Mundua
Ameriketako VII. Goi-bilera
Raul Castrok Barack Obamari: 'Edozertaz hitz egiteko prest gaude'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Obamak berak aitortu du bilera 'historikoa' izan dela. Halaber, adierazi du etorkizunera begira aurrerapausoak emateko moduan daudela.
Raul Castro Kubako presidenteak Barack Obama AEBko presidenteari esan dio "edozertaz" hitz egiteko prest dagoela bi aldeen arteko harremanak berreskuratzeko prozesu horretan.
Bi herrialdeek "errespetu handiz" hitz egin behar dutela adierazi ostean, Kubako agintariak aitortu du "desadostasun handiak" daudela bi gobernuen artean.
Barack Obama eta Raul Castro AEBko eta Kubako presidenteek bilera bat egin dute larunbat honetan Ameriketako Goi-bileraren baitan, Panamako Atlapa zentroko areto txiki batean. Batzar historikoa izan da, izan ere, bi herrialdeek 50 urtean egin duten lehena izan da.
Obamak berak aitortu du bilera "historikoa" izan dela, baina aitortu du bi herrialdeen arteko historia oso "korapilatsua" dela. "Orain etorkizunerako bidean aurrerapausoak emateko moduan gaude", azpimarratu du AEBko presidenteak.
Gaurko bilera baino lehen, asteazkenean, bi agintariek telefonoz hitz egin zuten eta bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak lehengoratzeko prozesuaz hitz egin zuten.
Aurrez, ostiralean, Obamak eta Castrok elkarri bostekoa eman zioten, Anayansiko antzokian sartzerakoan.
Raul Castro eta Barack Obama. Argazkia: EiTB
Harreman diplomatikoak
Abenduan AEBk eta Kubak harremanak berreskuratzea erabaki zutenean, Obamak eta Castrok telefonoz hitz egin zuten. Gainera, 2013ko abenduan topo egin zuten Nelson Mandelaren hileta-elizkizunean. Orduan, baina, elkar agurtzea baino ez zuten egin. Beraz, gaurkoa izango da harremanak berreskuratzea erabaki zutenetik izaten duten lehendabiziko aurrez aurreko elkarrizketa.
Orain arte, AEBren eta Kubaren artean egindako goi-mailako bilera ofizial garrantzitsuena atzo egin zuten John Kerry Estatu idazkariak eta Bruno Rodriguez kantzilerrak, hots, bi herrialdeotako Atzerri ministroek.
Estatu Departamentuak bileraren argazki bat publikatu zuen atzo Twitterren:
Secretary @JohnKerry shakes hands with Cuban Foreign Minister Bruno Rodríguez on sidelines of Summit of the Americas. pic.twitter.com/w1JfEwlXUx
? Department of State (@StateDept) abril 10, 2015
Bileraren ostean, Kuba terrorismoa sustatzen duten herrialdeen zerrendatik kentzea aholkatu dio Kerryk Obamari. Orain, Etxe Zuriko lantalde batek aztertuko du eskaera, eta ondorioak presidenteari igorriko dizkio.
Kubak zerrenda horretatik desagertzea eskatu du, baina ez du hori baldintza gisa jarri harreman diplomatikoak berreskuratzeko. Dena dela, AEBk eskaera onartzea normalizaziorako aurrerapauso garrantzitsua izango litzatekeela uste dute adituek.
Barack Obama eta Raul Castro, Nelson Mandelaren hiletan elkar agurtzen. EFE