Mundua
ERREFUXIATUEN KRISIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Batzordeak, hamar estatukideek, Mazedoniak, Serbiak eta Albaniak, bart, Bruselan, hartutako neurrietako bat da. Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko 17 neurri adostu dituzte.
Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko neurri sorta adostu dute Europako Batzordeak eta Balkanetako herrialdeek. Gobernuen aldebakarreko erabakiak ekiditea eta errefuxiatuen etorrera kontrolatzea dira helburu nagusiak. Gaur goizaldean amaitu dute bilera agintari europarrek, Bruselan.
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak deituta egin dute ezohiko bilera. Horren hitzetan, bilerak hiru erronka nagusiri aurre egiteko balio izan du: errefuxiatuei aterpea eta tratu duina ematea, errefuxiatuen oldeari elkarrekin aurre egitea eta mugetako kontrolak zorroztea.
17 neurri jasotzen dituen agiri bat izenpetu dute Alemaniak, Austriak, Hungariak, Greziak, Esloveniak, Kroaziak, Bulgariaz, Errumaniak, Mazedoniak, Serbiak, Albaniak, Holandak eta Luxemburgek. Besteak beste, Balkanetako eta Greziako aterpe guneetan 100.000 errefuxiatu gehiago hartzeko konpromisoa hartu dute.
Junckerrek zehaztu duenez, urtea amaitu bitartean 50.000 errefuxiatu hartuko ditu Greziak. Horretarako, Nazio Batuen Errefuxiatuen Agentziaren eta gainerako herrialdeen laguntza izango dute greziarrek.
Bestalde, beste 50.000 errefuxiatu hartzeko guneak sortzeko plana ezarriko dute Balkanetan. Nazio Batuen Errefuxiatuen Agentziak agindu du eginkizun horretan ere, bitartekoak jarriko dituela.
"Plaza berriak zehaztuta, errefuxiatuak hartzeko plana abian jartzeko prest gaude. Errefuxiatuak Europan modu egoki batean banatzeko pauso kualitatibo garrantzitsua da gaurkoa", esan du Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak.
Europara bidean doazenen bidea "kaotikoa ez izatea" eta pertsona horien bizi-baldintza duinak bermatzea dira, Antonio Guterres Errefuxiatuen babeserako Nazio Batuen goi-komisarioaren iritzian, bermatu beharreko gutxieneko urratsak. Pertsona horien bizitza ezin dela arriskuan jarri, eta trafikatzaileen sareek errefuxiatuen egoeraren jabe ez egitea lortu behar dela esan du Guterresek.
Mugen kontrolari dagokionean, eta Schengeneko tratuak jasotzen duena babeste aldera, Grezia eta Mazedonia eta Albania eta Serbia arteko mugetan kontrola zorroztea erabaki dute, baina betiere, Atzerriko Mugetarako Europako Agentziarekin elkarlanean.
Besteak beste, Eslovenia eta Kroazia arteko mugan 400 polizia gehiago jartzea adostu dute, errefuxiatuen oldea kontrolatzeko. Azken hamar egunotan, jada, 60.000 iritsi dira muga horretara, ihesean.
Akordioa erdietsi duten arrean, agintarien arteko ika-mika ere egon da Bruselako bileran; EBko kide ia guztiek Greziaren kudeaketa kritikatu dute, Turkiatik heltzen zaizkion errefuxiatuak modu zuzenean ez antolatzeagatik. Atenasek, berriz, Ankarari bota dio errua.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa