Mundua
Negoziazioak
EITB.EUS
AEBk eta Kubak aurrez aurreko negoziazioei hasiera eman diete gaur, eta bihar diplomazia eta enbaxadak izango dituzte hizpide nagusi.
Albisteak (7)
Kubak kezka agertu dio AEBri irlarekiko duen migrazio politika dela eta, Ajuste Legearengatik eta "oin lehorrak-oin bustiak" arauagatik bereziki, Habanako Gobernuarentzat araudi horiek direlako "AEBra legez kanpoko immigranteak joateko pizgarri nagusiak".
Alex Lee AEBko Latinoamerikarako Estatu Departamentuko idazkariordeak prentsaurreko batean azaldu duenez, AEB "kubatarren Ajuste Legeari eusteko" prest dago, irlarekiko immigrazio politikaren "gidari" delako eta izango delako aurrerantzean ere.
1966tik indarrean dagoen lege horrek, "oin lehorrak-oin bustiak" politikarekin batera, AEBetako lurzorua ukitzen duten legez kanpoko immigrante kubatarrak saritzen ditu, urtebeteko epean erresidentzia iraunkorrerako baimena eskatzeko aukera ematen baitie; itsasoan harrapatzen dituztenak Kubara bidaltzen dituzten bitartean.
Bestalde, Josefina Vidal Kubako Atzerri Harremanetarako Ministerioan AEBren ardura duenak errefusatu egin du lege horrek indarrean jarraitzean, "legez kanpoko immigrazioaren pizgarri nagusia" dela iritzita.
Diplomazialari kubatarrak azaldu duenez, lege horrek "lehentasunezko tratamendua ematen die kubatarrei" AEBn erregularizatu ahal izateko, eta horrek "AEBn sartu ahal izateko dokumentuen faltsutzea areagotu du".
Era berean, "osasun alorreko profesional kubatarrei beste herrialde batzuetan egiten ari diren misioak uztera" bultzatzen dituela uste du Vidalek, eta hori "immigrazio akordioen kontra" doala.
Desadostasunak desadostasun, Vidalek eta Leek bileraren "errespetu giroa eta izpiritu eraikitzailea" azpimarratu dute.
Akordioak
Kubak aitortu du AEB betetzen ari dela urtero 20.000 emigrante kubatarri baino gehiagori Kubara joan ahal izateko bisak emateko akordioa.
Bestalde, bi aldeek elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu dute legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko. Horretarako, bilera teknikoak egingo dituzte aldian behin, AEBko eta Kubako kosta eta muga zaindariek lehendik egiten duten moduan.
Gainera, dokumentuen faltsutzeari buruz aurki bilera bat egitea adostu dute, nahiz eta ez duten data zehatzik jarri.
Gainera, AEBren ordezkariak esan du sendiak elkartzeko egitasmoez ere hitz egin dutela.
Enbaxaden irekiera
Bihar hasiko dira, berriz, diplomazia harremanen inguruko elkarrizketak, eta enbaxaden irekiera izango da lehentasunezko gaietako bat. Bilera horietan Roberta Jacobson AEBko Latinoamerikarako Estatu idazkaria izango da estatubatuarren ordezkari nagusia. Herrialde bien Interesen Bulegoak benetako enbaxada bihurtzeko baldintzak eta ekimenak mahai gainean izango dituzte.
1953. urtean inauguratu zuten Habanan Interesen Bulegoa.
Bestalde, AEBko herritarrek Kubara bidaia egiteko “murrizketak” kentzea ere proposatuko du Jacobsonek. Hala ere, iragan astean bisita horiek malgutzeko aurreneko neurriak abian jarri zituzten.
Abenduaren 17an, Castrok eta Obamak agerraldi bana egin zuten, bost hamarkadaren ondoren, AEBren eta Kubaren artean akordioa lortu zela iragartzeko.
AEBk 1960an ezarritako blokeoarekin amaitzea da Kubaren helburu nagusia. Hala ere, Obamak ohartarazi du “epe luzera” jarritako helburua izango dela, Etxe Zuriaren eta Kongresuaren arteko akordioa nahitaezkoa baita blokeoarekin amaitu ahal izateko.
Harremanak epeltzeko aurreneko pausoak aste honetan bertan eman dituzte: besteak beste, AEBko bizilagunek Kubara bidaiatzeko baldintzak malgutu dituzte edota Telekomunikazio enpresei Kuban negozioak egiteko erraztasunak eman.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa