Mundua
Grezia
Erredakzioa
Tsipras lehen ministroak Greziako gobernua 'botatzen' saiatzea eta Eurotaldearekin irekitako negoziazioak porrotera eramaten saiatzea leporatu die.
Alexis Tsipras. Artxiboko irudia: EFE
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak "Atenasen kontrako ardatza" eratzea egotzi die Espainiari eta Portugali. Haren esanetan, Graziako gobernua botatzen saiatu dira, eta Eurotaldearekin zabaldutako negoziazioak porrotera eramaten ahalegindu.
"Espainiak eta Portugalek gidatutako botere ardatz baten aurrean gaude, eta nabariak diren arrazoi politikoak tarteko, Espainia eta Portugal negoziazioak porrotera eramaten ahalegindu dira", adierazi du Tsiprasek Syrizako batzorde zentralaren aurrean egindako hitzaldian.
"Bere egitasmoa gu higatzea da, gure Gobernua eraistea eta gu baldintzarik gabeko errendizio batera eramatea; gure lana fruituak ematen hasi baino lehen eta Greziaren adibideak beste herrialde batzuei eragin baino lehen", baieztatu du.
Greziaren erreskatea lau hilabetez luzatzeko eurotaldearekin lortutako akordioa azpimarratu du Tsiprasek eta garaipen horren adibide gisa jarri ditu Angela Merkel Alemaniako kantzillerraren alderdiko diputatuek egindako kritikak. "Denok ikusi ahal izan dugu Merkelen alderdiaren barruan kritika gogorrak izan direla, Greziari kontzesio onartezinak egin zaizkionaren seinale", nabarmendu du.
Troika eta memoranduma iragana direla baieztatu du buruzagi greziarrak. "Galdutako duintasuna berreskuratu dutela sentitzen dute herritarrek. Krisi humanitarioa da negoziazioetako auzi garrantzitsuena. Nazioartean eta Europan aliatuak egin ditugu krisia gainditzeko. Presio jasanezina pairatu badugu ere, hainbat ezezko eman ditugu", arrazoitu du.
Bestalde, Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroak Skai telebista kateari azaldu dioenez, ez dago inolako likidezia arazorik, nahiz eta ez duen ezohiko zerga bat ezartzea baztertu. "Aurrekontuen oreka mantentzeko aparteko zerga bat ezarri behar badut egin egingo dut, baina dirua dutenek ordaindu beharko dute ez ordaintzeko adina dirurik ez dutenek", azpimarratu du.
Espainiak eta Portugalek Greziaren aurkako "ardatza" eratzea ukatu dute
Espainiako Ekonomia Ministerioak Greziaren aurkako "ardatza" eratu izana ukatu egin du eta "barne politikako baldintzek" Espainiak eurotaldean izandako jarreran ez dutela eraginik izan nabarmendu du.
Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez, "Espainiako Gobernuak Greziarekin akordioa lortzea bultzatu du, malgutasuna, elkartasuna eta errespetua kontuan hartuta".
Bestalde, Portugalen agintean dagoen PSD alderdiak "errudunak" aurkitu nahia egotzi dio Alexis Tsipras Greziako lehen ministroari.
"Syrizaren baitako asaldurek eta zailtasunek ez dute istorioak asmatzea justifikatzen", deitoratu du Marco Antonio Costa PSDko bozeramaileak kazetarien aurrean.
tarien aurrean.2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa