Mundua
Minsken
Erredakzioa
Kievek "bide orria" egingo du, errusiazaleekin tregoa adosteko. Putin, halaber, laguntzeko prest agertu da eta gas horniduraren inguruko negoziazioei berrekingo dietela esan du.
Putin eta Poroshenko elkarri bostekoa ematen, Catherine Ashtonen begiradapean. Argazkia: EFE
Albisteak (8)
Informazio gehiago (1)
Poroshenkok esan duenez, Kievek "bide orria" egingo du, tregoa adosteko. Putin laguntzeko prest azaldu da, bake elkarrizketak ematen badira. Gainera, gasaren gaineko negoziazioei ekingo diete.
Petro Poroshenko Ukrainako presidenteak iragarri duenez, bere Gobernuak "bide orria" egingo du errusiazaleekin su etena adosteko helburuarekin, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin Minsken bilduta egon eta gero.
"Bide orria prestatuko dugu, su etena lehenbailehen lortzeko", esan du Poroshenkok. Gainera, Kieveko buruak balizko su etenaren "aldebiko izaera" azpimarratu du.
Bestalde, Minsken izandako bilerak "gogorrak eta zailak" izan direla esan du. Bileretan, Bielorrusia eta Kadakshtango ordezkariak ere izan dira, Catherine Ashton EBko Atzerriko Politika eta Amankomuneko Segurtasuneko ordezkariarekin.
Era berean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak bere Gobernuaren laguntza eskaini du, Kieven eta errusiazaleen artean bake elkarrizketa epea zabalduz gero, baina azpimarratu egin du Ukraina dela baldintzak sortu behar dituena.
Gainera, Putinek iragarri duenez, bileran, Ukrainan odol isuria eteteko beharraz ere hitz egin dute.
Horrez gain, Putinen esanetan, Ukrainako gas horniduraren gaineko negoziazioei berrekingo diete bi aldeek.
"Bide militarra ez da konponbidea"
Vladimir Putin Errusiako presidenteak bilera egin baino lehen esan duenez, Ukrainako krisia ez da konponduko operazio militarrak areagotuz bakarrik, edo errusieraz hitz egiten duten herrialdeko ekialdeko eskualdeetako ordezkariekin hitz egin gabe. Minsken (Bielorrusia) egin ditu adierazpen horiek, Petro Poroshenko Ukrainako presidentearekin bildu baino lehen.
Halaber, Putinek esan du ekonomia errusiarrak 10.000 milioi errubloko galera izan lezakeela (2.770 milioi dolarrekoa) produktu europarrak Errusiara Ukrainaren bidez heltzekotan. Kievek merkataritza-akordioa sinatu du Europar Batasunarekin, hori islatzeko.
Ildo horretan, Putinek ohartarazi du Moskuk merkatarizako neurriak hartuko lituzkeela, hori gertatuko balitz, eta esan du Bielorrusian eta Kazakhstanen ere eragina izango lukeela (Errusia liderra duen aduana-ituneko bazkideak dira bi herrialde horiek).
Poroshenko: "Europaren eta munduaren etorkizuna Minsken erabakiko da"
Bere aldetik, Petro Poroshenko Ukraino presidenteak ziurtatu du Europaren eta munduaren etorkizuna Minskeko goi-bileran erabakiko dutela. Vladimir Putin eta Europar Batasuneko ordezkariak ere bertan egongo dira.
"Goi-bilera honetan, munduaren eta Europaren etorkizuna dago jokoan. Horrela ikusten dut nik", esan du Poroshenkok, bileraren hasieran, Errusiako agentzien arabera.
Poroshenkok, halaber, Ukrainako ekialderako bere bake plana babesteko eskatu du. Plan horretan, Errusiaren aldeko milizien desarmea eta Ukrainako deszentralizazioa proposatu ditu; hala ere, krisiari amaiera emateko beste bideak ere eztabaidatzeko prest dago.
Putin eta Poroshenko, aurrez aurre
Putin eta Poroshenko Minsken bildu dira gaur, Ukrainako krisiaz hitz egiteko, bi agintarien bozeramaleek jakinarazi dutenez.
"Bi presidenteak bilduta daude orain", esan du Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaleak, RT Errusiako hedabidearen arabera.
"Aldebiko bilera hasi berri da Poroshenko presidentea eta Putin presidentearen artean", Ukrainako Gobernuak Twitter sare sozialean duen kontuaren bidez jakinarazi duenez.
Putinen eta Poroshenkoren arteko batzarra ez zegoen aurreikusita. Minsken goi mailako zenbait ordezkari politiko bildu dira gaur Ukrainak eta EBk Eurrusiako aduanen batasunaren inguruan egindako akordioaren ondorioez hitz egiteko.
Ekainaren 6az geroztik bi presidenteek izandako lehenengo bilera izan da gaurkoa. Ekainean, Normandiako lehorreratzearen 70. urteurrena dela eta, bi presidenteek solasaldi labur bat izan zuten.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa