19:09

Mundua

Ukrainako gatazka

Egun beltza Ukraina ekialdean, ia ehun hildakorekin

Erredakzioa

Milizianoak nahiz zibilak hil dira ekialdeko gatazketan azken 24 orduetan. Poroxenkok errusiazaleak "aurkitu eta suntsitu" egingo dituela adierazi du. EBk, bien bitartean, 11 pertsona zigortu ditu.

1:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ia ehun pertsona hil dira gaur Ukraina ekialdean, gobernuko indarren eta errusiazaleen arteko borroketan. Hildakoen artean, milizianoak nahiz zibilak aurki daitezke.

Gutxienez 50 errusiazale hil dira Izvarino herritik gertu izandako aireko eraso batean, Ukrainako agintari militarren arabera.

Lugansken, Zelenopolie herrian, 23 soldadu ukrainar zendu eta 93 zauritu dira azken 24 orduetan errusiazaleen erasoetan.

Matxinatuek goizaleko 04:00etako (01:00 GMT) erasoa euren gain hartu dute. Horretarako, mutur anitzeko misil jaurtigailuen sua erabili dute, gutxienez 19 hildako eraginez, Andrei Lisenko Nazioko Segurtasun eta Ukrainako Defentsa Kontseiluko idazkariak adierazi duenez. Barne ministerioak eskainitako zifrak murriztu ditu Lisenkok.

"Terrorismoaren aurkako operazioa" laster amaituko dela eta bakea etorriko dela hitz eman dute agintari ukrainarrek, baina egunero milizianoak nahiz hiritar bakezaleak hiltzen dira herrialdearen ekialdean.

Gutxienez zortzi zibil hil dira azken 24 orduetan Donetsk eta Lugansk eskualdeetan, eta Errusiako mugatik gertu dagoen Chervonopartizansk hirian, mortero jaurtigailu batek lau meatzari hil eta hamasei zauritu ditu.

Lugansken, zenbait obusen arteko talkak leherketa eragin eta gizon bat hil du meatze batean; beste bi pertsona, aldiz, mina bat zapalduta hil dira.

Ukrainako Osasun Ministerioak jakinarazi du herrialdearen ekialdeko gatazkan, hiru hilabetetan 478 zibil hil direla.

Errusiazaleak suntsituko dituela esan du Poroxenkok

Petro Poroxenko presidente ukrainarrak hitz eman duenez, 23 militarren heriotza eragin duten errusiazaleak "aurkitu eta suntsitu" egingo ditu Kievek.

"Soldadu bakoitzaren bizitzagatik, matxinatuek euren dozenaka edo ehunka bizitzarekin ordainduko dute. Terrorista bakar batek ere ez du erantzukizuna ekidingo, guztiek tokatzen zaiena jasoko dute", adierazi du segurtasun arduradunekin larrialdiko bilera egin ostean.

"Zigortuak izango dira, suntsituak edo harrapatuak, eta Ukrainako legeen arabera erantzungo dute", hitz eman du.

Beste 11 pertsona zigortuko ditu EBk

Europar Batasunak beste hamaika pertsonaren aurkako zigorrak onartu ditu gaur, Ukraina ekialdean herrialdearen osotasuna eta burujabetasuna mehatxatzea leporatuta.

"Ukraina ekialdeko egoeraren larritasuna kontuan izanik, EBko Kontseiluak Ukrainaren lurralde osotasuna, burujabetza eta independentzia kolokan jartzeagatik zigorrak dituzten pertsonen zerrenda luzatzea erabaki du", adierazi du instituzioak ohar batean.

Pertsona horiei Europar Batasunean sartzea debekatu die, eta bertan izan ditzaketen ondasunak izoztu egin zaizkie.

Horrela, 72 dira Ukrainako krisiarekin lotuta zigortutako pertsonak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena