11:36

Mundua

Errefuxiatuen krisia

Hungaria legedia berriarekin errefuxiatuak atxilotzen hasi da

Agentziak | Erredakzioa

16 errefuxiatu atxilotu dituzte segurtasun indarrek. Hungariako mugan jarritako hesia ebakitzen ari zirela harrapatu ditu Poliziak.

1:27
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Legedia berria gauerdian indarrean sartu ondoren, Hungariako segurtasun indarrek 16 errefuxiatu atxilotu dituzte mugan. Araudia berriak espetxe-zigorrak aurreikusten ditu muga legez kanpo gurutzatzen dutenentzat.

Bere muga itxi zuen Hungariak astelehenean, eta agiriak dituzten gatazka zonaldeetako errefuxiatuen asilo eskakizunak bakarrik bideratuko ditu sarrera puntu ofizialetan. Bien bitartean, legez kanpo herrialdean sartzen direnei hiru urteko kartzela-zigorrak aurreikusten dituen legedia drakoniarra hasi dira aplikatzen gaur.

Roszken zabalik zegoen tartea ustekabean astelehenean itxi arte, 9.380 pertsona baino gehiago zenbatu zituen Poliziak egun bakarrean. Azken asteetan milaka pertsona sartu dira bertatik.

Mugan euren lana “ez oztopatzeko” eskatu diete gaur segurtasun indarrek kazetariei eta herritarrei. Bestalde, indarrean sartu diren legeak aplikatzeko irmo jardungo dutela ohartarazi dute.

Espetxe-zigorrak edo kanporatzea

M1 Hungariako telebista publikoak jakitera eman duenez, atxilotuak  mugan jarritako hesia ebakitzen ari zirela harrapatu ditu Poliziak. Bost urteko kartzela-zigorra ezar diezaiekete hesiari kalte egiteagatik; izan ere, larrigarri da.

Aurreneko epaiak baldintzapekoak izango direla ziurtatu dute legelariek. Horregatik, atxilotuak herrialdetik kanporatuko dituzte.

Legez kanpo herrialdean sartzen berriro harrapatzen baldin badituzte, orduan berehala espetxe-zigorra ezarriko liekete. Guztira, 130 epailek araudi berria aplikatuko dute epaiketa bizkorretan, Szegeden.

Errefuxiatuak Hungaria efe

Alanbre-hesiak tren bagoi bat estaltzen du Roszken, Hungaria eta Serbia arteko mugan. Argazkia: EFE

175 kilometroko hesi bat eraiki du Hungariako Gobernuak Serbiako mugan, hegoaldean, errefuxiatuen etorrera geldiarazteko. Gainera, 900 polizia eta 4.300 soldadu zabaldu ditu eskualdean.

Krisi egoera bi probintziatan

Hungariako Gobernuak “krisi egoera” deklaratu du gaur hegoaldeko bi probintziatan.

Herrialdean legez kanpo sartu diren 180.000 errefuxiatu baino gehiago zenbatu dituzte Hungariako agintariek aurten, baina gehienek Alemaniara, Herbeheretara edo Eskandinaviako herrialdetara arte bidaia jarraitu dute.

Human Rights Watch bezalako erakundeek errefuxiatuei emandako tratua gogor kritikatu dute. Harrera zentroetako baldintzak “ankerrak” direla ziurtatu dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena