11:25

Mundua

Normandiako Lehorreratzea

Bakearen aldeko hitzaldi batekin oroitu du Hollandek 'E Eguna'

Erredakzioa

Mundu osoko 19 estatuburu eta gobernuburu Normandiako Lehorreratzearen 70. urteurrena oroitu dute.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bigarren Mundu Gerrako borrokarik ezagunenetakoa den Normandiako Lehorreratzea gertatu zela 70 urte bete dira ostiral honetan. Munduko hemeretzi estatuburu eta gobernuburu bildu dira Normandian, E eguneko borroka hartan parte hartu zutenak omentzeko ekitaldietan. Besteak beste, han egon dira Vladimir Putin presidente errusiarra, Petro Poroxenko agintari ukrainiarra, Angela Merkel kantziler alemaniarra, Barack Obama presidente estatubatuarra eta Ingalaterrako Isabel II.a erregina.

François Hollande presidente frantziarrak inauguratu du ekitaldia Normandiako Caen herrian, gudan izandakoen omenez ospatu den nazioarteko zeremonian. 1944ko uztailaren amaierarako, 20.000 frantziar hil ziren guda hartan; guztira, 600.000 hildako, zauritu eta desagertu izan ziren.

Hollandek diskurtso bakezalea egin du, eta aliatuak, Erresistentzia eta Bigarren Mundu Gerran hil zirenak omendu ditu. "Frantziak ahal den guztia egiten du leku guztietan bakea mantentzeko, bai Afrikan bai Europako ateetan, garai batean sarraskia ezagutu baitzuen", adierazi du Hollandek, Maliko eta Afrika Erdiko Errepublikako tropa frantsesei eta Ukrainako gatazkari erreferentzia eginez.

Frantziako presidenteak azpimarratu duenez, bere herriak bakearekin duen konpromisoa "sufritzen ari direnei laguntzeko beharrari" erantzuteko sortu da, Frantzia nazien menpetik askatu zutenak omendu eta Frantziaren baloreei eusteko.

''Askatasunarekin konpromisoa''

Bestalde, Barack Obama AEBko presidenteak adierazi duenez, bere herriak "askatasunarekin" duen konpromisoa "odolarekin idatzita" dago Normandiako hondartzetan.

Omenaldia abiatzeko ekitaldiaren ostean, Colleville-sur-Mer herriko hilerrian jarraitu dute. Bertan, Omaha (bertan izan ziren borroka gogorrak direla eta, "Omaha odoltsua" esaten diote) hondartzan daude gudan hildako 9.386 soldaduren gorpuak.

Nazioarteko zeremonia nagusia Ouistrehamen izango da, eta Benouville gazteluan bazkaldu ostean gerturatuko dira ordezkaritzetako buruak, gudako beteranoak eta aktibo dauden militarrak.

Ohorezko afaria

Eguneko ekitaldiak Isabel II.a erreginaren aldeko ohorezko afari batekin bukatu dituzte. Erreginak hitzaldia laburra egin du (frantsesez eta ingelesez), eta brindisa egin dute elkarrekin. Britainia Handiak eta Frantziak ''laguntasun eta lehia'' ibilbide luzea dutela azpimarratu du erreginak.

200 bat gonbidatu izan dira bertan, besteak beste kirolariak, artistak eta politikariak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena