Itxi

Mundua

Grezia

Krisi humanitarioaren aurkako legea onartu du Greziako Parlamentuak

Erredakzioa

Pobreziari aurre egiteko arauari esker, besteak beste, Ogasunarekin zorrak dituzten herritarrei amnistia fiskala aplikatuko zaie eta greziar guztiek osasun asistentzia bermatuta izango dute.

  • Alexis Tsipras Greziako Parlamentuan. EFE

    Alexis Tsipras Greziako Parlamentuan. EFE

Greziako Parlamentuak krisi humanitarioari aurre egiteko legea onartu du. Alexis Tsiprasen Gobernuak aurrera atera duen lehendabiziko araua da, Syrizak hauteskunde kanpainan promestutako gai nagusietako bat, hain zuzen ere.

Alderdi gehienek babestu dute legea. To Potami talde zentrista eta KKE alderdiko komunistak, Ganberako laugarren eta bosgarren indarra, hurrenez hurren, abstenitu egin dira. Kontserbadoreek eta sozialdemokratek, berriz, gogor kritikatu dute Greziako Gobernuaren egitasmoa.

Elstat estatistika agentziaren arabera, 2014ko lehen seihilekoan greziarren % 23,1 pobrezian bizi ziren, eta haur-pobreziaren tasa % 28,8koa zen.

Bi milioi eta erdi greziarrek 5.023 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak zituzten urtean. Familia asko 10.547 eurorekin bizi ziren urtean.

Krisi humanitarioaren legeak muturreko pobrezian bizi diren familiei laguntzea du helburu. Horrenbestez, establezimendu zehatzetan elikagaiak hartu ahal izateko txartelak banatuko dituzte; egun argindarrik gabe dauden milaka familiek orduko 300 kilowatt doan izango dute, hilero; eta 30.000 etxebizitzetako alokairuak ordaindu ahal izateko laguntzak emango dituzte  urtebetez.

Horrez gain, osasun asistentzia herritar guztiei bermatuko zaie; izan ere, azken urteotan hiru milioi greziar (Greziak 11 milioi biztanle ditu) osasun sistema publikoa erabiltzeko aukerarik gabe geratu dira, krisiaren ondorioz.

Lege berriari esker, Ogasunarekin zorrak dituzten herritarrei amnistia fiskala aplikatuko zaie, hau da, zorrak interesik gabe eta inolako isunik gabe ordaintzeko aukera izango dute.

Aipatu neurriak indarrean jartzeko Greziako Gobernuak 200 milioi euro inbertituko ditu, eta horretarako administrazio publikoko gastuak murriztuko ditu.