07:26

Mundua

Gazaren aurkako erasoaldia

Israelek NBEko eskola bati eraso egin eta 17 pertsona hil ditu

Erredakzioa

Gainera, Beit Janun herriko eskolan egindako bonbardaketak 200 zauritu baino gehiago utzi ditu. Bestalde, 56 erreserbistek errefusatu egin dute Gazako operazio militar "basatian" parte hartzea.

1:43
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gutxienez 17 palestinar hil eta 200dik gora zauritu dira Israelek Nazio Batuen Erakundeko (NBE) eskola baten kontra egindako erasoan, Beit Janun herrian, Gaza iparraldean.

Erasoa jasan duen eskola horretan 1.500 palestinar errefuxiatu inguru zeuden, izan ere, bertara joana ziren babes bila.

"Oraingoz 17 dira hildakoak eta zaurituak, berriz, 200 inguru. Dena den, hildakoen kopuruak gora egin dezake datozen orduetan zaurituetako asko larri daude eta", Al Gharbiya ospitaleko medikuetako batek azaldu duenez.

Israeldarrek denbora gutxian NBEko eskola baten kontrako erasoa egiten duten bigarren aldia da; izan ere, asteartean Gaza hegoaldeko eskola bat suntsitu zuten. Orduan, ez zen inor zauritu zuzendariak eskola jendez hustea erabakiko zuelako. Orotara, 1.700 lagun zeuden bertan.

56 erreserbisten 'matxinada'

Israelgo Armadako 56 erreserbistak errefusatu egin dute Gazako operazio militar "basatian" parte hartzea, eta militar israeldarrek palestinarrak jazartzea deitoratu dute. The Washington Post egunkari estatubatuarrera igorritako gutun batean egin dituzte salaketok.

"Soldaduak izan ginen, eta orain errefusatu egiten dugu erreserbaren parte izatea. Israelgo Armadaren eta errekrutatze legearen aurka gaude, batik bat [Gazaren aurkako] egungo operazio militarraren aurka matxinatu garelako", adierazi du Yael Even Or adierazpenaren sinatzaileetako batek.

"Sinatzaile gehienak emakumeak gara; gure ustez, Armadaren oker bakarra ez da Gazaren aurkako operazio militarra; Israel militarizatzearen eta Armadaren politika baztertzaileen aurka ere bagaude", gaineratu dute.

Sinatzaileek salatu dutenez, Israel "ez da gatazka politiko bati konponbidea emateko gai; borroka fisikoa baino ez dute lehenesten, eta, horregatik, indarkeria zikloak eratzen dira noiznahi. Kanoi tiroak hasten direnean, ezin da kritikarik egin".

750 palestinar hil dituzte dagoeneko

Bestalde, dagoeneko 750 dira Israelgo Armadak Gazan hildako palestinarrak, gehienak, zibilak. Zauritutakoak 4.550 baino gehiago dira.

Israelgo Armadan, hildako soldaduak 32 dira, denak duela astebete lurreko inbasioa hasi zutenetik.

AEBk berriz abiatu dituzte Israelerako hegaldiak

Bestalde, AEBko Abiazio Administrazio Federalak (FAA) berriz abiatu ditu Tel Aviveko Ben Gurion aireporturako hegaldiak.

Asteartean, AEBko eta Europako airelinea nagusiek bertan behera utzi zituzten Israelerako hegaldiak, Tel Aviveko aireportutik gertu suziriak erori zirelako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena