10:56

Mundua

Aldaketa politikoa Grezian

Zentral elektrikoen pribatizazioa geldituko du Tsiprasek

Erredakzioa

'Mesede politikoak eta ustelkeria' atzean uztera eta 'azken 40 urteotan egin izan ezin diren erreformak' egitera etorri direla ziurtatu du Tsiprasek, bere agintaldiko lehen Ministroen Kontseiluan.

1:35
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alexis Tsipras Greziako lehen ministro berriak  bere agintaldiko lehen Ministroen Kontseilua zuzendu du gaur, igandeko hauteskundeetan Syrizak irabazi ondoren. Grezia "salbazio sozialaren" Gobernuaren aurrean dagoela esan du bere hitzaldian Tsiprasek. "Mesede politikoak eta ustelkeria" atzean uztera eta "azken 40 urteotan egin ezin izan diren erreformak" egitera etorri direla ziurtatu du.

Ministroen txandan, Panayiotis Lafazanis Berreraikuntza Produktibo, Ingurumen eta Energia ministroak iragarri duen lehendabiziko neurria hainbat pribatizazio bertan behera utziko dituztela izan da. Besteak beste, zentral elektrikoak pribatizatzeko prozesua "berehala" etengo dutela esan du. "Korronte elektriko merkeena lortzen saiatuko gara, lehiakortasuna bultzatzeko eta familiei laguntzeko", gaineratu du.

Tsiprasen Gobernuaren programan jasota dagoen punturik nagusienetako da elektrizitatearen alorra. Egoera ekonomiko larrienean dauden herritarrei (300.000 etxetara, gutxi gorabehera) argindarra doan eskaintzea proposatu dute.

Jristis Spirtzis Ekonomia eta Azpiegitura ministrordeak nabarmendu duenez, helburu sozialen kontra doazen pribatizazioak etetea da Gobernuaren helburu nagusienetako bat, eta horren adibide, portuen eta aireportuen pribatizazioak aipatu ditu.

Horren harira, Gobernuak lehenbailehen ezarri nahi duen neurrietako bat "lanbide arteko gutxieneko soldata" 586 eurotik 751 eurora igotzea da. Horretarako, "sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioei ekingo diegu berriro", esan du Skurletisek Ministroen Kontseilura sartu aurretik.

Iragarri dituzten neurriak ezartzeko, Parlamentuak prozedura zuzena erabiliko duela iragarri du Tsiprasek. Aurreko Gobernuak premiazko prozeduren bidez, eta eztabaidari ateak itxiz, dekretuak ezartzen zituela esan du lehen ministroak.

Gavriil Sakellaridis Greziako Gobernuko eledunak lehentasunenetan lehentasuna "zorraren negoziazioa" izango dela azpimarratu du. Politika ekonomikoa goitik behera erreformatuko dutela agindu du. "Gure kabinetearen antolaketa aztertuz gero, garbi ikusten da alor ekonomikoak duen pisua", esan du Sakellaridisek. "Europari mezu garbia utzi nahi diogu. Greziako herriak aldaketa nahi duela esan zuen igandean. Orain, egoerari irtenbidea ematea dagokigu guri", gaineratu du.

Burtsak atzera egin du

Atenasko Burtsak atzera egin du gaur goizean (saioa hasi eta bi ordura, % 5,65eko jaitsiera izan du), eta arrisku-saria 1.004 puntuko mailara igo da.

Atzerakada handiena bankuek pairatu dute, % 14 egin baitute behera.

aitute behera.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena