Mundua
Eskoziako erreferenduma
David Perez | eitb.eus
Independentistek galdu badute ere, erreferendumak Erresuma Batuaren mapa politikoa aldatuko du.
Eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitzea erabaki dute, duela bi urte Londresko Gobernuarekin adostutako erreferendum historiko batean.
Teorian, independentziaren alde edo aurka egitea erabaki behar zuten, baina, praktikan, independentzia edo autonomia handiagoa nahi zuten hautatu dute. Izan ere, buruzagi politiko britainiarrek (David Cameron kontserbadorea, Ed Miliband laborista eta Nick Clegg liberala) Eskoziari botere gehiago ematea promestu zuten erreferendumaren bezperan. Orain arte bezala jarraitzea ez zegoen balizko aukeren artean.
Hori dela eta, independentistek galdu badute ere, erreferendumak aldatu egingo du Eskoziaren eta Erresuma Batuaren arteko harremana. Eta ez hori bakarrik, Erresuma Batuaren Estatu eredua ere alda lezake.
Emaitzen berri izan bezain laster, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa azkar mugitu da, eta promestutakoa bete egingo duela aurreratu du. Hau da, Eskoziari botere gehiago emango dizkiola baieztatu du. Eta iragarpen horrekin ezusteko bat etorri da: Ingalaterrarekin, Galesekin eta Ipar Irlandarekin, Erresuma Batua osatzen duten gainerako nazioekin, berdin egingo duela gaineratu du. Horrenbestez, Erresuma Batuak federalismoaren bidean barrena egingo du, Estatua deszentralizatuagoa izango baita.
Paradoxa dirudien arren, Alex Salmond Eskoziako ministro nagusi eta erreferendumaren sustatzailea ez da esku hutsik geratuko. Duela bi urte Londresekin negoziatzen aritu zenean, Eskoziak autonomia handiagoa lotzea zuen helburu, eta lortu egin du.
Negoziazioak
Londresen lehentasuna eskuduntzak transferitzeko prozesua bizkortzea da, Cameronek, Milibandek eta Cleggek promestutakoa egia dela erakusteko.
Besteak beste, hainbat zergaren (pertsona fisikoen gainekoa eta kapital mozkinena, kasu) bilketaren ostean emandakoa handitzeko prest agertu da Erresuma Batuko Gobernua.
Gainera, baliteke etxebizitzen prestazioen, lan integrazioaren eta Ongizatearen arloko beste hainbat eskuduntzaren kudeaketa ere transferitzea.
Nolanahi ere, petrolioa, pentsioak, Defentsa eta Atzerri politikak Londresen esku izango dira.
Egun, hezkuntzaren, osasunaren, ingurumenaren, etxebizitzaren eta kulturaren arloetan ditu eskuduntzak Eskoziak. Autonomia zabala da, baina Euskadikoa baino txikiagoa hala ere, zerga arloan ahalmen urria duelako.
Transferentzia berriekin, unibertsitate hezkuntzak doakoa izaten jarraitzea eta osasun sistema ez pribatizatzea lortuko dute eskoziarrek.
Epeak
David Cameronek gaur zehaztu duenez, azaroan transferentzien Liburu Zuria aurkeztuko dute, eta urtarrilaren amaieran lege bihurtuko dute.
Helburua Eskoziako autonomia 2015. urteko hauteskunde orokorrak egin baino lehen handitzea da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa