09:52

Mundua

Guerrero estatua

Mexikoko ikasleek protestak gogortuko dituzte presioa areagotzeko

Erredakzioa

“Gobernuari eta enpresa pribatuei min gehien ematen dien lekuan egiten diegu eraso: haien ekonomian”, esan dute aurreko irailean desagertutako 43 ikasleen ikaskideek.

1:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aurreko irailaren 26an desagertutako 43 ikasleen ikaskideek iragarri dute protestak gogortuko dituztela, azken egunetan egin bezala: Acapulcoko aireportua hartu zuten astelehenean, eta autoak erre zituzten Guerrero estatuko Gobernuaren Jauregiaren atarian, besteak beste, eta Soleko Autobidean gasolina kendu zieten zenbait ibilgailuri.

Ayotzinapako Landa Eskola Normaleko Herri Biltzar Nazionalak (hangoak ziren desagertutako ikasleak) protesten egutegia osatu du, eta, horren arabera, merkataritza zentroak eta enpresak itxi, autobideen bidesariak hartu eta enpresa pribatuen produktuak daramatzaten ibilgailuak geldiaraziko dituzte.

Gobernuari eta enpresa pribatuei min gehien ematen dien lekuan egiten diegu eraso: haien ekonomian”, esan dio Herri Biltzar Nazionaleko kide batek Proceso aldizkariari. Horiek horrela, Peña Nietoren Gobernuari presioa areagotzea da euren helburua, desagertutako ikasleak modu eraginkorragoan bila ditzaten.

Horren ildotik, hori da ikasleen gurasoen eta ikaskideen samina adierazteko modua, horien ustez. Hilabete baino gehiago daramate ikasleak bueltatzea eskatzen, eta, gainera, sarraski horren egile intelektual eta materiala atzematea eskatu dute.

“Argi utzi nahi dugu gure kideak ez badira agertzen, bizirik ekartzen ez badituzte, protesta egiten jarraituko dugula”,  esan dio Uriel Alonso Solis Ayotzinapako Landa Eskola Normaleko ikasleen batzordeko kideak El Universal egunkariari.

Aurreko asteazkenean, are gehiago gogortu zituzten protestak Mexiko Hirian; kaputxadun batzuek autobus bat erre zuten, Mexikoko Unibertsitate Autonomo Nazionaletik gertu, ikasleek greba egin zuten egunean. Gainera, larunbatean, zenbait manifestarik su eman zioten hiriburuko Jauregi Nazionaleko ate nagusiari.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena