08:27

Mundua

Erregaia

Errusiak gas hornidura eten dio Ukrainari

Erredakzioa

Moskuk gaur arteko epea eman zion Kievi gas horniduragatik zor dion diruaren zati bat ordaintzeko, baina Ukrainak ez du ordaindu.

1:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gazprom Errusiako gas partzuergoak hornidura eten dio Ukrainari, eta abian jarri du gasagatik aurretiaz ordaintzeko sistema.

Moskun 10:00ak (Euskal Herrian 08:00ak) zirenean amaitu da Errusiak Kievi gasaren horniduragatik zor dion diruaren zati bat ordaintzeko epea, baina Ukrainak ez ditu 1.950 milioi dolarrak ordaindu, eta gas hornidurarik gabe geratu da.

"Naftoghaz Ukrainyk (Ukrainako gas enpresa estatala) ordaintzen ez duelako hartu dugu erabakia", adierazi du Gazpromek.

Partzuergo errusiarraren arabera, Ukrainak 4.458 milioi dolar zor dizkio Gazpromi; horietako 1.451 milioi, 2013ko azaroko eta abenduko horniduragatik dira, eta 3.007 milioi, apirileko eta maiatzeko gasagatik.

"Gaurtik aurrera, Ukrainako konpainiak ordaindutako gasa soilik jasoko du", gaineratu du Gazpromek, ekainean Naftoghaz Ukrainyk ordainketarik ez diola egin jakinarazi aurretik.

Moskuk 1.950 milioi dolarreko zorra ordaintzea eskatu zion Ukrainari gaurko 08:00ak baino lehenago, eta beste 1.850 milioi dolar ekainaren 26rako. Gainera, mila metro kubiko gasaren prezioa 100 dolar merkatzea eta 385 dolarrean uztea eskaini zion Errusiak Kieveko Gobernuari.

Ukrainak, ordea, uko egin zion eskaintzari, garestiegia delakoan, eta 268,5 dolarreko prezioan ordaintzea eskatzen du. Hala ere, 326 dolarreko prezioan ordaintzeko prest agertu da, Stockholmeko arbitraje-lana egin eta erabakia hartzen duen arte.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Viktor Janukovitx Ukrainako presidente kargugabetuak adostu zuten 268,5 dolarreko prezioa, azken horrek Europar Batasunarekin bat egiteari uko egin ostean. Baina bi hilabete eskas iraun zuen akordioak, Janukovitx otsailean kargutik kendu eta gero, merkatzeak bertan behera geratu eta prezioa 485 dolarrera igo baitzen.

Europar Batasunak inportatzen duen gasaren % 39 Errusiak ematen dio, eta hodiak Ukrainatik igarotzen direnez, EBko bezeroentzako gasa ez iristeko arriskua dago, 2009an gertatu zen moduan.

Kievek gas horniduraren etendura baieztatu du

Bestalde, Ukrainak Errusiaren gas-horniduaren etendura baieztatu du, eta Europako kontsumitzaileentzat hidrokarburoa pasatzen dela bermatuko dela ziurtatu du.

"Ukrainan hornidurak zeroan gelditu direnari buruzko informazioa dugu", esan du Yuri Prodran Ukrainako Energia ministroak, Gobernuko saio batean.

Azaldu duenez, Ukrainak Europar Batasunera zuzendutako bolumenak soilik jasoko ditu, eta Kievek "Europako herrialdeei pasabide segurua" bermatuko diela nabarmendu du.

"Europar Batasunarentzako pasabidearen bolumena soilik geratuko da, hau da, 185 metro kubiko (egunekoak)", adierazi du Prodanek. Halere, etendurak Ukrainako kontsumitzaileentzako gas hornidurak etetea ez duela eragingo azaldu du.

Halaber, Ukrainako disposizioan hidrokarburo erreserbek abendura arte mantentzea ahalbidetuko diela azpimarratu du.

EBk gasa arma politiko moduan erabiltzea leporatu dio Errusiari

Günther Oettinger Europako Energia komisarioak Errusiari sektore energetikoa Ukrainaren aurkako arma politiko moduan erabiltzea leporatu dio, eta hori "onartezintzat" jo du.

"Errusiak energia arma bezala erabiltzen duela konturatzeko gai izan behar dugu, ez Europar Batasunaren aurka, baina bai Ukrainaren kontra, eta hori onartezina da", azaldu du Oettingerrek.

EBk hala interpretatu du Errusiak bere mehatxua bete izana Ukrainari gas-hornidura etenda.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena