Mundua
Greziako hauteskundeak
Erredakzioa
Alemaniako Banku Zentralak akordioak "errespetatu" behar dituela ohartarazi dio Greziako hurrengo Gobernuari.
Albisteak (1)
Europako alderdi ezkertiarrek ongietorria eman diote Syrizaren garaipenari, baina eskuinak eta aginte ekonomikoek hortzak erakutsi dituzte.
Europako Batzordeak "errespetua" agertu du Syrizaren garaipenaren aurrean, eta Greziari "laguntzeko" prest agertu da. "Batzordeak errespetatu egiten du Greziako herritarren erabaki subiranoa eta demokratikoa, eta Gobernu berriarekin hitz egiteko prest gaude", adierazi du Margaritis Schinas bozeramaileak.
Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendariak ere "euroguneko barne arauak" errespetatzeko deia egin dio Tsiprasi. "Herrialde bati ezin zaio tratamendu berezia eman", gaineratu du.
Alemanian, Angela Merkel kantzilerrak ez du adierazpenik egin oraingoz, baina Frank-Walter Steinmeier Atzerri ministroak eta Jens Weidmann Alemaniako Banku Zentraleko (Bundesbank) presidenteak orain arteko akordioak "errespetatu" behar dituela ohartarazi diote Greziako hurrengo Gobernuari.
Europako Parlamentuan, Gianni Pittela Talde Sozialistako presidentea pozik agertu da, eta Greziako zorra berregituratzeaz hitz egitea ez dela "tabu bat" izan behar gaineratu du. Aitzitik, Manfred Weber Talde Popularreko buruaren ustez, "aurki argi geratuko da" Tsiprasek ez dituela beteko egindako promesak.
Frantzian, François Hollande presidenteak zoriondu egin du Tsipras, eta bi herrialdeen artean "lankidetza estua" izatea espero duela adierazi du, betiere "euroguneko egonkortasunaren eta hazkundearen zerbitzura".
David Cameron lehen ministro britainiarraren ustez, Syrizaren garaipenak "zalantza ekonomikoak" areagotuko ditu Europan.
Txinako Gobernuak ere babesa agertu dio Syrizari, eta bi herrialdeen arteko "lankidetza indartzea" proposatu dio.
Hauteskunde prozesu “arrakastatsuagatik” Grezia zoriondu du AEBetako Gobernuak eta Exekutibo berriarekin “estu lan egiteko” borondatea azaldu du.
Greziako herritarrek onartu behar izan dituzten neurri “zorrotz, baina garrantzitsuak” gogorarazi ditu Etxe Zuriak agiri batean. Neurri horiek “susperraldi ekonomikoaren oinarriak finkatzeko” balio izan dutela erantsi du.
Espainian, Mariano Rajoy presidenteak telegrama baten bidez zoriondu ditu Syrizako kideak. Hauteskunde hauetatik "Gobernu egonkor bat" ateratzea espero du Rajoyk. Jose Ramon Garcia Hernandez PPko Nazioarteko Harremanetarako idazkaria kezkatuta agertu da, Syrizaren arrakasta Podemosera, IUra, Bildura "eta ezker muturreko beste hainbat alderditara" zabal daitekeen beldur.
Bestalde, Esteban Gonzalez Pons PPren idazkariorde nagusiak esan du PSOEk, IUk eta Podemosek "Syriza izan nahi" dutela, eta argi adierazi nahi izan du: "Gu ez gara Syriza. Ez gara erradikalak, ez gara ezker muturrekoak, euroan sinesten dugu, eskubideetan sinesten dugu, eta oso harro gaude zentroko alderdi politiko bat izateaz".
Gainera, PPren Europarlamentuko bozeramaileak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagi ohiaren tuit bat izan du hizpide, Syrizaren garaipena "ospatu" duelako: "Otegi pozik badago Syrizaren garaipenarekin, espainiarrok ezin dugu pozik egon".
Bestalde, PSOEk honakoa idatzi du Facebooken: "Hiru urte daramatzagu Europar Batasunaren zorroztasun-sarraskia salatzen eta alternatibak proposatzen; Syrizak austeritatea amaitzeko elkarrizketa bideak abiatzea espero dugu".
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak parte-hartze aktiboa izan du Greziako hauteskunde kanpainan, Syrizaren alde, eta, orain, greziarrek "benetako presidente bat" izango dutela nabarmendu du, "Merkelen ordezkari bat izan beharrean".
Alberto Garzon IUko kideak Grezia "murrizketen bidetik atera izana" txalotu du, neoliberalismoak "suizidiora" eramango zuelako herrialdea.
Rosa Diez UPyDko burua pozik azaldu da, greziarrek alderdibitasuna "zigortu" dutelako, baina "Europatik at" konponbiderik ez dagoela ohartarazi dio Syrizari.
Euskal Herrian, Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak babesa agertu dio Syrizari, eta "zilegi ez den zorra" ez ordaintzearen alde egin du.
n alde egin du.2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa