Mundua
Eskoziako Erreferenduma
Erredakzioa
Dirua, ekonomia, Europar Batasuna, autogobernua eta beldurra dira, zalantzarik gabe, Eskoziako independentziari buruzko erreferendumaren eztabaidagai nagusiak.
Albisteak (3)
Dirua
Eztabaidagai nagusia da. Ezezkoaren aldekoen esanetan, baietzak irabaziko balu Eskozia liberatik kanpo geratuko litzateke eta, ondorioz, eskoziarren patrikak eta ekonomia pobretu egingo lirateke. Alex Salmondek, berriz, kontraerasora jo du hau esanez: Eskozia diru britainiarretik at uzten bada, estatu berriak ez du Erresuma Batuko zorraren dagokion partea bere gain hartuko. Salmonden lehen aukera da Londresekin adostasun bat lortzea libera erabiltzen jarraitu ahal izateko. Ezezkoaren aldekoen iritzian, berriz, libera izaten jarraitzeak subiranotasuna galtzea ekarriko luke, diruaren inguruko erabakiak Londresen hartuko baitira. Mahai gainean egon diren beste aukera batzuk Eurogunean sartzea edota diru berria sortzea izan dira.
Ekonomia
Eskozia independentea ekonomikoki bideragarria litzateke? Ipar itsasoko petrolio erreserbek eta herrialdeko egitura industrialak abertzaleen diskurtsoa indartu dute. Eskoziako Barne Produktu Gordina Erresuma Batukoa baino handiagoa da, petrolioak sortzen duen aberastasunaren eraginez. Olio beltza, ordea, ez da betiko, eta hori gabe ekonomia gainbeheran sartuko litzatekeela diote ezezkoaren aldekoek. Zenbait pentsamendu taldek egindako txostenen arabera, aitzitik, Eskozia libre baten defizita handiagoa litzateke eta, ondorioz, zergak igo beharko lituzkete. Gainera, Europar Batasunean berriz sartzeko zenbait urte beharko lituzke Eskoziak.
Europar Batasuna
Europako klubean jarraitzea ala ez eztabaida politikoaren erdi-erdian dago Erresuma Batuan. Izan ere, Europarekiko eszeptizismoak bultzatuta, David Cameronek EBn jarraitu edo ez erabakitzeko erreferenduma agindu du. SNPk eta laboristek ez dute zalantzarik Eskozia independenteak Europar Batasuneko kide izan beharko lukeela. Baina erreferendumean ezezkoa bultzatzen dutenen iritzian, onarpena jaso arte Batasunetik kanpo hainbat urtez aritzeak zailtasun handiak eragingo lizkieke eskoziarrei.
Autogobernua
Ezezkoa suspertzeko, Londresek autonomia gehiago agindu die eskoziarrei ezezkoak irabazten badu. Zerga gehiago kudeatzeko aukera izango luke Eskoziak, Cameronen gobernuak iragarri duenez. SNPren esanetan, berriz, eskoziarrei eragiten dieten erabaki gehienak Westminsterren hartzen dira eta bertan Eskoziako parlamentarien pisua oso txikia da. "Independenteak bagara, hobeto zuzenduko dugu gure etorkizuna", Salmonden hitzetan.
Beldurra
Ezezkoaren aldeko kanpaina beldurraren kanpaina izan da, neurri handi batean. Adibide gisa, eskoziarrek independentzia lortuz gero, autoak, Europa guztian bezalaxe, eskuinetik gidatu beharko dituztela ere zabaldu da. Horrelako mamuetatik ihes egin nahi izan du Alistair Darlingek, ezezkoaren kanpaina gidatu duen politikari eskoziarrak. Baina, azken finean, Erresuma Batuko Koroaren babesa galtzeak ekar lezakeen kezkak pisua izan dezake eskoziar askoren azken erabakian.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa