16:55

Mundua

Siriako gerra

'Azkenean' AEBk Al Assadekin negoziatu beharko duela aitortu du Kerryk

Erredakzioa

Orain arte Etxe Zuriak erabat baztertu du Al Assadekin negoziatzea. Hala ere, Estatu Islamikoaren agerpenak estatubatuarren posizioa arintzea ekarri du.

  • John Kerry. Argazkia: EFE

    John Kerry. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

John Kerry AEBko Estatu idazkariak aitortu duenez, "azkenean" haren herrialdeak Bachar Al Assad Siriako presidentearekin negoziatuko beharko du, Siriako gerrari amaiera emango dion prozesu politikoa bultzatzeko. Horrela mintzatu da John Kerry CBS telebista kate estatubatuarrari eskainitako elkarrizketan.

"Azkenean negoziatu egin beharko dugu. Geneva Ieko testuinguruaren baitan negoziatzeko prest egon gara beti", adierazi du. Aipaturiko 2012ko Genevako negoziazio prozesuan, trantsizio negoziatua egitea iradoki zuten gatazkari amaiera emateko.

Orain arte, Etxe Zuriak erabat baztertzen zuen Al Assadekin negoziatzea, Al Assadek zilegitasuna galdu zuela eta irtenbide bakarra hark boterea uztea zela argudiatuz. Hala ere, Estatu Islamikoaren agerpenak estatubatuarren posizioa arintzea ekarri ei du.

Kerryk ezagutzera eman duenez, Sirian prozesu politiko bat bultzatzeko aukerak aztertzen ari dira hainbat herrialde. Dena den, ohartarazi du formula berriak aurkitu beharko direla Al Assadeko erregimenari negoziazioetara batzera behartzeko.

"Presioa egiten ahalegintzen ari gara Al Assad etor dadin eta negoziatu dezan, eta horretarako litekeena da bere kontrako presioa handitu behar izatea", azaldu du. "Argi utzi dugu maila igotzen ari garela presio hori egon dadin", gaineratu du.

"Al Assaden erregimenak negoziatu dezan, argi eta garbi utzi beharko diogu emaitza politiko bat lortzeko eta negoziazioari buruzko bere kalkuluak aldatzeko determinazioa daukagula", azpimarratu du. "Martxan dago orain. Konbentzituta nago gure aliatuen eta beste batzuen laguntzaz, Al Assadekiko presioa areagotu egingo dela", gaineratu du.

Iaz, NBEk bultzatutako Al Assaden Gobernuaren eta Siriako oposizioaren arteko Genevako negoziazioak bultzatu zituen AEBk, baina azkenean negoziazio errondek porrot egin zuten eta ez zuten negoziazioak berriz hasteko datarik zehaztu.

Urtarrilean, Errusiak Gobernuaren eta oposizioaren arteko bilerak bultzatu zituen, baina orduan ere ez zuten akordio nabarmenik lortu. Gainera, oposizioko koalizio nagusiak parte hartzeari uko egin zion.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena