Mundua
Eskoziako erreferenduma
Erredakzioa
Botoa erabakita ez dutenek eta Eskozian bizi diren atzerritarrek izango dute gaur independentziarako erreferendumaren emaitzen giltza.
Albisteak (2)
Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)
Ezbaian dauden boto-emaileek eta, nahiz eta politikariek beraien botoa ez bilatu, Eskozian bizi diren atzerritarrek izan dezakete gaur garaipenaren gakoa; izan ere, erreferendum estua espero da eta boto bakar batek guztia erabaki dezake.
Kanpaina amorratu eta parekatu bat bukatu eta gero, asteazken honetan argitaratutako azken hiru inkestek ezetzari ematen diote garaipena. Independentziaren kontrakoak boto-emaileen % 52 dira, inkesta horien arabera.
Hala ere, The Scotsman, Daily Mail eta Daily Telegraph egunkariek argitaratutako inkestek ez dituzte ezbaian dauden boto-emaileak kontuan hartu. Ezbaiko botoak % 14 eta % 8 artean izan daitezke eta azken emaitza erabaki dezakete.
"Bizitzan aukera bakarra" izan daitekeena aprobetxatzeko eskatu die Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak herritarrei kanpainaren amaieran.
"Historiaren orrialdeetan gure arrastoa uzteko abagune bikaina da. Herrian barna ibili naiz kanpaina ugaritan, baina sekula ez dut horrelako esperientziarik bizi, ez dut inoiz horrelako aktibismo politikorik ikusi", adierazi du Salmondek Perthen, Eskoziako erdialdean.
Parte-hartze historikoa
Ostegun honetako erreferendumean parte-hartze historikoa izango da, % 80 ingurukoa. Markak hautsi eta 4,28 milioi hauteslek izena eman dute botoa eman ahal izateko. 16 urtez gorako herritarren % 97k eman dute izena.
2.608 hautesleku eta 5.579 mahaiak 07:00etan zabalduko dituzte (ordubete gehiago Iberiar penintsulan) eta 22:00etan itxiko dituzte. Bi aldeetako boluntarioek ikuskatuko dute deialdia. Era berean, segurtasun indarrek dispositibo berezia prestatu dute normaltasuna bermatzeko.
Baiezkoaren aldekoak Edinburgon. Argazkia: EFE
Hauteslekuak itxi eta gero, aurreneko datuak plazaratzeko gutxienez hiru ordu beharko dituzte arduradunek.
Hiri handietako emaitzak, Glasgowko edo hiriburuko emaitzak, alegia, ez dituzte ostiraleko 05:00ak aldera arte argitaratuko. Orduan garailea forma hartzen hasiko da.
32 barrutietako zenbaketa bukatu eta gero, eskoziarren behin betiko erabakiaren berri emango du Mary Pitcaithly zenbaketaren arduradun nagusiak.
EAJren ordezkaritza Edinburgon
EAJk, Kataluniako CDCk eta Flandriako Nieuw-Vlaamse Alliantiek (N-Va) manifestu bateratu bat adostu eta irakurri dute Edinburgon. Andoni Ortuzar EBBko presidenteak irakurketan parte hartu du. Horrela, Eskoziako herriari eta herritarrei zorionak eman dizkiete, ostegun honetan "herri gisa duten eskubidearen arabera, aske eta demokratikoki Eskoziaren etorkizuna erabakiko baitute".
Era berean, "Erresuma Batuko alderdi unionisten zentzua eta sentiberatasuna" txalotu eta aintzat hartu du manifestuak; izan ere, "Eskoziaren etorkizuna eskoziarrek erabaki behar dutela naturaltasunez onartu dute".
EAJk jakitera eman duenez, testua Edinburgoko Gazteluaren aurrean irakurri dute, Ortuzar eta Aleix Sarri CiUko ordezkaria bertan zirela.
Motozale bat Klimanrocken. Argazkia: EFE
Eguerdian, Ortuzarrek, Iñaki Goikoetxeak, Joseba Aurrekoetxeak, Aitor Olaizolak eta Jose Maria Etxebarria EAJren Atzerri Batzordearen arduradunak osatutako ordezkaritza jeltzalea David McCrone Edinburgoko Unibertsitatearen Zientzia Politikoko Unibertsitateko buruarekin bildu da. Eusko Legebiltzarreko Autogobernuaren batzorde txostengilean parte hartu behar du McCronek.
Ortuzarrek bertan adierazi duenez, Espainiako Gobernua, PP eta PSOE ere Edinburgon egon beharko lirateke, ez bakarrik alderdi abertzaleak, Eskoziako prozesuaren "normaltasunaz eta demokraziaz ikasi" beharko luketelako.
EH Bildu
Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren hitzetan, erreferendumaren emaitza bata ala bestea izan, "Eskoziak dagoeneko irabazi du, herritarrek etorkizuna demokratikoki erabaki ahal izango dutelako, inongo betorik eta mugarik gabe".
"EBn prozesu soberanista bat demokratikoki azkeneraino eramateko baldintzak badirela erakutsi du Eskoziak", esan du Urizarrek. Eskoziako erreferenduma egin ostean, "Euskal Herrikoa laster errealitate bat izango da", erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa