20:40

Mundua

Hirugarren erreskatea

EBrekin adostutako akordioa, Greziako Parlamentuaren esku

Agentziak | Erredakzioa

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak bilerak egin ditu Gobernuaren egoitzan, asteazken honetako bozketan gehiengoa bermatzeko saiakera batean.

1:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Erakundeekin lortutako akordioak ez dizkio gauzak batere erraztu Alexis Tsipras Greziako lehen ministroari. Asteazken honetako bozketa erabakigarriari begira, bilerak egin ditu gaur Tsiprasek beharrezko babesak lortu nahian. Bien bitartean, murrizketek sindikatuen protestak piztu dituzte.

Neurrien lehen paketeari oniritzia eman behar dio Greziako Parlamentuak asteazken honetan. Era berean, datorren astean bigarren pakete bati babesa eman beharko dio Ganberak, hirugarren erreskatearen inguruko negoziazioari hasiera eman ahal izateko.

Syrizako batzorde politikoak bilera egin du gaur. Batasunaren aldeko deia egin dute alderdiko buruzagiek. Era berean, Tsiprasek bilerak egin ditu Gobernuaren egoitzan, asteazken honetako bozketan gehiengoa bermatzeko saiakera batean.

Zatiketa

Ezkerreko Plataformak, Syrizaren muturreko korronteak, akordioari babesik emango ez diola aurreratu du dagoeneko. Panayotis Lafazanis Energia ministroak akordioaren aldeko botorik emango ez duela esan zuen astelehenean, baina dimisioa emateko borondaterik ez duela erantsi zuen.

Ezkerreko Plataformak Syrizako ezohiko kongresua bat egitea eska dezake, bertako komunikabideen arabera. Talde parlamentario propioa osatzea planteatzen ari da.

Dimitris Stratulis Gizarte Segurantzako ministroaren ondokoa, Kostas Isijos Defentsa ministroaren ondokoa eta Nikos Juntis Atzerri ministroaren ondokoa ere akordioaren aurka agertu dira. Juntisek dimisioa eman zuen atzo diputatu gisa, baina momentuz ez du kargua utzi.

Greziar Independenteen egoera ere ez da batere lasaia. Independenteak Gobernuaren bazkideak dira.

Talde parlamentarioak eta alderdiko zuzendaritzak bilerak egin dituzte gaur. Panos Kamenos buruzagiak babesa eman dio Gobernuari, baina asteazken honetako bozketan Bruselarekin sinatutako agiria errefusatuko duela aditzera eman du.

Gobernuaren birmoldaketa edo batasun nazionaleko Exekutiboa

Datozen egunetara begira Tsiprasen erabakia zein izango den ez dago argi oraindik. Aurka azaldu diren ministroak aldatu eta Gobernuaren birmoldaketa bat egin dezake, beste alderdi batzuekin koalizioa zabaldu edo Exekutiboaren egitura mantendu dezake, eta oposizioaren laguntzarekin bozketa aurrera ateratzen saiatu.

Demokrazia Berria kontserbadoreak, To Potami zentristak eta Pasok sozialdemokratak akordioari babesa eman diote. Ondorioz, paketea onartuko dutela ematen du.

Batasun nazionaleko Gobernu bat osatzeko aukerari dagokionez, parte hartzea baztertu du gaur Stavros Theodorakis To Potamiko buruzagiak. Lehen ministroak ?aurrera jarraitzeko? agindu indartsua duela azpimarratu du Theodorakisek.

Greba

Akordioak sindikatuen artean ere hautsak harrotu ditu. ADEDY sektore publikoko sindikatuen konfederakundeak 24 orduko lanuztea deitu du asteazken honetarako, eta baita Syntagma plazan elkarretaratzea ere. Syrizaren Gobernuari planteatzen dioten aurreneko greba da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena