Mundua
Greziari buruzko bilera
Erredakzioa
Greziako lehen ministroak deitutako bileraren harira, Mariano Rajoyk azpimarratu du “erabaki garrantzitsuenak” Eurotaldearen baitan hartzen direla.
Albisteak (6)
Bideoak (1)
Europako agintariek Eurotaldean hartutako konpromisoak betetzeko eta agindutako erreformak gauzatzeko eskatuko diote Tsiprasi ostegun honetako biltzarrean. Ildo horretan, baldintza horiek bete arte finantzazioa ukatuko diotela ohartaraziko diote, iturri diplomatikoek jakitera eman dutenez.
Bilera Tsiprasek berak antolatu du, Greziak dituen likidazio arazoak aztertzeko asmoz, baina deialdi horrek haserrea piztu du; izan ere, batzarrera ondoko agintari hauek soilik deitu ditu: Angela Merkel Alemaniako kantzilerra; François Hollande Frantziako presidentea; Donald Tusk eta Jean-Claude Juncker Europako Kontseiluko eta Batzordeko presidenteak, hurrenez hurren; Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea; eta Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentea.
“Lanean hasteko, kritikak saihesteko, Eurotaldeak otsailaren 20an lortutako akordioa betetzeko eta finantzaziorik ez itxaroteko”, hori izango da Tsiprasi helaraziko dioten mezua, aipatu iturrien arabera.
Horrez gain, erreskatearen xehetasunak Estatuburuen eta Greziako Gobernuaren arteko negoziazio baten adostu ezin daitezkeela eta, ondorioz, elkarrizketa troikaren baitan hartu behar direla gogoraraziko diote.
Bilera hasi aurretik, Dijsselbloemek esan du ez duela konponbiderik espero eta “denbora agortzen” ari dela erantsi du.
Merkelek ere antzeko mezua igorri du: “Ez da soluziorik espero behar, ez da aurrerapausorik espero behar; erabakiak Eurotaldean hartzen dira eta hemendik aurrera ere hala izango da”.
Hollandek ere agindutako erreformak betetzeko eskatuko dio Tsiprasi, hasiera batean Greziako agintariaren ikuspuntutik hurbilago zegoela zirudien arren. “Greziarrek eurengandik espero ditugun erreformak egiten ari direla erakutsi behar dute eta Europak konpromiso horiek betetzeko behar diren finantza-neurriak Greziaren esku utzi behar ditu”, azaldu du.
Tsiprasek, berriz, “politika ausartak” eskatu ditu, “demokrazia eta hitzarmenak errespetatzeko, krisia gainditzeko eta hazkundean aurrera egiteko”.
Rajoy: ‘Erabakiak Eurotaldean hartzen dira’
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak esan du Greziak bere konpromisoak betetzeko edozein bilera babestuko duela, baina argi utzi nahi izan du “erabaki garrantzitsuenak” Eurotaldea hartzen direla eta gaurkoa bezalako bileretan.
Ikusmina egon bada ere, azkenean ez da Rajoy eta Tsiprasen arteko agurrik izan. Tsiprasek Espainiaren eta Portugalen aurkako adierazpenak egin zituen, Grezia “porrotera” eraman nahi zutela argudiatuta.
Kritika horien inguruan Tsiprasekin hitz egiteko aukeraz galdetuta, Rajoyk ondokoa erantzun du: “nirekin biltzeko prest dagoen ororekin batzartzen naiz ni”.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa