21:48

Mundua

Osborne-Varufakis bilera

Londres: 'Greziako krisia ekonomiarentzako arriskurik handiena da'

Erredakzioa

“Greziaren eta eurogunearen arteko liskarra munduko ekonomiarentzako arriskurik handiena dela argi dago”, ohartarazi du George Osborne Erresuma Batuko Altxorraren kantzilerrak.

1:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Yanis Varufakis Greziako Ekonomia ministroarekin bildu eta gero, Greziaren eta eurogunearen arteko liskarra munduko ekonomiarentzako “arriskurik handiena” dela ohartarazi du George Osborne Erresuma Batuko Altxorraren kantzilerrak. Horregatik, hazkundea eta enplegua sustatzeko ekimenak aurrera eramateko eskatu die bi aldeei.

“Elkarrizketa konstruktiboa izan dugu, baina Greziaren eta eurogunearen arteko liskarra munduko ekonomiarentzako arriskurik handiena dela argi dago, eta Erresuma Batuko ekonomiarentzako gero eta mehatxu handiagoa da”, azpimarratu du Osbornek Varufakisekin bilera egin eta gero.

Horregatik, jokabide “arduratsua” izateko eskatu dio Greziako Ekonomia ministroari. Era berean, hazkundea eta enplegua sustatzeko egitasmo hobeago bat eskatu dio euroguneari, “garai zalantzagarri hauei aurre egiteko”.

“Europak eta Erresuma Batuak kaosaren aurrean arrazoia aukeratzen dutela ziurtatu behar dugu”, erantsi du Altxorreko kantzilerrak.

“Aire freskoa”

Bestalde, bilera “oso konstruktiboa” izan dela adierazi du Varufakisek. Bilerak “aire freskoa” ekarri duela goraipatu du. “Aurrera egiteko puntu komunak” bilatzeko Europako gobernu eta buruzagi guztiek lan egin beharko luketela defendatu du.

“Bilera txundigarria izan dugu, nahiz eta desadostasunak izan puntu komunak bilatzeko orduan oso adi egon gara. Dagoeneko aurkitu ditugula uste dut”, ziurtatu du Greziako ministroak Channel 4 telebistan.

Troika ordezkatu beharra

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak berriz ere esan du Zipren egindako aurreneko bisita ofizialean, “troika ordezkatu beharra” dagoela, Europak “arnas hartu” behar duelako.

Nikos Anastasiadis Zipreko presidentea, halaber, bat etorri da Tsiprasekin troika ordezkatu beharra dagoela, “erreskate egoeran dauden herrialdeentzat gauzarik onena litzateke”.

Alemaniako Gobernuaren iritzian, ez dago arrazoirik Greziari emandako maileguen gaineko kontroletan aldaketarik egiteko, Atenasek troikaren (Europako Banku Zentrala –EBZ-, Europako Batzordea eta Nazioarteko Diru Funtsa, NDF) kontra egin gorabehera.

Cristhiane Wirtz Alemaniako Gobernuko bozeramaileordeak emandako prentsaurrekoan Handelsblatt ekonomiari buruzko egunkariak plazaratutako elkarrizketa bat izan du hizpide. Bertan, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak esan du prest egongo litzatekeela troika desegin eta Greziarentzat konponbide bat bilatzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena