23:59

Mundua

Gatazka

Israelek eta Palestinak su-etena adostu dute

Erredakzioa

Gazako biztanleek indarkeriaren amaiera ospatu dute. 50 eguneko gerrak 2.100 palestinar hil ditu; horietatik laurden bat, haurrak.

1:29
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Egiptoko Gobernuak gaur jakinarazi du Israelgo eta Palestinako ordezkariek adostu duten su-etena indarrean sartu dela 19:00ean (Euskal Herrian, 18:00ean).

Egiptoko Atzerri Ministerioak adierazpen batean azaldu duenez, "palestinarren bizitzak babesteko eta odol-isuriarekin amaitzeko, Egiptok bi aldeekin hitz egin du su-eten iraunkorra eta aldeaniztuna ezartzeko".

Indarkeriaren amaierarekin batera, akordioak zehazten duenez, Gazaren eta Israelen arteko mugak zabalduko dira laguntza humanitarioa eta Zerrenda berreraikitzeko materiala sartzeko.

Adostasunari esker, Palestinako arrantzaleek euren kostaldean sei miliatako erradioan arrantzatu ahal izango dute.

Gainera, bi aldeen arteko negoziazio ez zuzenak hilabete barru jarraituko du, airean gelditu diren kontuak zehazteko.

Egiptok "Palestinako herriaren helburuekin eta lidergoarekin duen konpromisoa" berretsi du, eta eskualdera bakea ekarriko duen Estatu palestinar independente bat sortzearen alde agertu da.

 

Mutiko palestinar bat su etena ospatzen. EFE

Israelek erasoak erabat gelditzean soilik hitz egingo du Hamasekin

Israeleko Gobernuak gaur jakinarazi du berriro Palestinarekin Kairoko negoziazioetan parte hartuko duela Hamasek Gazako Zerrendatik suziriak jaurtitzeari uzten badio.

"Israelek Egiptoren proposamena onartzen du, uztailaren 15ean egin bezala", adierazi du Mark Regev, Benjamin Netanyahu Israelgo ministroaren bozeramaileak.

Gazako biztanleek su-etena ospatu dute

Milaka gazatar suntsitutako kaleetara atera dira gaur, Israelekin gerra amaitu dela ospatzeko. 50 egunez iraun duten bonbardaketek 2.100 hildako utzi dituzte.

Su-etena indarrean sartu eta gutxira, mezkitetako "garaipenerantz" oihuak "Alahu Akbar" (Jainkoa handia da) aldarriekin nahastu dira.

Azken erasoak etenaren aurretikOspakizunak Gazako Zerrenda osoan zehar. EFE

Israeldar bat hil da gaur Eshkol herrian, Gazatik jaurtitako mortero palestinar baten ondorioz.

Daviden Izar Gorria (Gurutze Gorriaren parekidea) erakundeak jakinarazi duenez, beste sei pertsona zauritu dira erasoan; horietatik bat egoera kritikoan dago, eta beste bat, larri.

Su-etena adostu baino minutu batzuk lehenago jaurti dute morteroa.

Lekukoen arabera, su-etena iragarri eta indarrean sartu artean igaro diren bi orduetan, Israelgo abiazioak bonbardaketak indartu ditu, eta Palestinako miliziek suziri gehiago jaurti dituzte Israel hegoaldera.

Eraso horietan, hiru palestinar hil dira, Rafah hirian misil israeldar batek harrapatuta. Guztira, 10 palestinar zendu dira gaur.

Gatazkaren balantzea

50 egun iraun du gatazkak, eta 2.100 palestinar zendu dira bertan; gehienak, zibilak, eta laurden bat, haurrak.

64 soldadu israeldar hil dira milizien aurkako erasoetan, baita hiru zibil israeldar –tartean haur bat-, beduino bat eta langile asiar bat ere.

Gainera, 450.000 palestinar baino gehiagok euren etxebizitzak utzi behar izan dituzte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena