07:24

Mundua

Gazaren inbasioa

500 palestinar baino gehiago hil dira Gazako erasoaldietan, 2 astetan

Erredakzioa

Hildako israledarrak, berriz, 25 dira. "Nazioarteko lege humanitarioak errespetatzeko" deia ere egin du NBEren erakundeak.

2:05
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du 500 palestinar baino gehiago hil direla orain dela bi aste Israelek Gazaren kontrako bonbardaketak hasi zituenetik; tartean, 120 haur. Hain zuzen ere, 540 dira hildako palestinarrak, gehienak zibilak, osasun arloko iturrien arabera. Bestalde, gutxienez 25 israeldar hil dira lurreko operazioa hasi zenetik.

Gaur, astelehena, 14. eguna da erasoak izaten direla, nazioarteko diplomazia su-etena erdiesten saiatzen den bitartean eta, kasurik onenean, zenbait egun beharko dituzte ezartzeko. Gainera, Gazak salatu du biktimen bi heren zibilak direla.

Zerrendako Osasun Ministerioko bozeramale baten arabera, 3.330 dira zaurituak, baina Israelen arabera ia 50 israeldar zauritu dira aurreko ostegunean lurrez ere eraso egiten hasi zutenetik, nahiz eta 'Ertz Babesea' operazioa airetik eta itsasotik soilik egiteko asmoa zuten.

Gainera, nazioarteko komunitateari "larrialdiko laguntza" eskatu dio; izan ere, "3.300 pertsonatik gora daude egoera larrian, eta material medikua eta botikak falta dira".

Gazako biktimen artean, familia bereko bederatzi kide daude, horietako zazpi haurrak; azken horiek gaur hil dira Israelgo abiazioak egindako bonbardaketa berri batean, Rafah herriko etxebizitza baten kontra, Egiptoko mugan, aipatu iturrien arabera.

Gaza hirian, zortzi pertsona hil dira, tartean lau haur, Israelgo Ejertzitoak etxebizitza baten gainean egindako aireko bonbardaketa baten ondorioz, Ashraf al Qedra Gazako Osasun Ministerioko bozeramaileak jakinarazi duenez.

Halaber, hamar miliziano palestinar hil dira aste honetan Israelgo hegoaldean soldadu eta polizi israeldarrekin izandako liskar batean, tunel baten bidez Zerrendatik mugako kibutz batean sartu eta gero, militarrek esan dutenaren arabera.

Bestalde, Hamasen beso armatua den Ezzedin al Qassam Brigadak jakinarazi du milizianoek hamar militar israeldar hil dituztela Gazako zerrendako erasoetan, Maan albiste agentzia palestinarraren arabera.

Israelgo Ejertzitoak zazpi militarren heriotza baieztatu du; guztira, 25 israeldar hil dira lurreko operazioa hasi zenetik.

Bestalde, Ejertzitoak gaur arratsaldean zabaldu duen adierazpen batean azaldu duenez, lurrazpiko 16 tuneletara 44 sarbide topatu dituzte gaur; batzuk etxebizitza eta meskitetara zihoazen.

Gainera, "170 terrorista" eta zerrendako 2.800 helburu terrorista atzeman dituztela adierazi du, Aireko, Itsasoko eta Lurreko Indarrei esker.

NBEren eskaera

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak Gazan "borrokak berehala etetea" eskatu, eta "kezka" agertu du, indarkeriak gora egin duela ikusita.

NBEko Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egin du, ateak itxita, Gazako egoera aztertzeko, eta adierazpen bat adostu du. Eugene Gasana txandakako presidenteak kazetarien aurrean irakurri du.

"Segurtasun Kontseiluko kideek kezka agertu nahi dute, Gazan indarkeriak gora egin duelako", nabarmendu dute adierazpenean.

Halaber, NBEko organoak "nazioarteko lege humanitarioak errespetatzeko" deia egin du, eta, horien artean, "zibilak babestea" aipatu du. Era berean, tregoa humanitarioak adostea eskatu die aldeei.

Biktima kopuruaren aurrean ere "kezka" adierazi dute, eta 2012. urteko azaroko su-etenean sinatutako itunak errespetatzea eskatu dute.

Bestalde, Segurtasun Kontseiluak eskertu egin du Egiptok su-etena lortzeko egindako ahaleginak.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia Ekialde Hurbilera joan da, bertako buruzagiekin su-etena sustatzeko.

9 palestinar hil dituzte, tartean zazpi haur

Testuinguru horretan, Israelek gutxienez beste 9 palestinar hil ditu, tartean zazpi haur, denak familia berekoak, Rafahen, Egiptoko mugan. Gainera, atzokoa izan zen operazioaren egunik odoltsuena, gutxienez 140 palestinar hil baitzituzten.

10 miliziano hil dituzte

Bestalde, tunel baten bidez Israelen sartzen saiatu diren Hamaseko 10 miliziano hil ditu gaur Israelgo Armadak.

"Bi komando terrorista Israelen sartu dira gaur goizean tunel baten bidez", azaldu du Armadako bozeramaile batek.

Talde horretako kide gehienak misil batekin hil dituzte. Gerora beste talde sartu da, eta horiek lurretik tirokatuta hil dituzte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena