Mundua
Bilera
Tsipras, Greziaren zorraz EBrekin akordioa lortzeko itxaropentsu
Erredakzioa
Greziako lehen ministroa Jean-Claude Junquerrekin bildu da Bruselan, eta François Hollanderekin Parisen.
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa "oso baikor" mintzatu da asteazken honetan Bruselan, Europako erakundeetako ordezkariekin hainbat bilera egin ondoren. Are gehiago, Greziaren zorrari eta erreskatearen negoziazioari buruz Europar Batasunarekin akordioa lortzeko itxaropena agertu du.
"Eztabaida hauen ondotik, oso baikorra naiz eta bide onetik goazela uste dut. Oraindik ez dugu adostasunik lortu, baina akordio bideragarri bat aurkitzeko norabide onean goaz", adierazi du Tsiprasek kazetarien aurrean. Greziako lehen ministroa Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentearekin, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin eta Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentearekin batzartu da.
"Gure helburua Greziako herriaren burujabetza eta gure herritarrek eman diguten agindu argia errespetatzea da, eta, aldi berean, Europar Batasuneko arauak errespetatzea. Marko hori zuzentzea da gure nahia, ez suntsitzea. Marko horren baitan, gure herritarrentzat konponbide bideragarri bat aurkitu dezakegula uste dugu", azpimarratu du Tsiprasek.
"Badakit Europar Batasunaren historian desadostasun asko izan direla, baina azkenaldian akordioak eta itunak ere izan dira. Norabide horretan lan egiteko borondatea daukagu eta bi aldeentzat onargarria izango den akordioa lortzeko lanean ari gara", gaineratu du.
Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentea ere oso baikor mintzatu da, Europar Batasunaren eta Greziaren arteko akordioa lortzeko aukeraz galdetuta. "Garai zailak ditugu aurretik, oraindik ez ditugu beharrezko konponbideak esku artean, baina lehen ministro greziarra Europarekin lankidetzan lanean ari dela uste dut eta ez Grezia banatzearen alde, eta hori da bide egokia", adierazi du Schulzek.
"Gure bileraren ondotik, oso baikorra naiz, eta bi aldeak elkar ulertzeko ahaleginetan ari direla uste dut", azaldu du Europako Parlamentuko presidenteak. Horren iritziz, Tsipras Europar Batasunarekin hitz egiteko prest agertu da, eta "elkarrizketa da konpromiso eta konponbide eraikitzaileak sortzeko oinarria".
Europar Batasuneko politika ekonomikoa aldetzeko eskatu dio Tsiprasek Hollanderi
Arratsaldean, François Hollande Frantziako presidentearekin bildu da Tsipras. Bere proposamenak “errealistak” direla eta akordioa “posible” dela esan ostean, Europar Batasuneko politika ekonomikoa goitik behera aldatzeko eskatu dio Tsiprasek Hollanderi.
“Europar Batasuna egonkorra izango bada, politika ekonomikoa aldatu behar da, politika ekonomikoa hazkundea oinarritu behar da”, azaldu du. Tsipras eta Hollande ordu eta erdiz izan dira bilduta Elisioko Jauregian, eta ondoren agerraldi bateratua egin dute.
Azkenen egunetako mezuari eutsiz, Tsiprasek berretsi egin du Grezia ez dela mehatxua Europako gainerako herrialdeentzat, eta proposamen “errealistak” egiten ari direla,
ten ari direla,