Itxi

Mundua

Krisia Ukrainan

EBk isun gehiago jarriko ditu Ukrainako krisiagatik

Erredakzioa

Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroak esan du erreferendumak "legez kanpokoak eta baliogabeak" direla.

  • Errusiazaleen protesta Donetsken.

    Errusiazaleen protesta Donetsken. Argazkia: Efe

Europar Batasunak akordioa lortu du Ukrainaren subiranotasunarentzat mehatxua direlakoan isunak jasoko dituztenen zerrenda luzatzeko, eta beste hamahiru pertsona eta Errusiako eta Ukrainako bi enpresa sartuko dituzte, EBko iturriek jakitera eman dutenez.

Aurreakordioak EBko Atzerri ministroen oniritzia jaso du Bruselan egin duten ministroen kontseiluan.

Enbaxadetako ordezkariak izan dira aurreakordioa idatzi dutenak. Hala, dagoeneko 63 dira Ukrainako subiranotasunari mehatxu egiteagatik ondasunak izoztuta edukiko dituztenak eta Europar Batasunean sartzen utziko ez dietenak.

Horretarako, isunen oinarri juridikoa aldatu behar izan dute, orain arte zerrendan agertzen ziren pertsona horiekin lotutako enpresek soilik jaso zezaketen isuna, baina hemendik aurrera Krimean desjabetutako enpresei ere jarri ahal izango dizkiete.

Isun diplomatikoak

Bilerara iritsi direnean, ministroek azpimarratu dute Europar Batasunak isun diplomatikoak onartuko dituela egoerak okerrera egiten badu.

William Hague Britainia Handiko Atzerri ministroak berretsi du EBk "hirugarren isun sorta prestatzen" jarraitu behar duela, baina Putinek maiatzaren 25ean Ukrainan egingo diren hauteskunde presidentzialekiko izango duen jarrerak baldintzatuko duela hori.

Segurtasun Erakundearen ibilbide orria

Didier Burkhalter Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen presidenteak ere parte hartu du ministroen Kontseiluan, eta Ukrainako krisia amaitzeko eta bakearen oinarriak ezartzeko erakundeak egin duen ibilbide orria azaldu die EBko Atzerri ministroei.

Ibilbide orri horretan lau zutabe nagusi daude: indarkeria eza, desarmatzea, nazio mailako elkarrizketa eta maiatzaren 25erako deitu dituzten hauteskunde presidentzialak.

Espainiarentzat "legez kanpokoak" dira erreferendumak

Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroak esan du erreferendumak "legez kanpokoak eta baliogabeak" direla.

Europar Batasuneko ministroen Kontseiluan parte hartzeko Bruselara iritsi denean adierazi du "gaitzetsi" egiten dituela galdeketak, Ukrainako Konstituzioan oinarrituta "legez kanpokoak eta baliogabeak" direlako.

Adierazpen horiekin Kataluniari "oharra" bidaltzen ari ote den galdetuta, Garcia-Margallok erantzun du "agerian" geratu dela "nazioarteko legediaren barruan ez duela tokirik barne Konstituzioaren kontra doan erreferendumak".

EBk ez ditu emaitzak onartuko

Ukraina ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeetan egin den erreferenduma "legez kanpokoa" dela esan du Europar Batasunak, eta emaitzak ez dituela onartuko aurreratu du.

"Alde guztiek babesa behar dute maiatzaren 25eko presidentetzarako hauteskundeak askatasunarekin egin eta bidezkoak izan daitezen, krisiari aurre egiteko eta ukrainarrek euren etorkizuna erabakitzeko", azaldu du Catherine Ashton EBko Kanpo Harremanetarako bozeramaileak.

"Elkarrizketa Nazionalaren baitan, eskualde guztiei babesteko lanean jarraitzea" eskatu dio Ukrainako Gobernuari.

Erreferendumak

Donetsk eta Luhansk eskualdeetako galdeketetako parte-hartzea % 70etik gorakoa izan da. Donetsken independentziaren aldeko botoa eman dute boto-emaileen % 90ek. Luhanskeko emaitzak ez dituzte oraindik jakitera eman.