 2018an “berriz aztertzeko” aukera izatea nahi dute Espainiak eta EBk. “Paris abiapuntua da”, adierazi du.

Horregatik, negoziazioa “oso zaila” izango dela iragarri du. “Borondate soil bat” agertzea baino, herrialde guztiek isuriak murrizteko helburuak ezarri behar dituztela uste du Saavedrak, eta hori “oztopo nagusia” izan daitekeela gaineratu du.

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa efe

Francois Hollande Frantziako presidenteak Shinzo Abe Japoniako homologoa hartu du. Argazkia: EFE

“Iraganeko porrotak” alde batera utzi behar direla azpimarratu du estatu-idazkariak, gaurko testuingurua “aldekoa” delako. Zientziaren “irmotasuna” eta IPCCren azken txostenak gogorarazi ditu Saavedrak. Azterketek ez dute “zalantzarik” izateko aukerarik uzten, erantsi du Espainiako ordezkariak.

Valvanera Ulargui Klima Aldaketarako Espainiako Bulegoaren zuzendariak nabarmendu duenez, negoziaziorako testuak 51 orrialde ditu. Atsedenik gabe lehen egunetik negoziatuko dutela agindu du. Negoziatzeko egonaldia luzatzeko prest daudela goraipatu du Valvanerak.

147 estatuburu eta gobernuburu eta segurtasun dispositibo ikaragarria

Guztira, mundu osoko 147 estatuburu eta gobernuburu elkartuko dira Parisen, Mariano Rajoy eta François Hollande Espainiako eta Frantziako presidenteak tartean. Azaroaren 13ko Parisko atentatuak direla eta, eta hainbat estatuburu eta gobernuburu bertan daudenez, segurtasun neurriak are gehiago handitu dituzte Parisen.

Estatuburuak eta gobernuburuak babesteko, 2.800 polizia eta jendarme (15.600, eskualde osoan) zabaldu dituzte, eta horiei Nazio Batuen Erakundeko segurtasun-agenteak eta agintari bakoitzak berekin eramango dituen segurtasun-langileak gehitu behar zaizkie.

Autoa eta, ahal den neurrian, garraio publikoa ez erabiltzea eskatu diete Frantziako agintariek herritarrei. Gainera, hiriko bi aireportu nagusiak (Charles de Gaulle eta Orly) Le Bourgeten lotzen dituen errepide nagusiak ordezkaritza ofizialentzat erreserbatuta egongo dira. Horrez gain, eta Parisko atentatuak izan zirenetik Frantzian ezarrita dagoen larrialdi egoera tarteko, manifestazioak eta mobilizazioak debekatuta daude.

Parisko goi-bilerak mundu osoko herrialdeen arteko borondateak eta marra gorriak bateratzea eta beto saiakerak eragoztea lortu nahi omen du goi-bilerak. Ildo horretan, negutegi efektua eragiten duten gas isuriak murrizteko konpromisoa hartu dute mundu osoko 183 herrialdek.

Inoiz ez da horren aldeko egoera politikorik izan aldaketa klimatikoaren inguruan ituna lortzeko : Txinak eta AEBk beroketaren aurka borrokatzeko akordioa hitzartu dute, eta G7ko herrialdeek adierazpen bat igorri dute 2100. urterako erregai fosilak ustiatzeari uzteko. Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroa itxaropentsu agertu da: "Egutegia ez da inoiz hain aldekoa izan, eta inoiz ez dute horrenbeste estatuburuk eta gobernuburuk akordioa lortzeko borondaterik agertu".

Obama klima-aldaketari aurre egitearen alde agertu da, baina Senatuan eta Kongresuan ez du gehiengorik. Bestalde, Txina eta India ekonomia azaleratu berriek, nahiz eta CO2 isurle nagusiak izan, hazten jarraitu nahi dute, eta munduko beste ekonomiek aurretik egin bezala, kutsatzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Aurrekari negargarriak

Kopenhageko Klima-aldaketaren Konferentzian, 2009an, behin betiko akordio bat lortzea espero zuten, baina adostasun bakarra “porrota” izan zela onartzea izan zen. 2015ean behin betiko akordio batera heltzeko konpromisoa hartu zuten, 2020an indarrean sartzeko. Kyotoko Protokoloa luzatzea erabaki zuten, baina Kanada eta Japonia akordiotik kanpo geratu ziren.

2015ean zehar eta Parisko hitzordua izan baino lehen, klima-aldaketa gelditzeko konpromisoak mahai gainean jarriko zituztela adostu zuten Liman, 2014an. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak konferentzia antolatu zuen aurten, irailean, Parisko negoziazioak bultzatzeko.

Aste honetan bertan Nazioarteko Meteorologia Erakundeak argitaratutako txosten baten arabera, baliteke 2015a inoizko urterik "beroena" izatea, eta azken bosturtekoa beroena izan dela baieztatu du.

Gizarte mugimenduek eta gobernuz kanpoko erakundeek ‘Klimaren Mundu Martxa’ antolatu dute munduko 1.000 hiritan. Parisen, baina, segurtasun-neurriak direla eta, ezingo dute egin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena