Itxi

Mundua

Operazioa Iraken

Alemaniak eta Australiak armak bidaliko dizkiete Iraken dauden kurduei

Erredakzioa

Hortaz, hegazkin australiarrek AEB, Albania, Kanada, Kroazia, Danimarka, Italia, Frantzia eta Erresuma Batu herrialdeetako hegazkinekin bat egingo dute, Estatu Islamiarraren kontrako borrokan.

1:06
Armak Irak

Australiak iragarri duenez, Iraken dauden soldadu kurduentzako armak eramateko operazioan parte hartuko du, AEBk eskatu bezala, Estatu Islamiarren kontrako borrokan laguntzeko.

Tony Abbott Australiako lehen ministroak iragarri du erabakia ohar baten bidez. Gainera, zehaztu duenaren arabera, Australiak Hercules C-130J eta Globemaster C-17A modeloetako hegazkin bana eramango du, ABC telebista-kate australiarraren arabera.

Hortaz, hegazkin australiarrek AEB, Albania, Kanada, Kroazia, Danimarka, Italia, Frantzia eta Erresuma Batu herrialdeetako hegazkinekin bat egingo dute, Estatu Islamiarraren kontrako borrokan.

"Operazioak abian dira dagoeneko", esan zuen John Kirby kontralmirante eta Pentagonoko bozeramaleak; gainera, "datozen egunetan" bizkortuko direla zehaztu zuen.

"Nazio askoren ahalegin hau -Irakeko Gobernuak (Bagdad) koordinatuta- lagungarri izango zaie tropa kurduei Estatu Islamiarraren mehatxu terrorista basatiari aurre egiteko orduan", bozeramalearen hitzetan.

Alemaniak tankeen kontrako misilak eta metrailadoreak bidaliko dizkie kurduei

Angela Merkel Alemaniako kantzillerra bere ministroekin elkartu da igande arratsaldean Iraken borrokan diharduten kurduei armak nola bidali zehazteko. Alemaniako hedabide nagusien aurreratu dutenez, Alemaniako Gobernuak kurduei tankeen kontrako misilak eta metrailadoreak bidaltzea adostu du.

Astelehenean Alemaniako Parlamentuak onespena emango dio arma bidalketari.

Irakeko Armadak eta milizia xiitak Amerli herrian sartu dira

Irakeko Armadak eta milizia xiitek Irak iparraldeko Amerli herrian sartzea lortu dute, AEBko Armadaren bonbardaketen ondoren Estatu Islamiarraren bi hilabeteko setioa gaindituta.

Amerliko alkateak eta Irakeko Armadako kideek jakinarazi dutenez, soldaduek eta milizia xiitek herriaren ekialdeko jihadistak menderatzea lortu dute, eta handik barrena herrian sartzea lortu dute. Dena den, herriaren iparraldean borrokan jarraitzen dutela azpimarratu dute.

Jihadistek bi hilabetez setiatu dute xiitak gehiengoa diren herria, eta gaur AEBko Armadak egindako bonbardaketen ondotik, herritarrei giza-laguntza eman diete.

Estatu Islamiarreko 26 kide hil dituzte

AEBko Armadak Estatu Islamiarreko 26 miliziano hil ditu igande honetan Zammar barrutiaren kontra egindako erasoan, NINA Irakeko albiste agentziak zabaldutako datuen informazioaren arabera.

Auzitegi Medikuntza departamenduko iturriek baieztatu dutenez, Estatu Islamiarreko 26 kideren hilotzak jaso dituzte.