23:34

Mundua

Eskoziako erreferenduma

Bero-bero Edinburgon

Juan Carlos Etxeberria | Edinburgo

24 ordu baino ez dira falta erreferendumerako eta ez dago British Style lasai eta dotorearen arrastorik. Dagoeneko hiruzpalau lankidek "Euskal ikuspuntua" eskatu didate euren kroniketan sartzeko.

  • Argazkia: Juan Carlos Etxeberria

    Argazkia: Juan Carlos Etxeberria

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hemen giroa berotzen ari da. Tenperatura ez, hori ez. Are gutxiago jakinda Euskadin 32 gradurekin zabiltzatela. Hemen erdira ez gara iristen.

Gaur, behintzat, ez du euria ari, eta auto batek harrapatzen bazaitu ez da izango autoa laino artean ez duzulako agertzen ikusi, baizik eta kalea zeharkatzean oker begiratu duzulako. Kontrako noranzkoan zirkulatzen dutela ahazten zait beti!

Eta hori ez dute aldatzeko asmorik. Ostegunean gerta ala gerta, The Queen, British libera eta BBCrekin jarraitzeko asmoa dute. Beraz, esan gabe doa bide-seinale guztiak aldatzeko batere gogorik ez dutela.

Barkatu. Laino artean galdu naiz. Kanpaina berotzen ari dela esaten ari nintzen. 48 ordu baino ez dira falta erreferendumerako eta jada ez dago British Style lasai eta dotorearen arrastorik.

Telebistako eztabaidetan, builaka, "NO" aukeraren aldekoak "YES" aukeraren aldekoari "gezurti" deitu dio. Eta besteak ere bai. Kalean "Teleberri" albistegirako kronika grabatzen gaudela, "italiera pixka bat" dakien eta "dena" ulertu duen emakume bat hurbildu zaigu eta unionisten promesekin ez dela fidatzen esan digu.

Nik uste nuen anglosaxoiek gauza hauek beste era batera egiten zituztela! Baina, ez. Eta bihartik aurrera... inbasioa. Kazetarion inbasioa, Edinburgon bakarrik 1.000tik gora espero baitituzte.

Bide batez, esango dizuet euskaldunok oso kotizatuta gaudela. Badakizue, paralelismoak egiteko oso erabilgarriak dira gai hauetan eta kazetari guztioi (berdin du Txinakoa edo Luxenburgokoa izan) paralelismoak egitea asko gustatzen zaigu. Bi egun hemen eta dagoeneko hiruzpalau lankidek "Euskal ikuspuntua" eskatu didate euren kroniketan sartzeko. Eskerrak bihar katalanak datozen. Presio gutxiago guretzat.

Tira, ez nuke nahi gehiegi banalizatzea. Ostegunekoak mami asko dauka eta saiatuko naiz horrek merezi duen seriotasun eta zorroztasunarekin kontatzen. Eta horren harian, ohar bat: adi, bihar, kanpainaren azken egunean, Salmondek egingo duen diskurtsoari. Salmond emozioak eragiten maisua dela esan dute. Eta emozioak jendea mugiarazten du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena