12:26

Mundua

Elur-jausi ugari

Gutxienez 18 hildako Everest behealdean, lurrikararen ondorioz

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gainera, zauritu ugari izan dira. Iruñean bizi den Javier Camacho mendizalea bertan dago, baina onik dagoela jakinarazi du.

  • Everesteko artxiboko irudia. Argazkia: EFE

    Everesteko artxiboko irudia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gutxienez 18 mendizale hil eta lagun anitz zauritu dira Everesteko behealdean izandako lur-jausietan, gaur Nepal astindu duen 7,9 graduko lurrikararen ondorioz. Hori azaldu dio Iruñean bizi den Javier Camacho mendizale eta argazkilari terueldarrak telefono bidez EFE albiste-agentziari.

Ricardo Fernandez asturiarrarekin batera dago Camacho kanpamentu nagusian. Oxigeno eta sherpen laguntza barik Lhotseren gailurrera igotzeko asmoa zuten. Bi mendizale espainiarrak onik daude. Lurrikara jazo denean, biak kanpamentuan zeuden.

Everesten ez ezik, Nepaleko lurrikarak lur-jausiak eragin ditu Pumori gailurrean ere, eta hainbat kanpamentu txinatar eta japoniar elur azpian harrapatuta geratu dira.

Egoera 'kaotikoa'

Javier Camachok azaldu duenez, Everesteko kanpamentu nagusian "kaosa" da nagusi, helikopteroak ezin dira bertara heldu, eta behin-behineko ospitalea prestatu dute zaurituak artatzeko.

Camacho eta Fernandez erreskate-operazioetan laguntzen ari dira, eta hainbat mendizale hil direla kontatu dute. Gainera, 40 bat zauritu daudela berretsi dute.

Gyanendra Shrestha Nepaleko Turismo Ministerioko bozeramaileak ohartarazi duenez, litekeena hildakoen kopuruak gora egitea datozen orduetan. Halaber, Shresthak adierazi duenez, hildakoen artean mendizale atzerritarrak eta sherpak daude.

Ministerioko funtzionarioek diotenez, Everesten eta bertako kanpamentu nagusian gutxienez 1.000 mendizale zeuden lurrikara jazo denean, tartean 400 atzerritar.

Alex Gavan mendizale errumaniarrak Twitterren bidez jakinarazi duenez, "elur-jausi erraldoia" izan da Everesten, eta "jende ugari" dago mendian. "Bizirik ateratzeko korrika ari naiz", gaineratu du.

Antzeko mezua zabaldu du Twitterren Daniel Mazur mendizaleak ere: kanpamentu nagusiak "kalte handiak" jasan dituela, eta bere taldea bertan harrapatuta geratu dela. "Egin otoitz, mesedez", eskatu du.

Gutxienez 12 erreplika izan dira jada

Lurrikara 06:11 GMT jazo da, Katmanduko ipar-mendebaldean. Indar handiko lurrikararen ostean, gutxienez 12 erreplika izan dira: horietako bi 5,5 eta 6,6 gradukoak, eta gutxienez lau 5 gradutik gorakoak. 800 lagun inguru hil dira lurrikararen ondorioz.

Planeta osoko mendilerro altuena Nepalen dago. Bertan da Everest gailurra (8.848 metro). Mendilerro horretako beste 14 gailurrek ere 8.000 metrotik gora dute.

Espedizio asko antolatzen dira Everestera apirilean, aukerako hilabetea baita, eurien eta hodeien ondorioz Himalaia ezkutatuta geratu baino lehen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena