20:11

Mundua

Erreferenduma

Greziarrek 'ez' esan diote hartzekodunen proposamenari

O.A. | ERREDAKZIOA

Greziarrek babes zabala eskaini diote Alexis Tsiprasen Gobernuari eta agintean dagoen SYRIZA alderdia indartuta atera da negoziazioei begira.

  • Ezetzaren aldekoak Greziako Parlamentuaren aurrena elkartu dira. Argazkia: EFE

    Ezetzaren aldekoak Greziako Parlamentuaren aurrena elkartu dira. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ezezkoa nagusitu da igande honetan Grezian egin duten erreferendumean, zehazki, galdeketan parte hartu duten greziarren % 61,31k 'ez' bozkatu dute, botoen % 95,39a zenbatuta. Hartzekodunek proposatutako neurriak onartzen zituzten ala ez erabaki behar zuten greziarrek gaurko erreferendumean.

Guztira, hamaika milioi herritar zeuden deituta boza ematera eta, kontaketa egiteko ardura duen Singular Logic enpresak zabaldutako datuen arabera, parte-hartzea % 62,48koa izan da. Halaber, botoen % 5,79 baliogabeak izan dira eta % 0,75, berriz, zuriak.

Ezetza nagusitu da Greziako eskualde guztietan eta emaitza horrek izugarrizko bultzada emango dio Alexis Tsipras lehen ministroari SYRIZAren gobernuari.

Erreferendumean parte hartu duten greziarrek babes zabala eskaini diote Alexis Tsiprasen Gobernuari eta agintean dagoen SYRIZA alderdia indartuta atera da negoziazioei begira. Are gehiago, Greziako negoziatzaile taldea prest dago edozein unetan Bruselara bidaiatzeko.

Litekeena da datozen 48 orduetan Greziaren eta hartzekodunen arteko akordioa izatea edo hori da behintzat Tsiprasen asmoa.

Orain, kezka iturri nagusia Greziako 'corralito'a da. Greziako Gobernuko ordezkari batek berri eman duenez, ELA larrialdiko likidezia lerroa zabaltzea eskatuko dio Greziako Bankuak Europako Banku Zentralari. Likidezia lerro hori da, hain zuzen ere, Greziako banku pribatuei likidezia izatea ahalbidetzen diena. Ildo horretan, Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroak bilera egingo du igande gauean Greziako bankuetako arduradunekin.

Milaka greziar kalera atera dira "ezetzaren" garaipena ospatzeko eta botoen erdia zenbatzerako Atenas hiriburuko Syntagma plaza jendez bete da.

grecia_celebra8

Greziarrak kalera irten dira "ezetzaren" garaipena ospatzera. Argazkia: EFE

Astelehenean negoziazioei berrekingo dietela iragarri du Tsiprasek

Alexis Tsipras lehen ministro greziarrak adierazi du Greziak eta nazioarteko hartzekodunek negoziazioei berrekingo dituztela zorrari buruzko akordioa lortzeko asmoz. Halaber, azpimarratu du bankuak irekitzea dela lehentasuna.

"Bihar negoziazioei berrekingo diegu. Banku sistemaren funtzionamendua da gure lehentasuna", adierazi du Tsiprasek telebistan emandako hitzaldian. Halaber, nabarmendu du mahai gainean jarriko dutela zorraren berregituraketaren gaia, Nazioarteko Diru Funtsak eskatu bezala.

Bestalde, Tsiprasek azaldu duenez gaurko erreferendumean ez dago ez garailerik eta ezta garaiturik ere; aitzitik, haren hitzetan, frogatuta gelditu da ezin zaiola xantaiarik egin demokraziari. "Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei zer bozkatu duten aintzat hartu gabe. Orain gizarte kohesioa berrezarri behar dugu", gaineratu du.

Varoufakis: "Gaurko ezezkoarekin negoziatzeko deia luzatzen diegu bazkideei"

Nazioarteko hartzekodunekin "egiazko negoziazioa" abiatzeko eskatu du Yanis Varoufakis Finantza ministroak greziarrek hartzekodunen proposamenari ezezko "borobila" eman ostean.

Varoufakisen esanetan, herritarrek ezetz esan diote murrizketei eta baietz benetako erreformei. "Gaurko ezetza Europa demokratiko bati emandako baiezko handia da", gaineratu du.

Euroguneko buruzagien ezohiko bilera deitu dute astearterako

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak euroguneko buruzagien ezohiko bilera deitu du astearterako, Europako iturriek baieztatu dutenez.

"Euroaren goi-bilera deitu dut astearte arratsalderako erreferendumaren ondorengo egoeraz hitz egiteko", esan du Tuskek.

Europako iturriek adierazi dutenez, Europako Kontseiluko presidenteak hainbat pertsonarekin hitz egin du arratsaldean eta ondorengo egunetan ere gauza bera egingo du goi-bilera prestatzeko.

Schulz: "Greziari dagokio orain proposamenak egitea"

Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteren hitzetan, orain Greziari dagokio erreformen gaineko proposamenak egitea eta gaineratu du Atenas ez dagoela negoziatzeko lehen baino posizio hobean.

Halaber, bihar edo asteartean, beranduenez, Greziara giza-laguntza bidaltzeaz hitz egin beharko dutela uste du.

Akordioa lortzeko "azken zubia" apurtzea egotzi dio Alemaniako kantzillerordeak Tsiprasi

Greziarrek igande honetan emandako ezetzaren ostean, Europar Batasunarekin akordioa lotu ahal izateko "azken zubia apurtu izana" egotzi dio Alexis Tsiprasi Alemaniako kantzillerorde Sigmar Gabrielek.

"Tsiprasek eta bere Gobernuak etsipen eta itxaropenik gabeko bidetik eraman dituzte greziarrak", adierazi du Gabrielek Tagesspiegel kazetari egindako adierazpenetan, greziarren gehiengo batek troikaren proposamena errefusatu duela ezagutu eta gero.

Andonis Samaras oposizioko buruak dimisioa eman du 'baiezkoa'ren porrotaren ostean

Andonis Samaras Greziako lehen ministro ohi eta Demokrazia Berria alderdiko buruzagiak dimisioa eman du berak defendatutako "baiezkoa"ren porrotaren ostean.

"Gaur dimisioa eman dut Demokrazia Berriko buruzagi gisa eta Evangelos Meimarakisi eskatu diot behin-behinean alderdiaren presidentetza kargua hartzeko", adierazi du Samarasek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena