13:25

Mundua

Krisia Ukrainian

Putin: 'Krimea errusiarra izan da eta izaten jarraituko du'

Iker Gonzalez | eitb.com

Ukrainako militar bat hil da Krimean, ustez Errusiako soldaduek Ukrainako unitate militarraren aurka jaurtitako tiroen ondorioz. Kievek Krimean dauden militarrei armak erabiltzeko baimena eman die.

1:20
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Vladimir Putin Errusiako Federazioaren presidenteak esan duenez, "Krimea errusiarra izan da eta hala izaten jarraituko du". Halaber, Putinen esanetan, "Krimea independentea eta burujabea izatea nahi dugu, amankomuneko proiektuak ditugu".

Errusiako presidenteak agerraldia egin du Parlamentuan Ukrainian gertatutako guztiaren balorazioa egiteko eta Krimeak eta Sebastopolek Errusiaren parte izateko eskaera onartzea eskatzeko.

Putinen hitzetan, "Hegoaldeko mehatxuak oldakorrak direla uste dugu eta modu berean erantzungo diegu. Mundu zibilizatua nahi dugu".

"Krimeako herritarrek euren nahia adierazi zuten, argi eta garbi: Errusiarekin egon nahi dute", baieztatu du presidenteak.

"Errusiak ere erabaki zail bat hartu behar du, barneko eta kanpoko zenbait faktore kontuan izanda. Errusiarren gehiengoen iritzia eta Krimeakoena iritzi bera da. Errusiarren % 95 inguruk uste du Errusiak bere herritarren eta Krimean bizi diren errusiarren interesak defendatu behar dituela. Gainera, % 83k ere beste estatuekin harremanak okertu gorabehera egin behar duela uste du".

Putinek, hitzaldiaren amaieran, "Sebastopolek eta Krimeak subjektu autonomo gisa Errusiarekin bat egiteko eskaerari oniritzia" ematea eskatu du.

Azkenik, presidente errusiarrak bi subjektuek Errusiako Federazioarekin bat egiteko agiria sinatu du, Sergei Aksionov penintsulako lehen ministroarekin, Volodimir Konstantinov Parlamentu krimearreko presidentearekin eta Alexei Chaly Sebastopoleko alkatearekin batera.

Obamak G7ko liderrak deitu ditu Ukrainako krisia aztertzeko

Barack Obama AEBetako presidenteak G7ko, herrialde industrializatuenetako, liderrak deitu ditu datorren astean Hagan biltzera, Ukrainako krisia aztertzeko eta eman beharreko hurrengo pausoak erabakitzeko.

Obamak bira bat hasiko du datorren igandean Europatik, eta Alemania, Kanada, AEBak, Frantzia, Italia, Japon eta Erresuma Batua deitu ditu, Hagan aurreikusita dagoen Segurtasun Nuklearreko goi bilerara, Etxe Zuriak ohar batean jakitera eman duenez.

Bilera "Ukrainako egoeran eta G7k hartu beharreko neurri berrietan oinarrituta egongo da, Ukrainari babesteko", azaldu dute oharrean.

Kritikak, Krimearen "anexio saiakeraren" aurrean

Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak astearte honetan azaldu duenez, nazioarteko komunitateak ez du aintzat hartuko inoiz Krimearen Errusiara "anexionatzeko saiakera". Halaber, nazioarteko "bakeari mehatxua" eta "legez kanpokoa" dela esan du.

Europar Batasunak ez du aitortuko Crimea Errusiara anexionatu nahi izatea, eta "erantzun bateratu" bat hartuko du Moskuren aurrean, Europako buruek egingo duten goi-bileran, datorren ostegunean, martxoaren 20a, Herman Van Rompuy Europako Kontseilu presidenteak eta Jose Manuel Durao Barroso Batzordekoak iragarri dutenez.

Bestalde, Anne Brasseure Europako Kontseiluko Batzorde Parlamentarioko presidenteak gaitzetsi egin du Krimea Errusiara anexionatzea.

Ukrainako militar bat hil da Krimean

Ukrainako militar bat hil eta beste bat zauritu da Krimean, astearte honetan, ustez Errusiako soldaduek Ukrainako unitate militarraren aurka jaurtitako tiroengatik, bertako iturriek jakitera eman dutenez.

Vladislav Selezniov Krimean Ukrainako Barne Ministerioko bozeramaileak esan duenez, erasoa fotogrametriako unitate militarrean izan da.

"Pertsona bat hil egin da, erasoaren ondorioz. Ofialorde bat da. Unitartean zerbitzua ematen ari zen", adierazi du bozeramaileak.

Halaber, "kapitan bat zauritu" dela esan du, eta "Simferopoleko ospitalera eraman dute anbulantzian", gaineratu du.

"Militar guztiak atxilotu dituzte, eta dokumentuak eta dirua kendu dizkiete", nabarmendu du.

Krimean militarrei armak erabiltzeko baimena eman die Ukrainak

Ukrainako Defentsa Ministerioak Krimean dauden militarrei armak erabiltzeko baimena eman die astearte honetan.

"Ukrainako Indar Armatuko buruen komandantearen erabakiarekin ados egonda, Krimean Ukrainako Indar Armatuek armak erabiltzeko baimena ematen da", irakur daiteke oharrean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena