08:35

Mundua

Gazako Zerrendako ekialdean

Mahmud Abbasek hiru dolu egun izendatu ditu Palestinan

Erredakzioa

Gazaren kontrako operazioa hasi zenetik egunik odoltsuena izan da, eta gutxienez 89 palestinar hil ditu Israelek.

1:07
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak hiru dolu egun izendatu ditu Gazan hil dituzten palestinarren omenez. Izan ere, Israelek Gazaren kontrako operazioa hasi zuenetik dagoeneko 430 palestinar hil eta 3.000tik gora zauritu dituzte israeldarrek.

Wafa Palestinako albiste agentzia ofizialak jakinarazi duenez, Gobernuak hiru dolu egun izendatu ditu "Israelgo Gobernuak igande goizaldean egindako sarraskian Shahaiyan eta Gazan hil dituzten martiriengatik".

Banderak masta erdian jarriko dituzte eta doluarekin bat egiten duten dendariek dendak itxiko dituzte. Gazaren kontrako operazioa hasi zenetik egunik odoltsuena izan da gaurkoa, eta gutxienez 89 palestinar hil ditu Israelek.

Ia ehun palestinar hil ditu Israelek erasoaldirik odoltsuenean

Gutxienez 89 palestinar hil eta ehunka zauritu ditu Israelek gaur, igandea, Gazaren kontrako operazioa hasi zuenetik erasoaldirik odoltsuenean. Horrela, 430 palestinar inguru hil dituzte juduek bi aste baino gutxiagoan, eta 3.000tik gora dira zaurituak.

Igande arratsaldean gutxienez 7 lagun hil dira Israelgo Armadak Gaza erdiguneko etxebizitza baten kontra egindako eraso batean. Beraz, lehen aipaturiko 89 horiei beste zazpi hildako gehitu behar zaizkie.

Halere, Bejamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan duenez, "Israel edozein neurri hartzeko prest dago Gazan lasaitasuna eta segurtasuna berrezartzeko", CNN telebista kateak zabaldu duenez.

Gainera, Netanhayuren esanetan, "Israelen erantzuna neurrizkoa izaten ari da", eta Hamas mugimenduari "haien borrokaren alde gorpuak pilatzea, zenbat eta gehiago, hobe" egotzi dio.

Era berean, lehen ministro israeldarrak ziurtatu duenaren arabera, "biktima zibil guztiak ez ditu Israelek nahita eragin", eta "ekintza militar bat abiatzerakoan urrunegi heldu nahi ez badugu, Gazan gertatzen ari dena gehiegizkoa da".

Zaurituak ebakuatzeko su-etena

Sayaie auzoko biktimak ebakuatzeko adostutako bi orduko su-etena haustea egotzi dio Israelgo Armadak Hamasi. Gurutze Gorriak egin ditu bitartekari lanak su-etena lortzeko.

"Beste behin su-etena hautsi du Hamasek. Oraingoan, Gurutze Gorriaren bitartekaritzari esker adostu da su-etena. Israelgo Defentsa indarrak erantzuten ari dira", adierazi du Peter Lerner bozeramaile militarrak ohar batean.Gaza, Palestina. EFE

Su-etena hasi eta gutxira, palestinarrek hainbat suziri jaurti dituztela salatu du Israelek, eta erasoari indarrez erantzun diotela baieztatu du Israelek.

Israelek bi orduko su-etena baimendu du Gazako Zerrendan, Shayahia auzoaren kontra bonbardaketetan zauritutakoak ebakuatu ditzaten.

Su-etena k hango 13:30etik (Euskal Herrian 12:30) 15:30 bitartean iraungo du, denbora tarte horretan Palestinako hiritarrek eremua ebakuatu ahal izango dute, Israelen arabera, eta auzoko mendebaldera abiatu, Salah a-Din errepidea (Zerrenda goitik behera zeharkatzen du) gurutzatuz.

Oharrean agertzen duenez, "ez da onartuko 'leiho' hori urratzeko inolako saiakerarik".

Operazioa hasi zenetik lehenengo kazetaria hil dute

Bestalde, kazetari palestinar bat hil da, anbulantzia bateko gidariarekin batera, Israelek Shujaiya zigortutako auzoaren kontra jaurtitako bonba baten ondorioz.

Israelek gutxienez 50 palestinar hil eta beste 400 zauritu ditu Shujaiva Gazako auzoan gau osoan egindako etengabeko bonbardaketetan. Zerrendako Osasun Ministerioak "zibilen kontrako sarraskitzat" jo du azken orduotan gertatutakoa. Horrela, 370tik gora dira hildako palestinarrak eta 3.000tik gora zaurituak Israelek Gazaren kontrako erasoaldia abiatu zuenetik.

Al Aqsa Hamaseko telebistan emititutako irudietan, zenbait zibil, horien artean emakumeak eta umeak, lurrean botata ikusi ahal izan dira, eraikinen artean, baita ihesean zegoen beste asko ere.

Milaka palestinar Shujaiya Gazako auzotik (Zerrendako ekialdean) ihes egiten saiatzen ari dira, atzo gauetik Israel etengabean bonbak jaurtitzen -lurrez eta airez- izan delako.

Larrialdi zerbitzuak ezin izan dira biktimak dauden eremura sartu, bonbardaketak etengabekoak direlako, hamar segundoan behin, hain zuzen.

Israelgo Armadak lurrez egindako erasoak areagotu ditu bart, Gazan gehiago barneratuz, 72 ordu inguruan bost soldadu judu hil ondoren.

Lurreko operazioa

Israelgo Armadak iragarri duenez, lurreko operazioa areagotu egin du dagoeneko, ostegun gauean tropek Zerrenda hartu eta gero.

"Indar gehiagok bat egin dute Gazako Zerrendan terrorismoaren kontra egiteko eta israeldarrak ziurtasunez bizitzeko", esan dute ohar labur batean.

Bi soldadu juduk, lurreko operazioan, palestinar baten kontra egiten. Irudia: EFE

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena