Mundua
Indarkeria Ekialde Hurbilean
Israelek auzo arabiar batzuk itxi ditu Jerusalemen
Agentziak | Erredakzioa
Poliziari laguntzeko agindu dio Netanyahuren Gobernuak Armadari. Gainera, erasoak egiten dituztenen ondasunak konfiskatuko dituzte, eta bertan bizitzeko baimena kenduko diete.
Azken bi asteetako eraso-oldeari aurre egiteko salbuespenezko neurri-sorta hartu du Israelgo Gobernuak. Besteak beste, auzo “problematikoak” ixteko agindua eman du. Gainera, Poliziari laguntzeko agindua eman dio Armadari, goizaldean iragarri duenez.
Benjamin Netanyahuren Gobernuak premiazko bilera egin zuen atzo egoera aztertzeko. Exekutiboaren bulegoak goizaldean igorri duen agiriaren arabera, “Jerusalemen tirabira edo zirikatze zentroak inguratzeko edo ixteko baimena” eman dio Gobernuak Poliziari.
“Terroristen etxeak behera botatzeaz gain”, ez dute beste ezer eraikitzeko baimenik emango, erasotzaileek atzera egin dezaten. Halaber, erasoak egiten dituztenen ondasunak konfiskatuko dituzte, eta bertan bizitzeko baimena kenduko diete. Neurriak Ekialdeko Jerusalemen izango du eragin handiena. Bertako bizilagunek ez dute Israelgo nazionalitatea, baina bai bertan bizitzeko baimena.
Istiluak Hebronen. Argazkia: EFE
300 guardia gehiago
Poliziaren presentzia areagotzeko agindua eman dute Netanyahuk eta Israelgo Gobernuak. Horrela, 18 bat milioi euro bideratuko dituzte 300 guardia gehiago kalean jartzeko. Jerusalemgo garraio publikoa babestu nahi dute, astelehenean eta asteartean autobusetan bi eraso gertatu ondoren. Era berean, hirietan eta errepideetan Poliziari laguntzeko agindua eman dio Armadari.
“Burdin hesiaren zonalde sentikorretan berehala zabaltzeko aginduak jasoko ditu Armadak”, zabaldu du Gobernuak agiri baten bidez. Hebronen, hegoaldeko mendixketan, (Zisjordaniako lurralde okupatua) harresia eraikitzeko lanak agudo bukatzeko agindu du Exekutiboak.