Itxi

Mundua

Greziaren 'B Plana'

Errusiara edo Txinara jo lezake Greziak, finantziazio eske

Erredakzioa

Erreskate-planaren inguruan Europar Batasunarekin akordioa erdietsiko ez balu 'B Plana' badutela nabarmendu du Greziako Defentsa ministroak.

  • Kamenos Defentsa ministroa Alexis Tsiprasekin batera.

Europar Batasunarekin Greziaren erreskate-planaren negoziazioak kale egiten badu, Tsiprasen gobernuak badu 'B Plana', Panos Kamenos Defentsa ministroak aurreratu duenez. Haren hitzetan, Errusian, Txinan edo AEBn kredituak eska ditzake, finantziazioa lortzeko bidean.

Mega telebista kate pribatuari eskainitako elkarrizketa batean egin du iragarpena Kamenos Greziar Independenteen alderdiko buruzagiak: "Badugu dirua topatzeko beste bide bat. Badugu 'B Plana', beste batzuek eman diezaguketelako behar dugun finantzazioa: AEB, Errusia, Txina edo beste herrialde batzuk izan daitezke", erantzun du Kamenosek negoziazioan beste aukerarik ote duten galderari erantzunda.

EBrekin negoziazioa

'B Plana' gorabehera, Europar Batasunarekin negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu du Kamenosek: "Bazkideekin akordioa lortzeko lanetan ari gara, baina ez ditugu ezarritako marra gorriak gaindituko", ohartarazi du.

Hain justu, Greziako zorra negoziatzeko bide malkartsuan geldialdi garrantzitsua du bihar Greziako Gobernuak. Eurotaldeak aparteko bilera du asteazken honetan eta egun indarrean dagoen erreskate-programa ordezkatzeko proposamen andana eramango du Tsiprasek goi-bilerara.

Errusiarekiko harremana

Moskurekin harreman berezirik ez dutela azpimarratu dute egunotan Syrizaren gobernuko kideek, baina bistakoa da hartu-eman hori estuagoa izateko borondatea baduela Atenasek.

Hala, Tsiprasen gobernuak gaur iragarri duenez, Nikos Kotzias Atzerri ministroa Moskura joango da bihar, ofizialki Ukrainako krisiaz eta Greziako atzerriko politikaz aritzeko. Atenaseko hainbat hedabideren arabera, ordea, finantzazioaren gaia ere mahai gainean egongo da.

Izan ere, duela hiru egun Anton Siluanov Errusiako Finantza ministroari horren inguruan itaundu ziotenean, "aztertu beharreko gaia" zela onartu zuen.