20:43

Mundua

72 orduko tregoa

Isiltasuna eta hondamena Gazan, su-etenaren aurreneko egunean

Erredakzioa

Denda ugarik ateak zabaldu dituzte eta Zerrendako biztanleak etxetik atera dira eta babesleku inprobisatuak utzi dituzte, beldurrarekin bada ere kaleetan ibiltzeko.

1:16
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gazak isiltasuna berreskuratu du gaur lehen aldiz azken hilabetean, 72 orduko su-etena indarrean sartu eta gero. Israelgo tropek atzera egin eta gero, Zerrendako biztanleek hondamendiaren nondik norakoak ikusteko aukera izan dute kaleetan.

29 eguneko borroka odoltsuen ostean liskarrak amaitu dira. Hala ere, mugako bi aldeetan eszeptizismoa da nagusi, bart enegarren su-etena adostu eta gero, Kairon.

Guztira, Palestinako Zerrendan 1.867 pertsona hil eta beste 9.563 zauritu dira, gehienak zibilak, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera. Israelen erasoaldia uztailaren 8an hasi zen.

Goizeko lehen ordutik denda ugarik ateak zabaldu dituzte eta Zerrendako biztanleak etxetik atera dira eta babesleku inprobisatuak utzi dituzte, beldurrarekin bada ere kaleetan ibiltzeko. Bien bitartean, merkatuek eta zirkulazioak pixkanaka-pixkanaka normaltasuna berreskuratu dute.

Zerrendako ospitaleak lepo daude; izan ere, biktimen kopurua izugarria da. Datozen egunetan biktimen kopuruak gora egin dezake bonbardatutako etxebizitzen hondakinak arakatzen dituztenean. 1.000 etxe baino gehiago birrindu dituzte bonbardaketek.

Kalteak 5.000 milioi dolarretan zenbatu dituzte Gazan, eta berreraikuntza lanetan urteak emango dituzte. Gainera, su-eten iraunkorra lortzeko Egipton egiten ari diren negoziazioek azken zazpi urteetako blokeoa bertan behera utz dezakete, eta horrek berreraikuntza lanak erraztu ditzake.

Zerrendako iparraldean eta ekialdean kalteak ikaragarriak dira. Bertan Israelgo 50 soldadu hil ziren borroketan. Guztira, 64 soldadu hil dira operazio militarrean.

Su etena Gazan efe

Palestinako familia bat etxera itzultzen Beit Hanounen. Argazkia: EFE

Su-eten makalaren hasiera

Israelgo Gobernuak eta Hamasek 72 orduko beste su-eten bat hasi dute 08:00etan (07:00ak, Euskal Herrian), antzeko tregoa batek porrot egin eta lau egunera, eta atzo Israelek alde bakarreko su-eten bat urratu eta gero. Oraingoz, bi aldeak errespetatzen ari dira su-etena.

Tel Aviveko Armadako bozeramaile batek baieztatu egin du Egiptok proposatutako su-eten hau ezarriko duela.  Gainera, Armadak tropak erretiratu egin ditu Gazatik.

Bestalde, Sami Abu Zuhri Hamaseko bozeramaileak ere 72 orduko "lasaitasuna" onartzen duela iragarri dio Egiptori.

Tunel guztiak, suntsituta

Eguneko lehen orduetan, Israelgo Armadak Hamasek Israel eta Gaza arteko mugan eraikitako tunel guztiak dagoeneko suntsitu dituela iragarri dute hainbat irrati-kate israeldarrek.

Hain zuzen ere, gutxienez 32 tunel suntsitu dituzte soldaduek.

Hamasen tunelak suntsitzea Gazan sartzeko aitzakia zen Israelgo Armadarentzat. Horrenbestez, tropak erretiratu izana horren ondorio da, su-eten iragarpena baino gehiago.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena