10:31

Mundua

Krisia Ukrainan

Behatzaile talde batekin kontaktua galdu duela esan du OSCEk

Erredakzioa

Bere aldetik, Errusiaren aldeko taldeek Slaviansk hiria utzi nahi dutenei lagunduko dietela adierazi dute.

1:13
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

OSCE Europako Segurtasunerako eta Lankidetzarako Elkarteak jakinarazi duenez, Ukrainan zegoen talde berezi batekin kontaktua galdu du, Donetsk hiriaren alboan, herrialdearen ekialdean.

"Errutinazko patruilarekin zegoen taldea, Donetsk ekialdean, kontaktua galdu genuenean. Ezin izan dugu kontaktua berreskuratu orain arte", azaldu du OSCEk agiri batean.

Atzoko 18:00etan (15:00 GMT) galdu zuten kontaktua, OSCEk jakinarazi duenez. Lau adituk osatzen dute taldea.

Bere aldetik, Viacheslav Ponomariov Donetsk herri-Errepublikako liderrak azaldu duenez, Errusiaren aldeko taldeek Slaviansk (Ukraina ekialdean) hiria utzi nahi dutenei lagunduko diete. Horrela jakinarazi du Itar-Tass Errusiako albiste-agentziak.

"Umeak hiria uzteko prestatzeko eskatzen dugu eta baita hiria utzi nahi duten helduak ere. Gaur erabakiko dugu nora joan daitezkeen", azaldu du Ponomariovek.

100 hildako

Matxinoen eta Ukrainako militarren artean istiluak izan ziren astelehenean Donetsk hirian, eta 100 hildako izan ziren, Errusiaren aldeko erreboltarien eta zibilen artean, Aleksander Borodai errepublikako lehen ministroaren arabera.

Gaur ere izan da istilurik, eta aireportuan izan dira indartsuenak. Atzo, berriz, Ukrainako hegazkinek eraso egin zuten, eta tren-geltokian eta hiriko beste puntu batzuetan aritu ziren.

"Aireportua gure kontrolpean da. Etsaiak hainbat baja izan ditu, guk bat ere ez", azaldu du Arsen Avakov Barne ministroak agiri batean.

Negoziazioak Errusiarekin

Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak baztertu egin du Errusiarekin negoziazioak izango direla Ameriketako Estatu Batuek eta Europar Batasunak ez badute parte hartzen.

"Gobernuaren jarrera hori da. Gaur egungo baldintzetan, ezinezkoa da Errusiarekin negoziatzea AEBen eta Europar Batasunaren presentzia gabe", azaldu du Jatseniukek Ministro Kontseiluan.

Moskun, ordea, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak azaldu du "goiz" dela Putinen eta Poroxenkoren arteko bilera bati buruz hitz egiteko. "Goiz da horri buruz hitz egiteko", azaldu du Peskovek Kommersant egunkarian eskainitako elkarrizketa batean.

Arseni Jatseniuk Ukrainako presidenteak adierazi duenez, Errusiako buruzagiekin bilera eginez gero, ezin da "bostekoa eman" eta beste ezer ez egiteko izan, eta ondo prestatu behar dela gaineratu du. Poroxenkoren ustez, Errusiaren parte-hartzerik gabe "ezinezkoa litzateke gerra gelditu eta herriaren ekialdera bakea eramatea".

Ukrainako Gobernua Errusiaren aldeko milizien aurka borrokan ari da Donetsk eta Luhansk eskualdeetan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena