Mundua
Nepalgo lurrikara
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zendutakoak 5.000 izatera hel daitezkeela uste dute. Onik atera direnei ura, janaria eta aterpea emateko lanetan dabiltza agintariak.
Albisteak (3)
Bideoak (4)
Informazio gehiago (2)
Dagoeneko 4.310 pertsona dira larunbatean Nepal astindu zuen 7,8 graduko lurrikararen ondorioz hildakoak, baina zenbakia 5.000ra hel daitekeen beldur dira. Zauritutakoak 7.953 baino gehiago dira, bertako Gobernuak baieztatu duenez.
Espainiako Atzerri Ministerioaren esanetan, espainiar nazionalitatea duten 116 pertsona desagertuta daude Nepalen. Iturri diplomatikoen arabera, 340 lagun lokalizatu dituzte, eta gaur bertan hasiko dira hegazkinez ebakuazio lanak. Lehen hegazkina goizean abiatu behar zen Katmanduko aireportutik, baina gainezka dagoenez, atzeratu behar izan dute. Atzerri Ministerioak bi helbide elektroniko eta telefono zenbaki jarri ditu "kaltedunentzat edo senideen artean kaltedunen bat dutenentzat". Hauek: (91)1141293000, (91)9810174160, emb.nuevadelhi@maec.es eta unidaddecrisis@maec.es.
Eusko Jaurlaritza horien artean euskal herritarrak zenbat diren egiaztatzen ari da. Herrialde hartan senideren bat dutenentzat, informazioa eskatzeko helbide elektroniko hau jarri du Jaurlaritzak: accion-exterior@euskadi.eus.
Orain arte bildutako datuen arabera, gutxienez 37 euskal herritar zeuden Nepalen dardara jazo zen unean. Besteak beste, Berriozarreko (Nafarroa) zortzi bizilagun, Eibarko (Gipuzkoa) lau, Alonsotegiko (Bizkaia) lau, Gasteizko (Araba) hiru, Iruñeko bi (Nafarroa), Noaingo (Nafarroa), Donostiako eta Lemoako (Bizkaia) bana zeuden bertan.
Biktima kopuruak gora egingo du
Une honetan, albiste guztiak txarrak dira Nepalen. Izan ere, larunbateko lurrikararen ostean, dozenaka erreplika jazo dira, eta igandean beste dardara handi bat izan da, 6,7 gradukoa, hain zuzen ere.
Gainera, bart euria egiten hasi da, eta horrek herritarren kanpamentuak zigortu ditu. Milaka pertsona daude kanpamentuotan, eraikinak eroriko diren beldur baitira. Dena dela, karpa xume batzuk baino ez dira, eta oso ahulak dira euriteen aurrean.
Gurutze Gorriaren arabera, datozen orduetan gora egingo du lurrikararen ondorioz hildakoak; izan ere, laguntza oraindik ez da heldu hainbat eremutara.
Euriek laguntza humanitarioa heltzea ere galarazi dute. Adibidez, Indiatik hegazkin militar bat abiatzekoa zen, hornikuntzarako gai ugari eramateko, baina ezin izan da aireratu.
Hori guztia gutxi ez, eta komunikazio gehienak zerbitzu gabe daude. Internet eta sakelako telefonoen lineak guztiz etenda daude, eta telefono finkoen linea batzuk baino ez daude aktibo.
Bien bitartean, Katmandu Nepalgo hiriburutik ihes egiteari ekin diete milaka herritar. Erreplika gehiagoren beldur dira, eta janaria eta ur eskasia dela eta, hiriburutik alde egiten hasi dira.
Nazioarteko laguntza
Azken orduotan, biktimak erreskatatzeko, errepideak zabaltzeko eta argindarra berreskuratzeko lanean ari dira Nepalgo agintariak. Lehentasunen artean, dendak albait arinen zabaltzea eta laguntza paketeak kaltedunei helaraztea daude.
Gobernuak laguntza eskatu dio nazioarteari, eta hainbat herrialde mugitzen hasi dira premiazko hornikuntzak eta laguntza humanitarioa helarazteko.
Gurutze Gorriko eta Ilargi Gorriko nazioarteko Federazioak nazioarteko operazio bat jarri du martxan laguntza humanitarioa helarazteko. Inguruko herrietatik eta Kuala Lumpur eta Dubaitik boluntarioak eta baliabide materialak bidali ditu.
Intermon Oxfamek ur hornidura eta saneamendu bermatzeko neurriak hartu ditu. Gobernuz kanpoko erakunde honek azpimarratu duenez, hauek dira une honetan lehentasunak: onik daudenak erreskatatzea, eta kaltedunei ura, janaria eta aterpea ematea. Izan ere, milaka lagun kalean ari dira lo egiten eta beldur dira.
UNICEFen arabera, lurrikara izan den eremuan bizi diren 940.000 umek "premiazko" laguntza behar dute.
Lurrikarak astindu dituen hiri eta inguruetako egoeragatik kezkatuta agertu dira gobernuz kanpoko erakundeak. Bide guztiak itxita daude.
Larunbatekoa Himalaiako herrialdea 80 urtean astindu duen lurrikara indartsuena izan da, eta eskualdean azken hamarkadan jazotako larriena.
Espainiako Gobernuaren aholkuak
Espainiako Gobernuak bidaia atzeratzeko eskatu die Nepalera joateko asmoa dutenei, herrialde hartan "normaltasuna berreskuratu arte". Atzerri Ministerioak bidaiatzeko gomendioak berritu ditu, tragedia gertatu ostean.
Abisuan, Jose Manuel Garcia-Margallok gidatzen duen departamentua Nepalera joateko asmoa duten bidaiariei zuzendu zaie.
"Nepalera joatekoak direnei bidaia atzeratzea gomendatzen diegu, normaltasuna berreskuratu arte", berretsi du Ministerioak
Actualización de las recomendaciones de viaje de Nepal tras el trágico #TerremotoNepal. http://t.co/pQfDRmIDjv
— Emb. España en India (@EmbEspIndia) abril 25, 2015
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa