Mundua
Greziaren zorra
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eurotaldeak bigarren bilera bat egingo du Greziarentzat 'B plana' eztabaidatzen jarraitzeko, baina dagoeneko ez da bertan izango Greziako Finantza ministroa.
Albisteak (4)
Greziari erreskatea ekainaren 30etik haratago luzatzea baztertu dute Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek Greziak dagoeneko hartzekodunen proposamenari ezezkoa eman diola argudiatuta. Hartzekodunen akordio eskaintzaren inguruan erabakitzeko referenduma deitu zuen Alexis Tsiprasek uztailaren 5erako atzo gauean eta, era berean, erreskatea egun batzuk luzatzeko eskatu zuen.
Eurotaldeak bigarren bilera bat egitea erabaki du, baina dagoeneko ez da bertan izango Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroa. Bilera horretan Greziarentzat "B plana" eztabaidatzen jarraituko dute, besteak beste, nola kudeatu balizko ordainketa etena eta Greziaren balizko irteera eurotik.
Lehen bileraren amaieran ebazpen labur bat onartu du Eurotaldeak, garbi utziz, Greziaren erreskatea 2015eko ekainaren 30ean amaituko dela eta data horretatik aurrera Atenasek ez duela Europar Batasunaren finantza laguntzarik izango.
Euroguneko Finantza eta Ekonomia ministroak atsekabetuta azaldu dira "maila guztietan ahalegin handia egin eta Europar Batasunaren babesa izanagatik ere", Greziak hartzekodunen azken proposamena baztertu duelako eta negoziazioak apurtzeko "aldebakarreko erabakia" hartu duelako.
"Eurotaldea azken unera arte greziarrei laguntza gehiago emateko prest zegoen hazkundera bideratutako programa baten bitartez", aldarrikatu dute.
Bestalde, Eurotaldeak adierazi du euroguneko agintariak beharrezkoa den guztia egiteko prest daudela eurogunearen finantza egonkortasuna bermatzeko.
Greziaren gaia jorratzeko Eurotaldearen bilera hasi aurretik, hamar egunean bosgarrena, Bruselan bildutako euroguneko ministro gehienek baztertu egin dute Atenasen azken mugimendua eta, aldi berean, ohartarazi dute denbora agortzen ari dela; izan ere, hiru egun baino ez dira gelditzen Greziaren erreskatea iraungitzeko.
Datorren asteartean 1.600 milioi euro ordaindu behar dizkio Greziak Nazioarteko Diru Funtsari (NDF) eta egun berean amaitzen da hartzekodunek Greziari emandako erreskatea ere.
Referenduma egingo dela esan die Tsiprasek Merkeli eta Hollanderi
Uztailaren 5eko referenduma egingo dela jakinarazi die Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak Angela Merkel Alemaniako kantzillerrari eta François Hollande Frantziako presidenteari.
"Greziako herriak oxigenoa izango du datorren astera bitartean eta biziraungo du", gaineratu du.
Eurotaldearen ezetzak haren "sinesgarritasuna" kaltetzen duela uste du Varoufakisek eta negoziatzea eskaini dio
Yanis Varoufakis Greziako Ekonomia ministroak adierazi du Eurotaldearen ezetzak haren "sinesgarritasuna" eta "batasun demokratikoa" kaltetzen dituela.
Hartzekodunen proposamena "bideraezina" dela azaldu du Varoufakisek eta erreferendumean ezezko botoa eskatuko dutela ohartarazi du.
Dena den, azpimarratu du Syrizako Gobernuak baiezkoaren aldeko kanpaina egingo duela baldin eta euroguneko kideek akordiorako proposamena "hobetzen" badute.
"Greziarrek proposamen hori onartzea nahi badute, sinatu egingo dugu kosta ala kosta", adierazi du Varoufakisek. Gainera, azpimarratu du erreferendumean hartzekodunek aurkeztutako azken proposamena onartzen duten ala ez galdetuko diela Gobernuak herritarrei.
Greziaren eta hartzekodunen artean bitartekotza egiteko prest agertu da Frantzia
Michel Sapin Frantziako Finantza ministroak larunbat honetan adierazi du Eurotaldearen erabakiak ez duela esan nahi Grezia eurogunetik irten denik, eta azpimarratu du haren gobernua prest dagoela Greziaren eta hartzekodunen artean bitartekotza lana egiteko.
"Greziak euroan jarraitzen du, haren patua bertan jarraitzea da eta inork ez du desio, ezta Frantziak ere, Grezia eurotik ateratzea. Erabakiek, botoek eta Greziaren aukerek bakarrik ahalbidetu dezakete horrelako zerbait gertatzea", adierazi du Sapinek Eurotaldearen bileraren ondorengo prentsaurrekoan.
Edozein kasutan, Sapin ministroak adierazi du eurogunea edozein gertakizunen aurrean babestu daitekeela "gaur egun dauden xedapenak praktikan jarrita".
Europako Banku Zentralak bilera egingo du astelehena baino lehen Greziako egoera aztertzeko
Europako Banku Zentralak iragarri du bilera bat egingo duela astelehena baino lehen Greziako egoera aztertzeko. Hala adierazi du Eurotaldearen eta Atenasen arteko negoziazioak eten direla jakin ostean.
"Europako Banku Zentraleko Kontseiluak bilera egingo du bere garaian egoera eztabaidatzeko. Europako Banku Zentrala gertutik ari da jarraitzen gaia", adierazi du Europako Banku Zentralak ohar labur batean. Astelehenean merkatuak zabaldu baino lehen izango da bilera, Europako iturriek berri eman dutenez.
Aipaturiko bilera horretan erabaki beharko du Greziako bankuei emandako larrialdiko likidezia lerroari eutsiko dioen ala ez ekainaren 30etik aurrera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa