07:23

Mundua

Gazaren aurkako erasoaldia

Ramadanak amaiera odoltsua izan du Ekialde Hurbilean

Erredakzioa

Gutxienez 23 palestinar hil dituzte Gazan. Bestalde, Israelgo bost soldadu hil dituzte Gazako Zerrendan eta mugatik gertu.

1:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ramadanaren amaiera ospatzeko jaia, egutegi musulmaneko garrantzitsuenetarikoa eta zoriontsuena, egun odoltsua bilakatu da Ekialde Hurbilean. Gutxienez 23 pertsona hil dituzte Gazan, horietako zortzi umeak.

Gainera, Palestinako lau ekintzaile hil dituzte Israelgo indarrek, Canal 10 Israelgo telebistak jakitera eman duenez. Antza denez, Gazako Zerrendatik zulatutako tunel baten bidez eraso egiten saiatzen ari ziren.

Israelgo bost soldadu hil dituzte gaur Gazako Zerrendan eta mugatik gertu, Armadak jakitera eman duenez.

Duela hiru aste Israelek erasoaldia hasi zuenetik 48 soldadu hil dira borroketan.

Lau soldadu hil eta sei zauritu dituzte Gazako Zerrendatik jaurtitako morteroek Eshkolen, Israelgo komunikabideek jakinarazi dutenez. Bi zauritu oso larri daude.

Gutxi geroago, Azedim Al Kasam Hamaseko talde armatuak erasoa bere gain hartu du. Gainera, gaur Israelen hamar soldadu hil dituztela ziurtatu dute brigadek.

Israelen erasoak

Gutxienez hamar lagun, horietako gehienak adingabeak, hil dituzte gaur eta 40 zauritu dira, Israelek Gazan egindako bi erasotan. Gaza hiriko iparraldean dagoen parke bati eta ospitaleei eraso egin diete Israelgo hegazkinek, osasun zentroetako iturriek jakitera eman dutenez.

Ashraf al Qedra Gazako Osasun Ministerioaren bozeramaileak zehaztu duenez, Shati errefuxiatu-eremuaren mendebaldean dagoen parke bat jomuga izan dute bonbardaketek. Bigarren erasoan Gazako Shifa ospitaleko klinikak bonbardatu dituzte.

Gaza sarraskia efe

Gizon bat hildako semea Shifako ospitalera eramaten, Gazan. Argazkia: EFE

Aurreneko erasoan, tripulaziorik gabeko hegazkin batek jaurtigaia bota du haurrak jolasten ari zirenean, lekukoek salatu dutenez.

Gutxi lehenago, hiru pertsona hil dira ospitaleen aurka egindako erasoan. Hainbat lagun zauritu dira.

Igandean adostu zuten 24 orduko su-eten humanitarioa bertan behera geratu da arratsaldean.

Mila palestinar baino gehiago hil dira dagoeneko, eta zaurituak 6.000 baino gehiago dira.

"Hau baino gerra bidezkoagorik ez dago"

Operazio militarraren legitimotasuna defendatu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. "Hau baino gerra bidezkoagorik ez dago" adierazi du Netanyahuk. Israel "suntsitu" nahi duen "talde terrorista" baten aurka borrokan ari direla gogorarazi du.

Moshe Yaalon Defentsa ministroarekin batera agerraldia egin du Netanyahuk. Erasoaldiak luze joko duela ohartarazi du Israelgo agintariak. "Kanpaina luze baterako prest egon behar gara", azaldu du lehen ministroak. "Misioa bete arte indartsu eta diskrezioz" aurrera jarraituko dutela erantsi du.

"Ez dugu misioa bukatuko, tunel guztiak deuseztatu gabe ez dugu operazioa amaituko, gure herritarrak suntsitzeko helburu bakarra dutelako, gure semeak hiltzea, alegia", gaineratu du Netanyahuk.

Su-etena

Su-etena berriro eskatu du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak eta Israel Zerrendan egiten ari den erasoaldiak eragindako hondamena salatu du. Gazako Zerrendan egoera "kritikoa" dela esan du Banek.

"Gazako jendeak ez du ihesbiderik. Harrapatuta eta setiatuta daude", esan du Banek Nazio Batuen egoitzan. Ekialde Hurbilean bira luzea egin du NBEko idazkari nagusiak israeldarren eta palestinarren arteko akordioa lortu nahian.

Koreako diplomatikoaren arabera, asteburuko su-eten humanitarioak arnasa hartzeko aukera eman die palestinarrei, baina "erasoaldiak jendearen bizitza nola suntsitu duen agerian utzi zuen".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena