13:27

Mundua

Frantziako erasoen ostean

Europak mugetan eta Interneten kontrola areagotzea adostu du

Erredakzioa

Europan terrorismoaren mehatxupean dauden herrialdeetako Barne ministroek, AEBk eta Kanadak “terrorismoaren aurka borroka elkarrekin egitea” adostu dute.

1:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Europako zenbait herrialdetako, Ameriketako Estatu Batuek eta Kanadak elkarlanean aritzea adostu dute, terroristen joan-etorriak kontrolatzeko lanetan eta “muturrera doazen bektoreen” kontrako borrokan, bereziki Interneten.

Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak adierazpen bat irakurri du igandean egindako prentsaurreko batean. Bertan, Europan terrorismoaren mehatxupean dauden herrialdeetako Barne ministroek, AEBk eta Kanadak “terrorismoaren aurka borroka elkarrekin egitea” adostu dute.

Cazeneuvek Europako aipatutako herrialdeetako arne ministroekin batera egin du agerraldia, tartean Jorge Fernandez Diaz, “herritarrak babestu eta haien eskubideak defendatzeko beharrean” oinarritutako kanpaina horren berri emateko.

Horren ildotik, ministroak bilera sorta bat iragarri du, mugetako kontrol politika aldatzeko helburuarekin “beti ere pertsonen askatasuna bermatuta”. Gainera, “hegaldietako bidaiarien erregistro europar bat” sortzea adostu dute, Europar Batasunetik gerran dauden herrialdeetara doazen herritarrak kontrolpean izateko.

Era berean, Europako antisemitismoaren hedapenari aurre egiteko borroka indartzea itundu dute ministroek.

“Internet aniztasunerako gunea izan behar da, baina legea errespetatuz, arrazismoaren eta gorrotoaren adierazpenen kontra, terrorista berriak lortzeko helburuarekin egindako propagandaren aurka, terrorismoa goraipatzen dutenen kontra edo indarkeria sustatzen dutenen aurka”, esan du.

Halaber, Cazeneuvek aukera aprobetxatu du “segurtasun indarrak omentzeko, azken egunotan prezio handia ordaindu baitute”. “Hemen gaude, terrorismoaren fenomenoa denon arazoa delako. Terrorismoaren kontrako borrokarekin konprometituta gaude eta, borroka hori -Cazeneuveren esanetan- “globala izan behar da”.

“Ekiteko unea”

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren esanetan, “ekiteko unea” da, terrorismo jihadistaren kontrako borrokan, nazioarte mailan.

“Egunotan emozioak ahaztu barik, baina erabakitasunez, argi esan nahi dut ezin dugula gehiagorik itxaron. Ekiteko unea da. Gure argudioen indarrean sinistuta ekin behar diogu, segurtasunaren bilaketa eta askatasunaren defentsaren arteko oreka egokia errespetatuta”, esan du ministroak.

“Izuak ez du azken hitza”

Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidenteak “erabateko eta baldintzarik gabeko” kooperazioa eskaini dio Frantziari, Charlie Hebdo astekariaren kontrako atentatuen ostean eta, ziurtatu duenez, totalitarismoek, fanatismoek eta terrorismoek “ez dute sekula gatazka irabaziko”.

“Totalitarismoek, fanatismoek eta terrorismoek ez dute sekula gatazka irabazi, ez hemen, ez beste inon, eta etorkizunean ere ez dute irabaziko”, esan du Rajoyk hedabideen aurrean egindako agerraldi labur batean, Parisko manifestazioan parte hartu baino lehen.

“Gaurko manifestazioak zentzu handia dauka izuak azken hitza ez duela adierazteko, ez du orain, eta ez du sekula izango”, gaineratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena