10:28

Mundua

Atentatuak Parisen

Rajoy: 'Min egin ahal digute, baina ez gaituzte garaituko'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Frantziako presidentearen hitzetan, "Armada terrorista batek egindako gerra-erasoa izan da", eta "Estatu Islamikoaren basakeriaren aurrean zorrotz" arituko direla ohartarazi du.

4:31
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen hitzetan, "gaur guztiok gara Frantzia". "Terroristek min egin ahal digute, baina ez gaituzte garaituko", esan du, Paris astindu duen atentatu-oldea dela eta Moncloa jauregian eskaini duen prentsaurrekoan.

MARIANO RAJOY EFERajoyk nabarmendu duenez, "terroreak ez du inoiz Europa mendean hartu", eta demokratek eutsi egingo diote horri, "izugarrikeria terroristaren aurka borrokatzeko".

Gobernuko presidentearen iritzian, "ez dago atzo Parisen jazotakoa zuritu dezakeen arrazoirik". "Ez gaude erlijio-gerra baten aurrean, zibilizazio- eta izugarrikeria-borroka baten aurrean baizik", azaldu du.

"Bizitza, askatasuna eta gizarte irekia defendatzen ditugunok minduta eta mehatxupean sentitzen gara, mendeetan eraikitako gure bizitza-eredua suntsitu nahi baitute", esan du Rajoyk. "Baina borroka horretan garaile aterako gara, ez gaituzte garaituko. Inoiz ez diegu gure askatasunari, eskubideei eta bizitza-ereduari uko egingo", azpimarratu du.

"Gaur guztiok gara Frantzia", esan du. Azkenik, terrorismoaren mina zer den espainiarrek ere badakitela nabarmendu du Espainiako Gobernuko presidenteak, "geure larrutan bizi izan baitugu".

Gobernuburu espainiarrak iragarri duenez, Frantziako presidentearekin hitz egingo du gaur, Espainiaren laguntza eskaintzeko asmoz. "Laguntza osoa eskainiko diogu", esan du. "Frantziaren ondoan egongo gara, ez bakarrik minean, baita min hori eragin dutenen aurkako borrokan ere".

Rajoyk Manuel Valls Frantziako lehen ministroarekin hitz egin du bart, eta gaur buruzagi politiko espainiarrekin egingo du, Pedro Sanchez oposizioko buruarekin, besteak beste.

Pedro Sanchez (PSOE)

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Gobernuko Presidentetzarako hautagaiak gogor gaitzetsi ditu Parisko atentatuak. "Gure segurtasunerako mehatxurik handiena da terrorismo jihadista", esan du sozialisten buruak. "ETA garaitzeko orduan guztiok erakutsitako batasunak terrorismo jihadista ere garaitzen lagunduko digu", gaineratu du.

"Demokrata guztiek terrorismoaren aurka erakutsitako ausardia, eta lurralde- eta ideologia-mugarik ezagutzen ez duen batasuna" azpimarratu ditu Sanchezek. "Min eragin ahal digute, Frantziako mina guztion mina da, baina inoiz ez dute herri askearen eta batuaren borondatea mendean hartuko", esan du.

Frantzia

François Hollanderen esanetan, "Armada terrorista batek egindako gerra-erasoa izan da", baina "Estatu Islamikoaren basakeriaren aurrean zorrotz arituko gara, Frantzian bertan eta kanpoan". "Gerra-eraso hori kanpotik prestatu dute, baina herrialdearen barnealdean konplizeak izan ditu", esan du. Horren aurrean, "segurtasun-dispositibo guztiak berrindartu ditugu", gaineratu du.

Bart izan diren atentatuak direla eta, hiru dolu-egun ezarri ditu Hollandek, eta astelehenean Parlamentuan egongo dela iragarri du, Gobernuak horri aurre egiteko hartuko dituen neurrien berri emateko.

François Hollande, atentados Paris, Parisko atentatuak, EFE

"Aurrekaririk ez duen eraso terrorista" izan dela salatu du gauerdi aldera Hollandek. "Izugarrikeria da", esan du, eta segurtasun-indarrak mobilizatu dituztela iragarri du, "terroristak mendean hartzeko" eta Paris osoan segurtasuna bermatzeko.

"Terrorearen aurrean, Frantzia indartsua eta handia izan behar da", esan du, batasun nazionalerako deia eginda. "Gu beldur izatea nahi dute terroristek, baina geure burua defendatuko dugu", adierazi du.

Alemania

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak "atsekabea" erakutsi du Parisko atentatuak direla eta, eta "guztion aurkako erasoak" direla gaineratu du. "Erantzun bateratua eta ausarta eman behar dugu", esan du.

MERKEL Komunikabideen aurrean egindako agerraldian Merkelek iragarri duenez, Gobernuko hainbat kiderekin batzartuko da gaur, "egoera aztertzeko eta beharrezko neurri guztiak hartzeko".

"Orain inoiz baino gehiago defendatu behar ditugu gure baloreak; gure bizitza- eta askatasun-eredua terrorea baino indartsuagoa da", esan du.

"Gaur malko artean gogoratzen ditugunak, bart hil dituztenak, kafetegietan, jatetxeetan, kontzertu-areto batean, kalean zeudela hil dituzte", nabarmendu du. "Bizitza gozatu besterik ez zuten nahi, eta terroristekin topo egin dute".

Erresuma Batua

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren iritzian, Parisko atentatuen egileak "basatiak eta munstroak dira". Downing Streeteko egoitzan egindako agerraldi publikoan Cameronek elkartasuna adierazi dio Frantziako herrialdeari, eta hildakoen artean britainiarrak izan daitezkeela iragarri du.

Cameronek azaldu duenez, mehatxu terroristagatik Erresuma Batuan ezarritako alerta-maila "zorrotza" da, altuenen artean bigarrena, eta horrek esan nahi du balitekeela atentaturen bat izatea.

Erresuma Batuko lehen ministroak azpimarratu duenez, garrantzitsuena da "batasunari eustea, terroristek gu zatitzea nahi dutelako". "Bigarren Mundu Gerraz geroztik Frantzian izandako indarkeria-ekintzarik larriena da Parisen jazotakoa, azken 10 urtetan Europan bizi izandako atentatu terroristarik handiena", nabarmendu du.

Italia

Matteo Renzi Italiako lehen ministroak baieztatu duenez, segurtasun-neurriak areagotu dituzte Parisen izandako atentatuen ondorioz. "Gure bizimoduari eraso egiten ari dira", salatu du Renzik.

Frantziako agintariekin elkarlanean ari direla baieztatu du. "Frantziari eraso diote, baina gizateria osoari ere eraso egin diote", gaineratu du, eta "elkartasun osoa" adierazi die frantziarrei.

Frantzisko aita santua

Aita santuak "sendo" gaitzetsi ditu Parisen izandako atentatuak, eta "indarkeriak ez du ezer konpontzen" gaineratu du. Aita santuak Andre Vingt-Trois Parisko artzapezpikuari bidalitako mezu baten bidez esan duenez, "bat egiten dugu senideen dramarekin eta Frantziako herritar guztien minarekin".

Ameriketako Estatu Batuak

Barack Obama AEBko presidenteak doluminak eman dizkio François Hollande Frantziako presidenteari bart izandako atentatuengatik, eta Washingtonen "erabateko babesa" eskaini dio Frantziako herriari, The Washington Post kazetak jaso duenez.

Obamak telefonoz deitu dio goizaldean Hollanderi, "Frantziako herriari eskainitako babes sendoa" berresteko, "aspaldiko lagunak eta aliatuak" baitira biak. "Egin beharrekoa egingo dugu Frantziarekin eta gainerako herrialdeekin bat egin, eta terroristak Justiziaren aurrera eramateko", nabarmendu du Obamak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena