18:26

Mundua

Hauteskundeak Grezian

Grezia matxinatu egin da troikaren aurka

Erredakzioa

Syriza ezkertiarrak aise irabazi ditu bozak, eta gehiengo osotik gertu geratu da.

01:02
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Syriza ezkerreko koalizioak irabazi ditu Greziako parlamenturako hauteskundeak, botoen % 36,32 eskuratuta, bozen % 90,25 zenbatuta, Barne Ministerioak kaleratutako lehen emaitza ofizialen arabera.

Datu horiek eskuan, Syrizak 149 eserleku eskuratuko lituzke eta, beraz, gehiengo absolutua lortzetik bi eserlekura legoke.

Orain arte agintean egon den Demokrazia Berria alderdia izango litzateke bigarren indarra, botoen % 27,9 (76 eserleku) lortuta.

Hirugarren postuan legoke Egunsenti Urrekara (% 6,3 eta 17 eserleku),To Potami alderdi zentristaren aurretik (% 6 eta 17 eserleku).

Ondoren kokatuko lirateke KKE Greziako Alderdi Komunista (% 5,47 eta 15 eserleku), orain arte Gobernuko kide izan den Pasok alderdia (% 4,72 eta 13 eserleku) eta Greziar Independentea alderdia (% 4,68 eta 13 eserleku).

Bestalde, Parlamentutik kanpo geldituko litzateke Sozialista Demokratikoen Mugimendua, George Papandreou lehen ministro ohiaren alderdi berria (% 2,45).

Gaur, ia hamar milioi greziar zeuden bozkatzera deituta eta ez da inolako istilurik izan, eguraldi txarrak eragindako oztopo batzuk salbu.

Barne Ministerioaren datu ofizialen arabera, parte-hartzea % 62,55ekoa izan da eta botoen % 2,32 zuriak eta baliogabeak ziren.

 

Grecia elecciones Grezia hauteskundeak EFE

Syrizako jarraitzaileak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Tsiprasek "austeritatearen" amaiera aldarrikatu du

Alexis Tsipras Syriza ezkerreko koalizioko buruak "austeritatearen gurpil zoroaren" amaiera aldarrikatu du, haren alderdiak Greziako hauteskundeak irabazi ostean.

"Agintaldi honen amaierarekin, austeriatearen gurpil-zoroa bukatuko da, eta austeritatearen eta hondamendiaren baliogabetzea gauzatuko da", adierazi du Tsiprasek Atenaseko Unibersitateko plazan, milaka jarraitzaileren aurrean, egin duen hitzaldian. Ildo horretan, troika iraganeko kontua dela azpimarratu du.

Tsipras nazioarteko mailegu-emaileekin bi aldeentzako onargarria den irtenbide bat negoziatzeko prest agertu da eta baieztatu duenez, "ez da hausturarik izango, baina menperatzeak ez du jarraipenik izango".

Hauteskunde emaitzei dagokionez, Syrizako buruaren esanetan, "ez dago ez irabazlerik, ezta galtzailerik ere". "Gaur, eliteen eta oligarken Grezia garaitua izan da", azpimarratu du. Horrela, "umiliazioz eta minez beteriko bost urteei amaiera emango zaie", gaineratu du.

Bestalde, Tsiprasek erreforma erradikalak agindu ditu, tartean, Greziako hazkunde ekonomikoa bultzatzeko egitasmo bat. Hori guztia dela eta, "Greziako herriak bide berri bat hasiko du"; "gure duintasuna eta burujabetza berreskuratzen ari gara".

Grecia elecciones Grezia hauteskundeak EFE

Alexis Tsipras Syrizako buruak Atenaseko Unibertsitateko plazan eskaini duen hitzaldian. Argazkia: EFE

Andonis Samaras lehen ministroak Alexis Tsipras zoriondu du

Andonis Samaras Greziako egungo lehen ministroak Alexis Tsipras Syrizako burua zoriondu du hauteskundeetan lorturiko garaipenarengatik, Kathimerini egunkari greziarrak, Syrizako iturriak aipatuz, dakarrenez.

Alderdikideen aurrean egindako ekitaldian, azpimarratu du herriaren borondatea errespetatzen duela eta eskerrak eman dizkie hautesleei "aurre egiteagatik". "Herriak hitz egin du eta bere erabakia errespetatzen dugu. Emaitza ez da ona guretzat", adierazi du.

"Gaur krisitik atera den Europar Batasuneko eta euroguneko herrialde bat uzten dut. Hurrengo Gobernuak arrakasta horiei eustea espero dut", gaineratu du.

"Demokrazia Berriak eutsi egin duela erakusten digute emaitzek. Neurri mingarriak hartu behar izan baditugu ere, botoen %2 soilik galdu dugu", nabarmendu du kontserbadoreen buruzagiak.

Grecia elecciones Grezia hauteskundeak EFE

Andonis Samaras Greziako egungo lehen ministroa. Argazkia: EFE

Alderdi neonazia, Greziako hirugarren indarra

Egunsenti Urrekara alderdi neonazia Greziako hirugarren indarra izatera igaro da, nahiz eta alderdiko goi-kargu gehienak kartzelan dauden, ekintza kriminalak egitea egotzita.

Kartzelan grabatu eta alderdiaren webgunearen bitartez zabaldutako bideo batean, Nikos Mijaloliakos Egunsenti Urrekara alderdiko buruak lorturiko emaitzak goratu ditu. Horren esanetan, emaitzak "kontuan hartzekoak dira, beti ere, kontuan hartuta ez dugula berdintasunezko tratamendua jaso, ezta demokratikoa ere". Mijaloliakosek eztabaida politikotik kanpo uztea eta "kalumnia borroka" batera makurtzea egotzi die politikarie eta hedabideei.

To Potami zentroko alderdia, Syrizaren gobernua babesteko prest

To Potami zentroko alderdia Syriza ezkerreko koalizioaren gobernua babesteko prest agertu da.

Stavros Theodorakis To Potami alderdiko buruzagiak nabarmendu duenez, berriz ere hauteskundeak deitzea eragotzi behar da, eta Syrizak aliatuak behar dituela azpimarratu du. "151 diputatu dituen alderdi batek ezin du herrialdea aldatu", argudiatu du.

Are gehiago, Greziako hedabideek baieztatu dutenez, Theodorakis Tsiprasekin elkartuko da datozen 48 orduotan.

Lehen ministro ordeak bere gain hartu du PASOKen emaitza txarren erantzukizuna

Evangelos Venizelos Greziako sozialisten buru eta egungo lehen ministro ordeak Syriza zoriondu du eta PASOK alderdi sozialistak lorturiko emaitza txarren erantzukizuna bere gain hartu du.

PASOK Greziako alderdi historikoetako bat da, izan ere, urteetan agintean egon da. Gaurko hauteskunde emaitzen arabera, ordea, botoen % 4,9 eta 13 eserleku eskuratu ditu. Hori dela eta, Venizelosek lorturiko emaitza "txikiaren" erantzukizuna bere gain hartu du, baina era berean, Giorgos Papandreu buruzagi historikoari eta lehen ministro ohiari kritika egin dio hauteskundeetara alderdi berri batekin aurkezteagatik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena