Mundua
Krisia Grezian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Baliteke Atenasko Gobernuak zor-agiriekin ordaintzea soldatak, nazioarteko hartzekodunekin akordioa lortzen ez badu.
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. EFE
Greziako Gobernuak 747 milioi euro itzuli behar dizkio Nazioarteko Diru Funtsari (NDF) maiatzaren 12an. Gainera, hilabete horretan bertan, beste 1.000 milioi euro beharko ditu pentsioak eta langile publikoen soldatak ordaintzeko, hilabetero bezala. Ordainketak egiteko dirurik lortzen ez badu, default delakoa gertatuko da, hau da, herrialdeak porrot egingo du.
Egun, Atenasko Gobernuak Europako Banku Zentralaren (EBZ) bidez baino ez du lortzen dirua. Horrenbestez, erakunde hori porrotaren balizko ondorioak aztertzen ari da, eta ez du baztertzen Greziako Exekutiboak funtzionarioei zor-agiriekin ordaintzea, Reuters agentziak jakinarazi duenez. Praktikan, beste diru alternatibo eta birtual bat sortzea ekarriko luke horrek.
"Diru paraleloa sortzeak Grezia eurogunetik ateratzea ekarriko luke segur aski", adierazi du Reuters agentziak aipatutako aditu batek.
EBZko funtzionarioen ustez, greziarren % 30ek jasoko lituzkete soldatak zor-agiritan, eurotan izan beharrean. Zein da arazoa? Greziako bankuek ez lituzketela onartuko agiri horiek.
Nolanahi ere, Greziako Gobernuak baztertu egin du zor-agiritan ordaintzea, hilabetea bukatu baino lehen nazioarteko hartzekodunekin akordioa lortuko dutela uste baitu.
Greziak dirua eskatu die herrialdeko erakunde publikoei
Testuinguru honetan, Alexis Tsipras lehen ministroaren Gobernuak finantziazio bila jarraitzen du, eta herrialdeko erakunde publikoei diru erreserbak Greziako Banku Zentralari igortzeko agindu die.
Greziako Gobernutik azaldu dutenez, operazio mota hori Europar Batasuneko (EB) beste hainbat herrialdetan ere erabili izan da.
Horren bitartez, Estatuak maileguak eskatu ahal dizkie herrialdeko erakunde publikoei, 15 egunez gehienez. Ostean, enpresek Greziako Banku Zentralari igorriko dizkiote funtsak, eta horrek erakunde horretan bertan indarrean dagoen interes-tasa ordainduta itzuliko dizkie.
Horrela, enpresa publikoek interes errentagarriagoa izango dute. Izan ere, Greziako Banku Zentralak % 2,5ekoa ordaintzen du, eta banku pribatuek, aldiz, % 1ekoa.
Hainbat erakundek dagoeneko eman dute dirua, tartean Atenasko Metroak (150 milioi euro) eta Enplegu Agentziak (80 milioi euro).
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa