09:10

Mundua

Erreskatean jarraitzen dute

Nepalek onartu egin du aukera gutxi dagoela norbait bizirik topatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Azken balantzearen arabera, 6.841 dira jada lurrikarak hildakoak. Gainera, 160.786 etxebizitza suntsitu ditu, egindako kalkuluen arabera.

  • Emakume bat Katmandun, sismotik astebetera. Irudia: EFE

    Emakume bat Katmandun, sismotik astebetera. Irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nepalgo Gobernuak onartu egin duenez, "aukera gutxi" dago hondakinen artean bizirik jarraitzen duen pertsonarik topatzeko, herrialdea astindu zuen lurrikara izan zenetik astebete egin den honetan.

"Astebete igaro da dagoeneko, hori dela eta, aukera txikia dago norbait onik aurkitzeko", baieztatu dio Eferi Laxmi Prasad Dhakal Barne Ministerioko bozeramaleak. Edonola ere, erreskate taldeek ez dute etenik egin lanean, ziurtatu du.

Bizirik erreskatatutako azken pertsona emakume bat izan zen. Aurreko ostegun gauean, Nepalgo, Israelgo eta Norvegiako erreskate taldeek 24 urteko emakumezko bat erreskatatu zuten, hondakinen artean 128 ordu baino gehiago igaro eta gero, Katmandun.

Bestalde, Jose Manuel Garcia-Margallo Kanpo Arazoetarako ministroaren esanetan, behera egin du Nepalen aurkitu gabe dauden espainiarren kopuruak, 59tik 35era. Ministroaren arabera, Gustavo de Aristegui Nueva Delhin dagoen enbaxadore espainiarrak aztertu ahal izan ditu immigrazio zerrendak eta, horri esker, zehaztu ahal izan dute kopurua.

Langtang parke nazionalean, Tibeten mugaldean, zazpi espainiarrek lokalizatu gabe jarraitzen dute, atzo baino bi gutxiago, baieztatu dutelako ez zutela espainiar nortasuna.

Garcia-Margallo bideokonferentziaz aritu da Nueva Delhiko espainiar enbaxadarekin eta De Aristegirekin, Madriletik; ondoren, datuon berri eman die kazetariei.

Erreskate taldeak, lanean, Katmandun. Argazkia: EFE

Erreskate taldeak, lanean, Katmandun. Argazkia: EFE

Lurrikara berri bat Gorkhan

Ritcher eskalako 5,1 mailako dardara berri batek Gorkha distritua astindu du, Nepaleko erdigunean, eta zenbait luizi eragin ditu Barpak herrian, Ekantipur hedabideak zabaldu duenez.

Emakume bat zauritu da sismo berri horren ondorioz. Jit Bahadur Ghale bertoko bizilagun baten arabera, dardara Bar eta Dhami udalerrietan sentitu da. Biak Barpaketik bi kilometro ingurura daude eta azken horretan gertatu zen apirilaren 25ean 7,8 graduko lurrikara.

Seismo handi horrez geroztik,  hainbat luizi izan dira Barpaken. Nepalgo eta Indiako Armadak bertoko bizilagunak erreskatatzen ari dira. Gainera, mediku talde bat gerturatu da bertan jarraitzen duten pertsonak artatzeko, aurreko lurrikarak etxerik gabe utzi zien eta.

Katmandun, eraikin bat suntsituta. Irudia: EFE

Katmandun, eraikin bat suntsituta. Irudia: EFE

Astebete suntsipenetik

Nepal astindu eta suntsitu zuen lurrikara izan zenetik astebete egin den honetan, Barne Ministerioak beste balantze bat plazaratu du (07:30ean han, 03:45ean Euskal Herrian) eta, horren arabera, 6.841 dira jada hildakoak, eta 14.000 baino gehiago zaurituak.

Halere, espero dute biktimen kopuruak gora egitea erreskate taldeak gehien kaltetutako guneetara heltzen direnean.

Rensje Teerink Europar Batasunak Nepalen duen enbaxadorearen esanetan, hildakoetako 12 europarrak dira eta 1.000 inguru falta dira oraindik, baina "baliteke onik egotea".

Arriskuak Murrizteko Patzuergoak (zenbait erakundek osatutako erakundea, tartean NBE dago) kalkulatu du lurrikarak 2,8 milioi pertsona mugiarazi dituela (28 milioi biztanle dira, orotara).

Aipatutako iturriaren arabera, seismoak 160.786 etxebizitza suntsitu eta beste 143.673 kaltetu ditu, Himalaiako herrialdean.

Ritcher eskalako 7,8 mailako lurrikara azken 80 urteetan Nepalen izandako bortitzena izan da, baita eskualde horretako lazgarriena ere, 2005etik. Urte horretan, Kaxmirren, 84.000 lagun hil ziren beste seismo baten ondorioz.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena