Mundua
Tiroketa Frantzian
Erredakzioa
Frantzian 'dolu-egun nazionala' da gaurkoa, eta herritarrek eta agintariek bat egin dute atzoko tiroketaren 12 biktimak omentzeko.
Albisteak (3)
'Charlie Hebdo' aldizkari satirikoaren kontrako atentatuan hildako 12 lagunak gogoan izan ditu gaur Frantziak. Minutu bateko isilunearekin omendu dituzte, eguerdian, herrialdearen hiri eta herri gehienetan eta Frantziako erakunde nagusietan deitutako elkarretaratzeetan. Izan ere, herrialdean "dolu-egun nazionala" da gaurkoa. Bien bitartean, atentatuaren ustezko egileen bila dabil Polizia.
Parisen, Notre Dame katedralaren kanpaiek 12:00ak jo dituztenean hasi dira ekitaldiak. Francois Hollande Frantziako presidentea, Bernard Cazeneuve Barne ministroa lagun zuela, Pariseko Prefekturan egindako elkarretaratzean izan da. Errepublika plazan, hiriaren erdialdean, ehunka lagun bildu dira gaur. Frantziako Tolosan oso jendetsua izan da bilkura, milaka lagun batu dira deialdirik gabeko elkarretaratzean eta Marsellesa kantatuz bukatu dute.
Frantziako komunikabideek ere bat egin dute eguerdiko ekitaldiekin, eta Le Monde taldeak laguntza eskaini dio aldizkari satirikoari "bizirik irauteko". Parisko garraiobide publikoak (autobusa, metroa eta trena), bestalde, geldituta egon dira ordu horretan.
Hildakoak "heroiak" direla azpimarratu zuen atzo Frantziako presidenteak. "Askatasuna defendatzeagatik hil dira", gaineratu zuen. Hollandek berak deitu ditu gaur egin dituzten elkarretaratzeak.
Horrez gain, bi ganberetako presidenteekin bilerak egingo ditu egunean zehar, baita alderdi politikoetako buruzagiekin ere. Atentatuaren azken orduko albisteen berri ere jasoko du, Gobernuko ministroekin bilerak eginez.
Frantziak alerta egoera maila gorenera igo du eta, hortaz, segurtasun-neurriak indartu egin ditu hainbat esparrutan: elkarretaratze jendetsuetan, geltokietan, merkataritza-guneetan eta zentro ofizialetan, besteak beste. Frantziako hedabideetako egoitzetara polizia gehiago bidaliko ditu Gobernuak.
Europan ere, kontzentrazioak
Europar Batasuneko erakundeek banderak masta erdian utzi dituzte eta minutu bateko isilunea gorde dute biktimak omendu eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko.
Elkarretaratze jendetsuena Europako Ganberaren egoitzaren aurrean izan da. Martin Schulz presidentea, talde guztietako europarlamentariak, erakundeko langileak eta Pierre Sellal Europar Batasunean Frantziak duen enbaxadorea izan dira bilkuran, 'Je suis Charlie Hebdo' (Ni naiz Charlie Hebdo) kartelak aldean zituztela.
"Europar Batasuna ez inoren aurrean makurtuko eta Frantziak lortzen lagundu duen askatasunean atzera egingo", esan du Schulzek elkarretaratzean.
NATOn ere, bilkura isila egin dute gaur.
Atzotik, jota dago Frantzia
Atzo arratsaldean manifestazioa egin zuten Frantziako eta beste hainbat herrialdeetako hainbat hiriburutan, ?Gu ere Charlie gara? lelopean. Milaka lagunek bat egin zuten, astekariko biktimei eta langileei babesa eskaintzeko.
Agerkariaren ale bat eskuan hartuta, askok ?Marseillesa? abestuz eta oihu bakarra eginez, "Ni ere Charlie naiz" oihukatuz, egin zuten protesta. Bilkuretan izan zirenetako bat, Marco Arms marrazkilaria.
Espainiako Estatuan ere elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian, Kongresuaren aurrean. Minutu bateko isilunea egin dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa